Denboran sakabanatutako piezak, argi beraren bila
IIzaki Gardenak taldeak ‘Sitsak’ diskoa kaleratu berri du, lau kantu berrik eta azken urteetan diskoetatik kanpo argitaratu dituzten beste bost piezak —kanta solteak eta bertsioak— osatzen dutena. Kantuei, tximeletak bailitzan, kolorea eman nahi izan diete
Sitsak tximeletak dira, baina ez daukate kolore bizirik. Gauez ateratzen dira, eta ilunpea dute bizitoki. Ez dira erraz ikusten, ez eta sentitzen ere. Euren presentzia ez da horren nabarmena, eta argira hurbiltzen direnean ikus daitezke, gehienetan. Hala, tximeleta horiek argirantz egiten duten bidea bezala, argia eta kolorea har-tzeko bederatzi kantuz osatutako lana atera berri du Izaki Gardenak taldeak: Sitsak. Lau kanta berri eta azken urteetan diskoetatik kanpo gelditu diren beste bost kanta bildu dituzte lan berezi horretan.
Jon Basaguren Izaki Gardenak taldeko abeslari eta konpositoreak azaldu duenez, aspaldiko kantu horiek “etxe moduko bat” behar zuten. Disko ofizialetan sartzeko modurik izan ez zuten arren, maitasun berarekin sortutako piezak dira, eta balio bera merezi zutela jakitun, “edizio txukun batean” bildu nahi zituzten. “Sitsen irudia asko gustatzen zitzaidan, sitsak arropa zaharretan ager daitezkeelako: armairuan gordeta gelditzen diren jantzietan edo denborak geldiarazitako oihalen artean. Eta, orain arteko diskoetan lekurik izan ez duten bost kanta horiek ere bazirudien geldituta zeudela, baten bat zuzenekoetan jotzen dugun arren, besteak aspalditik jo gabe geneuzkalako. Hala, sitsek argirantz bidea egiten duten bezala, kantu hauei ere argia jarri nahi izan diegu”, ondorioztatu du konpositoreak.
Gainera, taldea zuzenekoetan gustura eta kantu berriak sortzeko energiaz eta inspirazioz beteta zebilenez, beste lau kantu berri ondu dituzte udan, denei —lehengoei zein berriei— disko izaera emanez: “Bilduma oso txukuna gelditu da”.
Sitsak, beraz, ez da hari tematiko bakar baten inguruan sortutako lana. Hala ere, Basagurenek uste du diskoak “bidaia koherente eta interesgarri” bat proposatzen duela: “Kantu guztiak ez ditugu hari bakar baten menpean sortu, baina esango nuke bidaia oso interesgarria proposatzen duela lan berriak, kantu oso bereziak direlako denak, beraien berezitasunak dituztenak”. Piezak denboran zehar sakabanatuta daude, baina bidaia berezia proposatzen dute: berrienak aurtengoak dira, zaharrenak, berriz, 2017koak. “Horrek guztiak taldearen bilakaera erakusten du, taldekideen begiradak eta une desberdinak ere agerian utziz”, dio Basagurenek.
Kantu zahar zein berriak diskoan elkarrekin argitaratu dituzte, baina, biniloan bi aldetan banatu dituzte: A aldea EP baten modukoa da, lau kantu berriak biltzen dituena; B aldeak, aldiz, aurretik grabatu baina disko batean argitaratu gabeko piezak jasotzen ditu. Hain zuzen ere, pandemian sortutako Oasia eta Gorputz-adar mamua, Gasteizko Gaztetxearen 30. urteurrenean egindako Lurrunduko dira, eta Oinak Lurrean eta Bihotz —Benito Lertxundiren abesti ezagunaren moldaketa— dira B aldean aurki daitezkeenak.
Ausartzeko pausoa
Lan berezia izanik, EParen sorkuntza-prozesuan ere ausartzeko aukera eman diote euren buruari. Aurreko diskoetan erabili gabeko lan-moduak probatu dituzte, presiorik gabe. Horren adibide da Sitsa kantua bera: hasiera batean Basagurenek etxean sortutako ideia xume bat izan zen, baina estudioan, Joseba Baleztena, Miren Narbaiza eta Libe Kortazarrekin batera, erabat eraldatu zutena.
Ausartenak kantuak, berriz, Basagurenek sekula erabili gabeko bidea hartu zuen: letratik abiatuta sortu zuten kantuaren doinua. “Honek lan egiteko beste modu bat erakutsi digu. Beste bide batzuk ireki dizkigu, orain arte hartzera ausartzen ez ginenak. Oso serio hartzen ditugu diskoen sorkuntza prozesuak, zer esan nahi dugun, nola egin gura dugun hori, ze musika eta ze soinu erabili nahi ditugun asko pentsatuta. Baina, EP honetan libreago sentitu naiz, gauzak probatzeko gogoz. Eta, ikusi dut hitzetatik hasi eta kantu bat sortzea posiblea dela, emaitza pilo bat gustatzen zaidalako”.
Izan ere, Ausartenak duela hiru urte idatzitako testu batetik sortu zuten: Gasteizko Frantzia kaleko tarte bati eskainitako Basagurenen poema batetik. “Orube diskoa prestatzen genbiltzanean, nire burua ez errepikatzeko gauza desberdinak egin nituen, eta horietako bat izan zen inguruko gauzei buruz idazten saia-tzea, gertukoari begiratzea. Ondorioz, Gasteizko nire etxe ondoko kale bati buruzko poema hori idatzi nuen, gero kantu bihurtu dena. Leku hori toki berezi bat da, baina leku horretatik beste gauza batzuk ere azaleratzen dira, beste esanahai batzuetara zabaltzen da kantua”, gogoetatu du Basagurenek.
