Desobedientzia zibila zenbat eta biziago egon, gizarte hori are eta demokratikoagoa izango dela esan zuen behin John Rawls filosofo estatubatuarrak, Mireia Gabilondo aktore, zuzendari eta gidoigilearen (Bergara, Gipuzkoa, 1964) esanetan. “Hori polita ez ezik, inportantea ere badela esango nuke: uste dut gizarte moduan esna egon behar garela gertatzen ari diren gauza askorekin ados ez gaudela esateko, ez gaudela konforme eta gauzak beste modu batean egin beharko genituzkeela adierazteko”.

Horretaz dihardu, bada, hein batean, Desobedienteak 18/98 antzezlanak. Zientzia Politikoetan doktoretza egiten ari den ikasle bat da Ainhoa; desobedientzia zibila du ikergaitzat, eta borroka era horrek demokrazia babesteko izan duen garrantzia defendatuko du doktore tesian, epaimahai akademiko baten aurrean. Horretarako, 18/98 auziaren makro-prozesuaz arituko da, baina, era berean, aipagai izango ditu desobedientzia zibila oinarri izan duten historiako beste hainbat pasarte ere.

Iñigo Azpitarte aktorea 'Desobedienteak 18/98' obraren eszena batean. Gorka Bravo

Nahia, aspaldikoa

Fernando Bernues zuzendaria aritu da, Gabilondorekin batera, antzezlana zuzentzen –Tanttaka konpainiako kideak dira biak ala biak, eta haren eskutik sortua da ikuskizuna–, eta Maria Goirizelaiarena da gidoia, “indartsua eta idazteko zaila”, adaptazio txiki bat egin behar izan dioten arren oholtza gainerako. “Guk aspalditik heldu nahi genion desobedientzia zibilaren gaiari, eta Fernandok egin zituen horretarako lehen urratsak duela hiruzpalau urte, ea nondik hel zitekeen pentsa-tzen hasi baitzen, nondik nora konta zitekeen. Buruan zebilkigun 18/98 auzia ere; azkenean, Joxemi Zumabaleko kide batzuekin –esate baterako, Sabino Ormazabalekin eta Fernando Olaberekin– elkartu zen, eta haiekin hitz egin ondoren pentsatu zuen ikuskizun bat egin behar genuela”.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailearen aginduz, 18/98 makro-prozesu judizialean auzipetuetako bat izan zen, hain zuzen ere, Joxemi Zumabale Fundazioa, beste hainbat erakunde eta hedabiderekin batera. “Nahiz eta guk ezagutu eta bizi izan genuen auzi hura, nahi genuen egon bertan egon zirenekin, haiek nola bizi izan zuten entzuteko, auzi hura nolakoa izan zen jakiteko; egia esanda, oso lagungarriak izan ziren haien testigantzak, eta eskerrak ematen dizkiegu antzezlanean”.

Ikuskizunaren gidoia sortzeko, horrenbestez, besteak beste, Joxemi Zumabaleko kideen testigantzak bildu dituzte, eta baita epaiketetako transkripzioak ere. Hala, 18/98 auziko bi galdetegi oholtzaratu dituzte, Gabilondoren hitzetan. “Horiek oinarritzat, batetik, ikusiko dugu nola gertatu zen eta nolako galderak egiten zizkieten; eta bestetik, gertatu zena ulertarazi nahi dugu, izan ere, lehendabizi, Espainiako Audientzia Nazionalak zigorra jarri zien, baina Espainiako Auzitegi Gorenak libre utzi zituen ondoren, lehen aldiz onartu baitzen desobedientzia zibila arma politikotzat. Hori guztia ikusiko dugu batik bat auziari buruz”.

'Desobedientzia 18/98' Gorka Bravo

Makro-prozesuaz gain, hala ere, desobedientzia zibilaren beste hainbat ertz ere ukitzen ditu antzezlanak. “Hainbat teoriko eta filosofo ageri dira, eta historian pisua izan duten hainbat pasarte ere ikusiko ditugu”. Esaterako, antzezlaneko parte dira Mahatma Gandhi, Martin Luther King eta Rosa Parks, baina baita protagonista gehiago ere. “Intsumisoak, adibidez: Torreroko espetxean, Zaragozan, bizia galdu zuen intsumiso batek, eta horretaz diharduen eszena txiki bat ikusiko dugu zenbat in-tsumiso egon ziren azaltzeko eta soldadutzak derrigortasuna galtzea nola lortu zen esplikatzeko. Horrez gain, aipagai da Greenwich Villagen, Ameriketako Estatu Batuetan, LGTBI komunitatearekin gertatutakoa ere: tabernetan sartzea ukatzen zieten, baina lege hori deuseztatzea lortu zuten azkenerako”. Are gehiago, Euskal Herriko kasu batzuk ere aipatzen dira, hala nola Lemoizko zentral nuklearraren aurkako protestak eta Aroztegia proiektuarenak, Lekarozen (Nafarroa).

