oan da. Hasierak bukaera zor. Inor ez baita betirako. "Nor Jaungoikoa bezala?" idatzia dago euskaraz Iruñeko hilobi batean. Ia duela hamabortz urte hasi zen, 2007an. Ederki bete du egitekoa. Lehenik, kirolean. Laudoriozko hitzak, nonahi. Jende orok goretsi du haren ibilbidea, haren izaera, haren jokamoldea futbolean eta bizitzan. Izena eta izana, biak handi, baina balentriak egin izanagatik ere, apal beti. Ospeak ez dio buruari kalterik eragin. Izugarri hurbila. Azken urteotan, aunitzetan, seme-alabatxoen guardian, dendaz denda, erosketa eta mandatutan, zuk ere gauzak erosten dituzun karrika berean. Orain joan da. Baina kirolaz haratago, halako hutsune bat ere utzi du bertze arlo batean. Erran nahi baita, futbolaria, kapitaina eta euskalduna. Gauza bat da euskaldun izatea eta bertze bat euskaldun agertzea. Ederki uztartu ditu biak klubaren barnean eta kanpoan. Horra gazte bat, errespetagarria, ospetsua, Lizarrako semea, nafarra eta euskalduna. Maiz deitu izan dute euskal munduko ekimenetara, eta han agertu da zintzo-zintzo, eskuzabaltasunez beti. Azkena, Euskal Herriko gazte euskaldun andana batek euskarari bultzada berria emateko abiarazi duen ekimena. Hantxe izan zen ekimenaren aurkezpenean, eragile, bultzatzaile. Ekimenaren azken agerraldia, duela bederatzi egun Donostian "Euskara aurrera" lelopean egindako manifestazioa. Kezka baitabil bazterretan, euskarak egun duen egoerak eraginda. Bertzeak bertze, euskarak pantailetan duen leku murritza, erabileran sumatzen den geldialdia, atzeraldia ez errateagatik. Eta gehitu beharko dugu arrangura ere badabilela agintariak (Mendebaldekoak, kasu) aferaren handiaz ohartu ez omen direlako, EITBn dabiltzan zuzendariak barne. Ikurrak behar ditugu, Euskal Herrian, Iruñean, eta Osasunan ere bai. Nork beteko ote du Oier Sanjurjok utzitako lekua? l