Sitsak kantuak, aldiz, boteretsuenek arreta nola bideratzen edo gidatzen duten jorratzen du: “Askotan merezi ez duen argira nola eramaten gaituztenari buruz hitz egiten du. Izan ere, sitsei buruz hitz egin daiteke azaleratzeko nola engaiatzen gaituzten, nola eramaten gaituzten –sitsak bezala— merezi ez duen argira. Atentzioa nola bideratzen zaigun horri buruz hitz egiten du lanak”.
Batetik bestera jauzika
Disko berriak bertsioak ere jasotzen ditu. Euskarara ekarritako bi kantu famatu ageri dira: batetik, Hamahiru, Glenn Danzigek Johnny Cashi ida-tzitako Thirteen kantuan oinarrituta dagoena; bestetik, Gary Davisen Death Don’t Have No Mercy blues klasikoan oinarritutako Herio.
“Cashen zahartzaroko disko ederretako batean agertzen da Thirteen kantua, eta betidanik txunditu izan nau. Izan ere, Johnny Cashen zahar-tzaroko diskoak izan ziren, beste ba-tzuekin batera, gitarra akustikoa hartzera eta kantu berriak sortzera bultzatu nindutenak. Beraz, hau bada eskertza moduko bat”, onartu du Basagurenek. Baina, kantu hori “pixka bat moldatu” nahi zuen, eta abestia euskaratu eta beregana hurbildu du: “Taldearekin batera landu, eta country eta rock gotiko kutsua duen abesti bat atera zaigu; estilo nahasketa hori asko gustatzen zait”.
Herio bluesa ere bere esparrura eroan du konpositoreak: komunitate beltzak 1940an pairatzen zuen sufrimendua azaltzen duen kantua gaurkotasunera ekarri eta egungo injustiziak ekarri ditu lehen planora, Gasteizko 1976ko martxoaren 3ko gertakariei lekua eskainiz. “Kantuak dio heriotzak ez duela gupidarik komunitate beltzarekin, eta hori hartu eta gaur egunera ekarri nahi izan nuen, nire inguruan ikusten ditudan injustiziak azaleratzeko. Azken bizpahiru urtetan, kantu hori abestu izan dudan bakoitzean, emanaldia eskaintzen ari nintzen herri bakoi-tzeko gertakariei keinu egiten nien hirugarren estrofan, baina, graba-tzeko orduan, Gasteizen martxoaren 3an gertaturikoari eskaintzea bururatu zitzaidan, datorren urtea gertaera horren 50. urteurrena dela jakinda. Hurbiletik sentitzen dudan elkarte eta borroka bat da, gainera”.
Lau abesti horien grabazioa Duranan egin dute, Joseba Baleztenaren Gabokeltz Hit Faktorian, disko hau aurrekoetatik desberdintzen duen eran. “Giro lasaian, presiorik gabe, soinuak eta ideiak probatzeko askatasunarekin grabatu dugu. Esperien-tzia horrek taldeari erakutsi dio badirela beste bide batzuk ere sorkuntzarako, eta funtzionatu dezaketela. Lan egiteko beste modu bat ezagutu dugu, eta ikusi dugu gure sormena beste bide batean ere bidera genezakela”.
Zuzenekoetan ere isla-tzen ari da lan berri hau. Lau kantu berriak kontzertuetan txertatu dituzte, eta B aldeko piezetatik momentuz Oasia ari dira jotzen. “Besteak ez, emanaldiak asko luzatzen zaigulako bestela, eta badaudelako zuzenekoetatik kendu nahi ez ditugun beste hainbat kantu. Hala ere, lau kantu berriak sartuta kon-tzertu eder bat gelditu zaigu”, dio Basagurenek. Izan ere, kantu berriak edukitzeak kontzertuei “beste indar bat” ematen dietela uste du, interpretatzaile gisa behintzat, horrek “alerta egoeran” egotera behartzen dituelako.
Eta, lan berria Gernika-Lumon Astraren urteurrenean, Alegiako gaztetxearen urteurrenean eta Arrasateko kultur ostegunak egitasmoaren baitan gaztetxean aurkeztu ondoren, hilaren 26an Gasteizko IAKn eta 27an Donostiako Dabadaban aurkeztuko dute. “Hasieratik oso gure sentitu izan ditugu gaztetxeak, eta ez diogu inoiz horietan jotzeari utzi. Gasteizen IAKn, ez dugu inoiz jo, areto berria delako, eta bertan zein Dabadaban egoteko gogoa daukagu”, onartu du Basagurenek.
Taldeak lan xume gisa aurkeztu zuen Sitsak, baina entzuleek disko berri moduan hartu dute. “Lau kantu berri daude, baina hori baino gehiago dela bilduma hau sentitzen dugu”, esan, eta jasotako feedbackarekin pozik, datorren urtera begira jotzeko gogo-tsu daudela onartu du konpositoreak. Gainera, Euskal Herritik kanpora ere irtengo dira, Galiziara, Artistas en ruta egitasmoaren baitan. Beraz, ilunpetik argira egindako bidaia honek hainbat geltoki izango ditu.