Emanaldiak nonahi:

Ikuskizunak, gaur-gaurkoz, harrera “oso-oso ona” izan du, eta “oso pozik” daude lantaldeko kideak. “Jaso ditugun iruzkinak-eta oso onak izan dira; benetan hunkituta ateratzen da jendea an-tzezlanetik. Esan izan digute oso garrantzitsua dela honi buruz hitz egitea, gauzak ondo ulertzen direla, aktoreak oso onak direla… Funtsean, gauza politak denak”, nabarmendu du Gabilondok, telefonoz beste aldera. Horretaz gozatu nahi duenak, bada, izango du horretarako aukera aurrerantzean, hainbat emanaldi baitituzte zehaztuta Euskal Herrian. “Estreinaldiaren ondoren hainbeste emanaldi edukitzea oso polita da, eta gogotsu hartzen ditugu; gainera, denok elkarrekin egongo gara hemendik maiatzera bitartean. Espero dugu jende asko etortzea ikustera”. Euskal Herritik kanpo, oraingoz, ez dute hitzordurik zehaztuta, baina espero dute emanaldiren bat lotzea; horretarako gogoa, behintzat, badute. “dFERIA izeneko arte eszenikoen feria bat egiten da martxoan Donostian, eta kanpoko programatzaileak etorri ohi dira; hor egongo garenez, ea zer gertatzen den, beti baitaukagu kanpora ateratzeko nahia”.

Bost aktorek hartzen dute parte oholtza gainean, seikoa izan arren lantaldea; izan ere, Aiora Enparantzak gorpuzten du Ainhoa euskarazko bertsioan, baina Miren Arrietaren ardura da gaztelerazkoan. Horrez gain, alboan dituzte Klara Badiola, Kepa Errasti, Iñigo Azpitarte eta Omar Somai-Lasa, haiek laurak arduratzen baitira antzezlanean ageri diren gainontzeko pertsonaia guztiak gorpuzteaz. “Dudarik gabe, lantalde polita osatu dugu”, nabarmendu du Gabilondok.

Pertsonaia bat edo beste gorpuzten dituzte aktoreek, baina horretarako ez dute ia elementurik oholtza gainean, espazio hutsaren aldeko hautua egin baitute egileek. “Esate baterako, aktoreak ez dira arropaz alda-tzen. Horrez gain, aulki batzuk bakarrik daude eszenatokian, eta baita atriltxo bat ere; atzealdean, berriz, gitarra bat dago, aktoreetako batek zuzenean jo eta kantatzen baitu, baina ez daukagu besterik”. Pantaila bat ere badago, ikus-entzunezkoak proiektatzeko eta eszena batetik besterako jauziak egiteko. “Irudiak baliatu ditugu hori erdiesteko; haiekin batera ageri diren testuek, berriz, tokiak kokatzen dituzte”.

HURRENGO EMANALDIAK :

  • Otsailak 12: Gasteiz, Hegoaldeko Gizarte etxea. Gazteleraz izango da.
  • Otsailak 21: Hondarribia, Itsas Etxea Auditoriuma. 
  • Otsailak 28: Arrigorriaga, Kultur Etxea.
  • Martxoak 1: Galdakao, Torrezabal Kultur Etxea.
  • Martxoak 7: Amurrio, Amurrio Antzokia.
  • Martxoak 25: Iruñea, Gayarre Antzokia.


Fikziozko dokumentala

Fikziozko dokumentaltzat definitu zuen antzezlana Goirizelaiak, gidoilariak, estreinaldi eguna baino lehenago –urtarrilaren 9an aurkeztu zuten euskaraz, Bilboko Arriaga antzokian; hilaren 10ean, berriz, gazteleraz–, eta bere egin ditu hitzok Gabilondok. “Hasteko, fikzio bat da, guk asmatu dugulako zergatia eta gure protagonista ez delako benetako emakume bat, nahiz eta hainbat eta hainbat gazte egon Zientzia Politikoak ikasteaz gain, tesi bat defendatu behar dutenak. Horri dagokionez, horrenbestez, fikzio bat da, nahiz eta badituen benetan gertatu ziren pasarte batzuk eta benetako pertsonaiei buruz dihardugun, izenak aldatu ditugun arren; alde horretatik, dokumental bat dugula esango nuke”. 

Era horretan, egileek desobedientzia zibilaren gaia mahai gainean jarri dute, “desobedientzia zibila birpentsatzea” izanik helburu, “logaletuta” dagoen gizarte batean. “Historian zehar hainbat gauza aldatu dira edo aldatzea lortu da hari esker; horrenbestez, uste dugu oso arma politiko indartsua eta beharrezkoa dela”.