Adiskidetasuna, bere ertz guztietatik
Infinitu drama konpainiak ‘Promesarik txikiena’ antzezlanaren aurkezpen bira hasi berri du urte hasiera honetan. Obran zehar laguntasun harremanek izaten dituzten geruzak, zauriak, opariak, etab. azaleratu nahi izan dituzte, umore kutsu batekin zipriztinduz eta publikoarentzat kantagarriak diren abestiekin lagunduta
Adiskidetasun bakoitza bakarra eta desberdina da. Berdina gertatzen da lagun taldeei dagokienez. Ez daude berdinak diren bi. Lagun batek garen bezala onartu eta behar duguna izaten laguntzen gaitu. Baina, bide hori luzea eta zaila izaten da askotan. Gorabeheratsua eta malkartsua, hein batean. Infinitu drama konpainiak gai hau landu du sortutako lehen an-tzezlanean: Promesarik txikiena. Bertan, lau lagun aurkezten dira taula gainean, laguntasunaren hertzak aztertuz; adiskidetasunetik abiatuta komunitateari eta harremanei errepara-tzeko saiakera poetiko bat landuz. Hori dena musika eta umoreak lagunduta. Estreinaldia pasaden udan izan zen, baina urte hasiera honetan ekin diote aurkezpen birari.
Antzezlan honetan saiatu gara laguntasunaren geruzak, zauriak, opariak, etab. arakatzen, eta hausnarketa horiek guztiak ikuslegoarekin partekatzen ditugu “festa” antzeko batean. Ikuslegoa hausnarketa dibertigarri bat egitera gonbidatzen dugu. Laguntasunaren inguruko antzezlan bat da poesiatik, musikaletik edo an-tzerki garaikidetik abiatuta, material desberdinak onduz” Matxalen De Pedro, antzezlanaren zuzendarietako batek azaltzen duenez. Gidaritza lanetan Maite Aizpurua dauka alboan; eta, horrez gain, azken hau taula gainera ere igotzen da Intza Alkain, Maiana Etxeberri eta Ane Garciak lagunduta. Karaoke izpiritua galdu gabe, saio musikal landu hunkigarriek josten dute antzezlana. Kanta desberdinen bitartez obra zatika-tzen da, publikoarekin abesteko sortuak dauden estribiloekin. “Antzezlanak hiru agerraldi dauzka nolabait. Ikuslegoak ez du zertan hori nabaritu, baina estrukturaren aldetik, abestien helburua agerraldi bakoitzaren hausnarketa, itxiera edo ondorioak batzea da. Jai giro edo modu katxondo batean guztia. Bi abesti daude 80. hamarkadako musika temazo biren bertsio libreak eta hirugarren bat antzezlan guztia laburbiltzen duena. Azken hau abesti original bat da Paxkal Irigoyenek sortua eta Eider Perezek jarritako letrari esker”, De Pedroren hitzetan.
ELEMENTUEN ERABILERA
Komedia kutsua eman badiote ere kontaketari, minetik hausnarketarako bidea egitea dute helburu konpainiakoek. Haserrea, komunikazio zailtasunak edo poesia nahasten dira “Promesarik txikiena”-ren barruan. Hori guztia irudikatzeko elementu desberdinak ager-tzen dituzte agertokian. Zuzendariak zehazten duenez, “guretzat garrantzi-tsua da eszenan jartzen ditugun objektu eszenografikoak ez izatea dekorazio hutsa. Kontzeptualki helarazi nahi dugun helburura laguntzea edo joko eszenikoa ematea da, eta horretarako erabili dugu, alde batetik, fondo bezala flekozko teloi distiratsu bat, klub selektu batean gaudela pentsarazten diguna (lagun talde oro baita klub selektu bat). Horrez gain, agertzeko eta desagertzeko ahalbide-tzen duen leku bat da teloia, askatasun bat ere egon behar baita laguntasunean. Betebehar batzuk daude, baina askatasun bat ere bai”. Orotara ez dira elementu asko, baina bai pisuzkoak gauzak azalerazteko. “Sofa gorri handi bat ere badaukagu, bihotz forma duena; lagunekin egonean, eroso, xamur eta zure pisua pausatu dezakezun leku bat izan daitezkeelako. Eta gero badaukagu beste elementu nahiko garrantzitsu bat: poste metaliko banatzaile batzuk, zinta gorri batekin. Horien erabilerarekin norberaren mugak planteatu eta beraiekin jolastu nahi genuen. Hauek dira elementu garrantzitsuenak. Hala ere, badago beste elementu bat oso sinbolikoa, misteriotsuagoa, organo bat sinbolizatuz, baina hori publikoaren esku uzten dugu, beraiek pentsa dezatela zer ote den”, De Pedrok azaldu duenez.
Infinitu drama konpainia 2024ko abenduan argia ikusi zuen laguntasunari buruzko sormen prozesu baten bitartez. Hasiberri duten bira honetako antzezlana da beraien lehen sorkuntza. Hain zuzen ere, ardatz bezala harreman sareak indartzea eta bide propioak izatea da, “kulturarako lagunarte ireki, konprometitu eta zirikatzaileak sortuz”. Konpainiak diziplina eta eskarmentu desberdinetako sortzaileen proiektuak aurrera eraman nahi ditu, elkarlanak burutzeko arte eszenikoetarako plataforma gisa funtzionatuz. Promesarik txikiena lana iazko udan estreinatu bazuten ere, aurten egiten ari dira aurkezpen bira. Pasa den urtarrilaren 9an eman zioten hasiera Leitzan “era zoragarrian” De Pedroren hitzetan. “Oso ondo joan zen. Oso publiko beroa izan zen, barre eta txalo asko entzun ahal izan genituen emanaldi osoan zehar; hortaz, bihotzez eskertuta. Espero dugu horrela jarraitzea bira guztian zehar. Gehiago partekatzeko gogoarekin gaude”. Zuzenean ikusi nahi dituenak otsailaren 1ean Atxondon, 6an Villabonan eta 7an Markinan izango du aukera paregabea.