Síguenos en redes sociales:

"Gutxitan pentsatu dugu emozioek eta espazioaren erabilerak izan dezaketen harremanean"

Euskal eleberrigintzatik eta feminismotik hiriak nola irudikatuta dauden aztertu du Irati Majuelo Itoizek ‘Hiria gure oinetan’ liburuan. Susa argitaletxearen Lisipe bildumaren 17. liburua da

"Gutxitan pentsatu dugu emozioek eta espazioaren erabilerak izan dezaketen harremanean"Pilar Blanco

LITERATURATIK eta feminismotik hiriari begiratu dio Irati Majuelo Itoizek (Iruñea, 1993) argitaratu berri duen liburuan: Hiria gure oinetan. Espazioaren irakurketa feministak euskal literaturan. Bost euskal eleberrietatik tiraka irakurlea hiriko paseatzaile bihurtu du. Literatura Ikasketetan doktorea da, eta Euskal eleberrigintza urbanoaren irakurketa feminista bat (2023) doktoretza tesia da saiakera liburuaren oinarria. Susa argitaletxearen Lisipe bildumaren 17. liburua da.

Zerk eraman zaitu hiria literaturatik aztertzera? 

Liburu honen atzean ikerketa bat zegoen. Hau da, doktoretza tesi bat egin nuen, eta horregatik, gero idatzi dut saiakera. Bartzelonan egin nuen literatura masterra, eta bazegoen irakasgai bat literatura urbanoaren inguruan hitz egiten zuena. Orduan, hasi nintzen uler-tzen espazioak nola eragiten duen gure egunerokotasunean, pentsamenduan, kulturan eta irudikatzeko moduan. Ate moduko bat ireki zen. Hirien kasuan, adibidez, oso interesgarria iruditu zitzaidan industrializazioak edo guk ezagutzen dugun hiri modernoa sor-tzeak, nola transformatu zuen erabat mendebaldeko literatura. Halere, euskal literaturarekin alderatzen nuenean ikusten nuen ez zela horren antzekoa eta beste ezaugarri ba-tzuk zituela. Jakin-mina sortu zidan horrek.

Zein ezaugarri berezi nabarmenduko zenituzke? 

Desberdintasun handiena da euskal literaturan beste garai batean sortzen dela literatura urbanoa. Adibidez, literatura frantsesean edo ingelesean, XIX. mendearen bueltan sor-tzen den bezala, gurean XX. mendeko 60ko hamarkadan abiatzen da. Hori askotan aipatu izan da, baina igual ez da hainbeste begiratu zergatia. Hor gauza asko daude; esate baterako, gure hiriak nolakoak diren. Ez da egon horrelako metropoli handi eta hiperindustrial bat. Zerikusia dauka ere gure literatura nondik egiten zen edo nork idazten zuen. Garai batean elizgizonek idatzitako literatura zen eta horrekin lotura du ere zein diskurtso, paisaia eta nolako iruditeria eraikitzen zen. Lotura dauka ere hizkuntzaren egoerarekin. Denbora luzez euskarak ez du izan bere espazioa hiri eremuetan. Horregatik, 60ko hamarkadan gizarte mailan eta kulturan sortzen den eraldaketa edo iraultza handiak, nolabait, literatura urbanoa sortzen du gurean ere bai.

Aipatu izan duzu ez dela tesiaren laburpen bat, saiakera bat baizik. Nola egin duzu tesitik saiakera pasatzeko ariketa? 

Gogoa nuen egindako lana plazaratzeko, baina oso argi neukan modu irisgarrian egin behar nuela. Azken finean, tesiak oso lan luzeak dira, eta, hizkera aldetik, nahiko pisu-tsuak. Orduan, hasieratik argi izan nuen ez nuela laburpen bat izatea nahi eta dena berregituratu behar nuela. Liburu honetan proposatzen dut irakurlea ere ibiltari izatea. Horregatik, egituratuta dago paseo bat izango balitz bezala. Berregituratzeaz aparte, saiatu naiz hizkera literarioagoa bilatzen.

