aiatzeko sapa Iruñerriko galsoro idorrak gupidagabe kiskaltzen ari den honetan, hiriko terrazak oro daude jendez leher lanegun goiz buruzurietan. Jendea lasai ederrean, inguruko mugimendu handiari erreparatu gabe. Bi hiri baitaude: bata, egonean; bertzea, ekinean. Batzuengan zein bertzeengan, halako urduritasun bat sumatzen da, sanferminak gero eta hurbilago ditugun honetan. Bitartean, oparo dator erromes emaria, bi urteko agorraldiaren ondotik; oro har, adintsuak, bizkar-zaku handiak soinean, maskorrak lepotik dilindan, Frantziako portalean gora, sartaldea xede. Behin eguneko bidea eginik, puskak Alde Zaharreko ostatuetan utzirik, sandaliak jantzirik, karrikaz karrika dabiltza ilunabarreko poteatzaileei harriturik begira. Turista saldo jendetsuak ere nonahi. Santo Domingoko aldapan, konparaziora, multzo ikaragarri handia. Den-denak, adinekoak, zuri-zuriak, guri-guriak, kapela buruan, eguzki erregarritik ihesi. Artxiborantz jo dute, errenkadan, pixa-urrina darion pasabide estali meharrean goiti. Bertze talde bat heldu da Karlos III.ean behera, emakumeek guardasolak zabalik daramatzatela eguzki-galgatik babesteko. Guztiek ekialde urruneko karantza dute, begi arrailduak. Ez dira japoniarrak, ordea. Zenbait emaztekik, gainera, burua estalia dute. Ezin jakin zer hizkuntzatan ari zaien solasean itxura bereko gidaria. Asia hegoaldeko mintzairaren batean, nonbait. Ez urruti, bertze talde bat: larru zuriak eta larru beltzak. Sarasateko Foruen oroitarriaren aitzinean. Gidaria ingelesez mintzo zaie. Pasealekuko bertze muturretik txilibitu hotsak eta oihuak iristen dira, Parlamentuaren aldetik. Ez dira turistak, preseski. Bi muturren artean, tonbolaren egitura eta itzal handiko zuhaitz hostotsuak, gaitzak iragan mendean eramandako zugarren ordezkoak, beroak maiatza hil duen honetan aukera-aukerakoak. l