Pilotaleku berria eginen da Iruñean, zezen-plazaren ondoan, suhiltzaileek 1958tik aitzina hartutako orubean, urte hartan berean Eslava karrika meharretik alde egin ondoren. Suhiltzaileen parkea 2010ean eraitsi zuten, leku horretan sanferminei buruzko zentroa eraikitzeko asmoz. Asmo hura, ordea, asmo gelditu zen eta, haren ordez, euskal pilotaren interpretazio zentroa eginen da, frontoi eta guzti, “Pareten Mintzoa” izeneko proposamenarekin bat.
Hurbil ditu Jito Alai eta Labrit, eta hurbilxko izanen zuen Euskal Jai gogoangarri hura, Barcina alkate andre ahalguztidunak (13 zinegotzi) 2004an eraitsi ez izatera. Akabo hiriko frontoi modernista, 1909tik aitzina euskal pilotaren eta denetariko jardueren lekuko hauta izanikoa. Hantxe egin baitzen, konparaziora, euskal dantzen gerra ondoko lehen jaialdia. “Arriba España” egunkari falangistak kolore multzo arriskutsu hartaz ohartarazi zuen, hau da, dantzarien zuri-gorriak eta pilotalekuko paretaren berdeak osaturikoaz.
Euskal jairen tokian Aquavox dago, arrunt zaharkitua, itaxuraz betea, eta 5 milioi euro baino gehiago behar omen dira konpontzeko. Prezio berean Aquavox eraitsi eta Alde Zaharreko kiroldegia eraiki zitekeen, bizilagunen aspaldiko eskaerari bide emateko. Horrenbertzez, badakigu nolako eraikina (azala) eginen den euskal pilota mendez mende zer izan den azaltzeko. Gero, mamiaren txanda etorriko da. Argi utzi beharko litzateke ez dela kirol hutsa, baduela azpian kultura bat, nortasun bat, Nabarraldek Iruñean antolatu berri duen sinposio mamitsu eta jakingarrian nabarmendu den bezala. Bitxikeria gisa, leku horretatik ia ikusten da Iruñerriko artzainek pilotan aritzeko erabiltzen zuten zelai txiki bat, orain sasiz betea, Ezkaba mendiko magalean, Artikako lurretan, Antsoaingo muga ondoan. Zelaiaren izena pelotaxoku da, pilota jokoa, alegia.
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">