Ibilbide hori egiteko bost eleberri proposatzen dituzu. Zein ezaugarri hartu dituzu kontuan liburu bat edo beste aukeratzeko?

Alde batetik, eleberri urbanoak landu nahi nituen; hau da, hirian gertatzen direnak edo hiriari buruzko hausnarketak biltzen dituztenak. Bestetik, protagonistak emakumeak izatea nahi nuen. Alegia, hirian ibiltzen den pertsonaia emakumezkoa izatea. Eman dezake nahiko irizpide zabalak direla, baina egia da ez daudela irizpide horiek betetzen dituzten horrenbeste eleberri.

"Hirien kasuan oso interesgarria iruditu zitzaidan industrializazioak edo guk ezagutzen dugun hiri modernoa sortzeak, nola transformatu zuen erabat mendebaldeko literatura.”

Liburuan behin baino gehiagotan agertzen dira ‘flâneur’ eta ‘flâneuse’ figura literarioak. Agian jende askorentzat ezezagunak izanen dira. Zer dira zehazki?

Eleberrigintza urbanoarekin batera osatzen den pertsonaia mota bat da flâneur-a. Oinarrian hiri pasatzaile bat da, eta egiten duena da hiritik paseatu, behatu eta hausnartu. Anonimoa da, patxada handiz ibiltzen da, zilegitasun osoa dauka espazio publikoan egoteko eta ez du inolako gatazkarik sortzen bere presentziak. Nahiko figura garrantzi-tsua izan da modernitatean eta eleberrigin-tza urbanoa ulertzeko. Orain arte modu diferenteetan iraun duen figura bat da. Kritika feministak planteatzen duena da ea flâneur hori emakumezkoa izan ote daitekeen. Emakume paseatzaileek XIX. mendean eta aurrerago ere ez dute horrelako zilegitasuna eta askatasuna izan eta hiria beste modu batean begiratzen dute. Kritika feministak flâneuse pertsonaia proposatzen du. Ez da izango flâneur-aren bertsio femeninoa bere horretan, baizik eta, emakumeek nola bizi duten espazio publikoa eta nola beste gorputz ba-tzuk agertzen diren espazio publikoa edo hiria irudikatzeko. 

Etxea eta kalea dikotomiatik abiatzen duzu ibilbidea. Nondik aztertu dituzu bi kontzeptu horiek?

Etxea eta kalea lotzen ditugu pribaturen eta publikoaren bereizketarekin. Mendebaldeko pentsamenduaren oinarrietako bat da, eta horren arabera, espazioa bitan banatu eta bakoitzari ezaugarri batzuk esleitzen dizkio. Espazio pribatu da lan erreproduktiboetarako, emakumeentzat eta gauza intimo eta arruntetarako. Publiko aldiz, kontrakoa; hau da, publikotasunerako, arrastarako eta gizonentzako espazio bezala ulertzen da. Kritika feministak planteatzen duena da bereizketa horren atzean ideologia bat dagoela, eta praktikan edo egunerokoan ez direla horren kontrajarriak. Eguneroko mugimenduei begiratuz gero, ikusiko genuke erabat lotuta daudela espazio publikoa eta pribatua. Zergatik panpox eleberriaren bidez oso ongi azaltzen da. Argi ikusten da nola emakume horrek etxean dagoenean denbora osoan pentsa-tzen ari den kalean egin behar dituen mandatuetan. Hori etxe barneko lanarekin lotuta dago, eta kalean dagoenean alderantziz egiten du.

"Adibidez, ‘Ugerra eta kedarra’ eleberriko protagonista, askoz askeago sentitzen da kalean eta hor egiten du bere espazioa"

Izu sexualaren kulturak ere nabarmentzen du espazio publikoa arriskutsua dela eta pribatu segurua. Alderantziz ere bada, ezta?

