allia Atseginagoa egin nahi du udal gobernu taldeak Amaia karrikaren zati bat, garraio publikoa sustatzeko, txirrindulari eta oinezkoen ibilera bultzatzeko eta ibilgailu motordunak mugatzeko. Proiektua aurreko legealditik heldu da, udal agintariek mugikortasunean abiarazi dituzten egitasmo gehienak bezala. Inolako informaziorik eman gabe hasi dira egokitzapen lanak, aldaketak astebetean egiteko asmoz. Aitzineko alkateak horrela jokatu izatera, zer ez ote zuen erranen Cordovillak. Jo eta ke saiatu zen eragozten, konparaziora, Pio XII.a eta Alde Zaharra atseginago egiteko ekimenak, bazterrak ederki nahasirik. Jende aunitzek sinetsi egin zuen Berlingo harresia baino muga zorrotzagoa jarri zela, Alde Zaharrean sartzea eragozteko. Amaia karrikan, itxuraz, ez da inor aurka; ez bizilagunik, ez saltzailerik, ez taberna-jaberik. Gehienek neurriaren onura ikusi dute. Tarte horretan, 20.000 ibilgailu gutxiago ibiliko da, trafikoa Erriberri kalera bideratuta. Ibilgailu horiek guztiak Labriteko aldapan goiti heldu dira egunero eta Amaia karrikara biratzen dute. Hori ez da astebetean desagertuko, eta bertzelako neurriak ere hartu beharko dira autoa neurri gabe erabiltzen dugun hiri honetan jendea bertzela mugitzera bultzatzeko; bertzeak bertze, bidegorri egokia Alde Zaharra eta Txantrea lotzeko. Bitartean, gaitz berriaren etorrerak argi eta garbi erakutsi du, batetik, kaleak oinezkoendako bihurtzeak ez dituela erosleak uxatzen, eta bertzetik, auzoko denden balioa. Hori izugarri nabaritu da Alde Zaharrean. Ikusi bertzerik ez da egin behar zenbat jende dabilen erosketan denda txikietan, itxialdian Auzo Zaharra berraurkitu izan balute bezala. Zenbait arlotako denda-jabeek berek aitortu dute hori, eta azalera handiko merkataritza guneak jada zabalik badaude ere, oraingoz ez da erosle kopurua urritu. Iraunen ahal du.