Orain dela gutxi entzun nuen Londresen Bartzelonan bezain beste euri egiten duela. Harritu egin ninduen datuak, hiri baten eta bestearen klima-aurreiritzi nahiko ezberdina bainuen. Hala ere, tranpa beste datu batean dago, eta hortxe dago koxka. Kataluniako hirian gutxitan egiten dute negar lainoek, baina suertatzen denean zerua jausi egiten da, Asterix eta Obelixen herrixkan bezala. Big Ben-aren hirian, aldiz, gutxi eta maiz, sagardozale on batek bezala.
“Londreseko eguraldi ohikoa”, erantzun dit ostatuko harreraren mahaitik Andoni Aizpuruaren edo Eguzkiñe Iturriotzen baliokide ingelesak. Eguraldiaren iragarpena begiratu ere egin gabe bota dit bere ustea. Asmatu egin du, hala ere. Zeru grisa, zirimiria edo haren mehatxua eta behe lainoa dirudien, baina halako gauza naturalik ez den smog zikina.
Eguraldi horrek melankoliara eta hausnarketara kiribiltzen du norbera. Londreseko koloreen inguruan pentsatzen hasi naiz: zeru grisa, telefono kabina eta autobusen gorria eta adreilu marroixkak.
Grisa eta gorria aski ezagunak nituen, filmetatik bada ere, baina adreiluen marroixkarena ez nuen presente Londresera etorri naizen honetan. Behin adreiluei errepara-tzen jarrita, izenean bertan hala adierazten duen ingurura gerturatu gara: Brick Lane, ‘adreiluen bidea’. Gaur egun Londreseko komunitate bangladeshtarraren erdigunea da hau, eta garai batean bertan kokatzen ziren adreilu eta teila lantegiei zor die izena. Chinatown-en bezala, arku bat dago sarreran; baina, txinatarrena ez bezala, Banglatown-eko sarrera xumea eta arina da. Eskuineko eraikinean mural handi bat dago, Bangladeshen kokatua dagoen Ganges ibaiaren delta erraldoiaren irudi bukoliko batzuekin.
Kalean gora egin dugu Londreseko azpi mundu horietako batera sartuko garenaren esperantzarekin. Kaleen izendegia ingelesez eta bengaleraz idatzia dagoela ikusi dugu kale kantoian, baina baita hamaika kale artista inspiratu ezberdinen obra sailkaezinak bertan biltzen direna ere: grafitiak, sinadurak, pegatinak, panpina itsatsiak, mural erraldoiak, asmoa bai baina esku ona ez duten marrazkilarien irudiak, baldosak, esaldi sakonak, erdizkako esaldiak, harritxoz osaturiko mosaikoak, collageak eta brokoliak. Nola? Bai, brokoliak.
Kolore guztietakoak brokoliak ikusi daitezke paretetan itsatsita: gorriak, urdinak, urrezkoak, ortzadarrak, hori fluoreszenteak... brokoli galaktikoak Londreseko undergroundaren oihanean. Pixka bat aurrerago dendatxo bat du Adrian Boswell artistak, baratze urbano hauen sortzaileak. Brokoliaren zergatiaz galdetuta, argi erantzun digu: “Andy Warholek banana batekin egin bazuen, zergatik ez nik brokoli batekin?”.
Adreiluzko eraikin handi batzuen albotik igaro gara, Brick Laneko meskitatik, esaterako, aurrez sinagoga izan zena eta horren aurretik eliza, garaian garaiko etorkinen fedearen lekuko. Hala ere, dena txiki geratzen da Truman’s Brewery (Black Eagle Brewery jatorrian) eraikinera iristean. Bere garaian munduko garagardo lantegirik handiena izan zena dugu, gaur egun janari azoka, denda bitxi, janari postu eta vintage arropa denda bilgune bilakatua. Azken hauetan armairu itxi usaina, kolore apalduzko jakak, 80. hamarkadako txandal kolore biziak eta janzteko adorea duen jabea nekez topatuko duten jertseak topa daitezke barra-barra.
Curry jatetxe mordoa daude kale honetan, baina nire bidaia-kideak ez dira zapore min zaleak eta hemengo jaki guztiak ahoan sua pizten dutela dirudi, nahiz eta zerbitzariari galdetuz gero: “No, is not spicy, just a little” (ez da mina, pixka bat soilik) esan.
Aurrera joanda, trena gainetik igarotzen den zubiaren aurretik, bazter ezin zikin eta higuingarriagoa duen kaletxo batetik igarota, zelai moduko batean azaldu gara. Lurrean botata dauden pare bat alokairuzko bizikleta apurtu, gainezka dagoen zabor edukiontzia eta umeen parke zaharkitua ez dira bertara gertura-tzeko alderdi erakargarriegiak, baina begi-bistan dauden horma guztietan grafiti benetan ederrak pila-tzen dira bata bestearen alboan. Eszena undergroundari errealismoa emateko, guztiz tolestua eta hala ere auskalo nola zutik mantentzen den zeharo drogaturiko gizasemea ikusi dugu bazter batean: “This is real underground, men”.
Iparralderantz joanda, Bethnal Green kalearen bidegurutzetik gertu 40 bat pertsonako ilara batekin egin dugu topo. Bagel denda ospe-tsu bat omen da, astean zazpi egunez eta 24 orduz irekita dagoena. Ilarak gorroto ditut, baina jakin-mina pizten didate. 40 urtetan berritu ez duten erakusleihoan barrura begiratu, eta okela zati handiko ogitartekoak ikusi ditut, ilara ez balego ere erakarriko ez ninduketenak. Dena eurentzat. Aurrera segi, eta beste ilara bat. Kasu honetan benetan luzea eta benetan british-a, beste denden aurrean errespetuz etenaldia egiten baitute itxaron zaleek. Ez dugu ulertu zer saltzen duten bertan. Kale honetan ulertzen ez diren kontu asko daude.
Brick Lane, zalantzarik gabe Londreseko zeru grisa kolore, usain eta bizitasunez blai jartzen duen zaparrada freskagarria.