Izuaren kulturak edo bortxaketaren kulturak irudikatzen du bortxaketa kalean izango dela, gauez, paraje ilun batean eta gizon ezezagun batek egingo duela. Iruditegi hori dugu, baina gero datuek kontrakoa irudikatzen dute. Liburuan hori buruz ez dugu hitz egiten, baina antzera planteatzen da.

Bai aipatzen duzu, ordea, pertsona batzuentzat hirira ateratzea askatasun espazio bat izan daitekeela… 

Badakigu ez duela zertan beti horrela izan behar, baina LGTBI pertsona askok bilatu izan dute askatasun hori hiri handietan. Edota jaioterrian estutasuna sentitu dutenentzat hiri handiak izan dira nor izateko beste bide bat. Badaude ere espazio publikoa bizitzeko modu diferenteak. Adibidez, Ugerra eta kedarra eleberriko protagonista, askoz askeago sentitzen da kalean eta hor egiten du bere espazioa. Hortik eraikitzen dute bere identitatea.

Emozioei ere erreparatu diezu. Nola eragiten diote emozioek espazioan egoteko moduari?

Oso interesgarria da gutxitan pentsatu dugulako emozioek eta espazioaren erabilerak izan dezaketen harremanean. Sara Ahmed teorialariak, emozioak ikertzen ditu eta plantea-tzen duen gauzetako bat hori da. Adibidez, nola lotsa baden espazioa erabat baldintza-tzen duen emozio bat. Nola lotsa sentitzen dugunean txikitzeko eta espazioa murrizteko joera dugun ia desagertu nahiko bagenu bezala. Genero ikuspegiarekin lotzen du, eta aztertzen du zein gorputzek duten zilegitasuna espazioan lotsa edo beldurra sentitzeko. Aztertzen du ere zein gorputz uste dugun direla zaurgarriagoak edo ahulagoak, eta ondorioz zeintzuk ez duten espazioa horren aske erabiltzen.

Literaturatik hiria aztertzeak, hiriarekiko duzun begirada aldatu dizu?

Zentzu batean, bai; baina ez bakarrik literaturatik hirira hurbiltzegatik. Horrenbeste irakurri eta pentsatu ondoren, ikusi dut espazioan zenbat gauza biltzen diren, zenbat esanahi gordetzen dituen espazioak eta nola baldintzatuta dagoen gure hirian zehar ibiltzeko modua edo nola mugitzen garen espazio ba-tzuetan.

Zein ezaugarri behar ditu produktibitatea erdigunean jartzen ez duen urbanismo feministak?

Grazia egiten didate galdera batzuek, ni ez naizelako hirigilea. Halere, eduki behar dugu argi gure hiriak pentsatuta daudela produktibitaterako, lanera autoz joateko eta asialdia beti kontsumismora lotuta egoteko. Gaur egun arraroa da plaza batean piknik bat egitea edo bestelako helbururik gabe espazio publikoan egotea. Bestelako hiri batek horretarako espazioak eman beharko lituzke.

Hiriari beste leku batetik begiratzeko proposamen bat da liburua?

Feminismoa ardatz hiriari leku askotatik begiratzeko aukera asko daudela uste dut. Orain arte igual batez ere urbanismo feministatik eta arkitekturatik egin dute lan. Euskal Herrian ere erreferenteak daude, eta oso gauza interesgarriak esaten dituzte. Hau literaturatik egindako beste ekarpen bat da. Uste dut interesgarriena dela perspektiba horiek elkarrekin elkarrizketan jartzea.

Nola bizi duzu Lisipe bildumaren parte izatea?

Niretzako poza handia da. Sortu zenetik oso bilduma interesgarria iruditzen zait pentsamendu feministari leku propioa ematen diolako. Bestetik, ematen duelako aukera Euskal Herrian sortzen den pentsamendu feminista nolabait gizarteratzeko. Horregatik, oso pozik nago, bestelako izenen ondoan egoteagatik.