i urtez jairik ospatu gabe genbiltzanez, uste izatekoa zen Udalak zuhur jokatuko zuela, hau da, egitarau zabala prestatu, besta-gogoari bidea eman eta istilurik ez zuela eraginen. Sanferminak aspaldi baitira irabazpide jende aunitzendako, eta komeni da dena ongi ateratzea eta lasai joatea. Delako herri erakundeak ere sos beharrean dabiltza eta aspaldian zuten erabakia Arga bazterra errefusatzea eta bakoitzak bere taberna edo etxabea baliatzea, denak Alde Zaharrean harat-honat barreiaturik. Besta gune nagusia betikoa baita, hiria lau haizetara zabaldu bada ere. Aurtengo txosnak, beraz, Orreaga etorbideko pijo-txosnak izanen dira, bai eta Gazteluko plazako Maya-txosna ziztrinak ere. Alkateak bazuen bertze tokirik barra horiek paratzeko, hala nola zezen-plaza ingurua, edo Karlos III.a, edota Askatasun plaza, han goian. Mayak, ordea, besta gunearen bihotza nahiago, bere besta moldearen erakusgarri: Sanferminek horrela izan behar dute. Gazteluko plaza gurea da eta horrelakoa nahi dugu. Zatozte denak gure eremura, baina hori bai, pixalarri ibiltzekotan, egizue lasai Xabier karrikako aldapan. Kulturako zinegotzi andreak eman ditu xehetasunak: egunero, DJ bat arituko da arratsalde-gauez, baina ez musika teknoa edo elektroa jartzeko, baizik eta "tractor amarillo" eta gisako doinu patxangeroak zabaltzeko. Argitu du, hori bai, DJ-ak atseden hartuko duela egunero 20:45etik aitzina 22:00ak arte "dantza tradizionalen tartea" errespetatzeko. Nik dakita zer den harentzat dantza tradizionala. Foruen plazako kontzertuetara, adibidez, ez du euskal talderik ekarriko. Azken buruan, zer espero daiteke Arrotxapeko denda-elkarteak eta herritarrek antolatutako paella-jatea debekatu duen Udalaz? Deus onik ez. Heldu den urtean, agintean jarraitzen badute, auskalo ez ote duten dirua kobratuko Gazteluko plazan sartzeko. l