Martxoaren 20an hasi da udaberria aurten, eta ekainaren 21era arte luzatuko da urtaro hau. Udaberria aldaketa garaia da. Eguraldia epeltzen da, egunak luzatzen dira eta natura kolorez betetzen da. Euskal Herrian, garai honek berezitasun handiak ditu, bai klimaren eta paisaiaren aldetik, baita gure ohituretan eta ongizatean duen eraginagatik ere.
Izan ere, udaberriak gure gorputzean eta buruan aldaketak eragiten ditu: alergiak areagotzen dira, sistema immunologikoa egokitzen doa, eta gure energia-maila eta aldartea gorabeheratsuak izan daitezke.
Horrez gain, elikadura eta jarduera fisikoa ere aldatu egiten dira; freskotasun handiagoko elikagaiak hartzeko eta aire librean gehiago aritzeko joera izaten dugu. Udaberria aldaketa garaia izateaz gain, aukera garaia ere bada. Gure gorputza eta burua nola egokitzen diren ulertzeak sasoi honetaz modu osasuntsu eta osotasunean gozatzen lagundu ahal digu.
Udaberria, ohituren aldaketa garaia
Udaberriarekin batera, gure eguneroko errutinan ere aldaketak nabaritzen dira, osasunari eta ongizateari dagokienez, adibidez. Gaixotasun berriak agertzen dira, besteak beste, alergiak. Beste alde batetik, eguzki-ordu gehiago eta tenperatura atseginagoak direla eta, aldartea hobeto ohi da, eta horrek energia handiagoa izatea eta jarduera fisikoa areagotzea dakar.
Elikadurari dagokionez, produktu fresko eta arinagoak gailentzen dira, hala nola, barazki eta fruta berriak, neguko jaki astunagoen ordez. Azkenik, kanpoko jarduerek protagonismo handiagoa hartzen dute, bereziki gure lurraldeko ezaugarriak kontuan hartzen baditugu.
Osasuna, kontuan hartu beharreko aldagaia
Udaberria iristean, eguraldiak hobera egiten du, baina gure osasunean ere aldaketak gertatzen dira. Tenperatura-aldaketek, polenaren igoerak eta ingurunean dauden alergenoek eragina dute gure organismoan, eta horrek gaixotasun batzuk ohikoago bihurtzen ditu. Horregatik, urtaro honetan gure defentsak nola aldatzen diren, zein gaitz izaten diren arruntenak eta nola prebenitu kontuan izatea garrantzitsua da.
Gure sistema inmunologikoa
Urtaro-aldaketekin batera, gure defentsak ere egokitu egiten dira. Neguko hotzaren ostean, tenperatura igoerak eta inguruneko aldaketek sistema immunologikoaren erantzuna alda dezakete, eta horrek pertsona batzuetan ahultasuna edo neke handiagoa eragin dezake. Gorputzak denbora behar du ingurune berrira egokitzeko, eta aldaketa horiek eragin dezakete infekzio arinak ugaritzea, batez ere sudur-hodietako eta eztarriko muki-mintzak sentikorrago bihurtzen direlako.
Udaberriko gaitz ohikoenak
Garai honetan, alergiak dira arazo nagusietako bat, batez ere polenari eta hauts-akaroei dagokienez. Udaberrian polena eta beste alergeno batzuk airean gehiago egoten dira, eta horrek alergien gorakada nabarmena ekartzen du. Alergiek sistema immunologikoa gainkargatu dezakete, etengabe erreakzionatu behar duelako alergeno horien aurka. Horrek hainbat sintoma eragin ditzake, hala nola sudurreko kongestioa, begien narritadura, azkura edo eztula. Kasu batzuetan, erreakzio alergiko larrien ondorioz, asma-krisiak edo arnasketako beste arazo batzuk areagotu daitezke.
Bestalde, eguraldi aldakorrak eta tenperatura-kontrasteek (goizean fresko eta eguerdian beroa, adibidez) eragina izan dezakete gure gorputzaren tenperatura erregulazioan. Horrek sistema immunologikoa ahuldu eta birus eta bakterioen aurrean zaurgarriago bihur gaitzake. Hori dela eta, aldaketa horiek gorputzak ongi kudeatu ditzan, funtsezkoa da atseden egokia hartzea, elikadura osasuntsua izatea eta hidratazioa mantentzea.
Gaixotasunak prebenitzeko aholkuak
Alergien kasuan, polenaren kontzentrazioa altua den egunetan etxean egotea gomendatzen da. Hala ere, gomendioa ez da oso errealista izango polena eta eguraldi ona egun berean elkartzen badira. Beraz, saiatu polena metatzen ez diren lekuetara joaten. Aireztapena goiz edo iluntzean egitea ere gomendagarria izango da.
Eskuak sarri garbitzea eta hidratatuta egotea ere funtsezkoak dira infekzio arinak saihesteko. Bestalde, dieta orekatu batek eta aire libreko jarduerak egiteak sistema immunologikoa indartzen lagun dezakete.
Aldartean ere aldaketak, zergatik?
Udaberria aldaketa emozionalekin eta psikologikoekin ere dator. Urtaro honetan, pertsona askok aldarte baikorragoa eta motibazio handiagoa nabaritzen dute, eta horren atzean hainbat faktore daude. Eguzki ordu gehiago izateak, noski, eta tenperatura atseginagoek eragina zuzena dute gure garunean: serotoninaren ekoizpena handitzen dute, ongizatearekin eta zoriontasunarekin lotutako neurotransmisorea. Horrek energia gehiago izatea eta umore hobea edukitzea errazten du. Era berean, argi naturalak melatonina maila erregulatzen ditu, loaren kalitatea hobetuz eta nekea gutxituz.
Hala ere, kontuan izan behar dugu udaberriak ez duela beti eragin positibo bera pertsona guztiengan. Udaberrira igarotzeak, “udaberriko nekea” izeneko fenomenoa eragin dezake, eta horrek neke-sentsazioa ere ekar dezake, loaldian aldaketak eta kontzentrazio zailtasunak sortuz. Gorputzak egokitzeko denbora behar du, batez ere ordu-aldaketaren doikuntzaren ondorioz. Horrek batzuetan antsietatea edo aldarte aldakorrak eragin ditzake.
Aire librean jarduerak egiteko garai onena
Udaberrian gure gorputzak energia handiagoa sentitzen du, eta eguraldi atseginagoari esker, jarduera fisikoa egiteko gogoa areagotzen da. Neguko hotzaren ondoren, kirola kanpoan egitea erosoagoa bihurtzen da eta jende askok aire libreko jarduerak lehenesten ditu. Euskal Herriak ingurune natural paregabea du, eta sasoi honetan mendian ibiltzea, bizikletan ibiltzea edo itsasertzeko paseoak egitea oso ekintza erakargarriak dira. Euskal Herriko paisaia ikusgarriak aprobetxatzeko, hona hemen udaberrian egiteko hiru ibilaldi gomendagarri:
Gorbeia Parke Naturala (Bizkaia eta Araba)
Euskal Herriko mendirik enblematikoenetako bat da. Bertan, pagadi eta harizti ikusgarriak topatuko ditugu, baita hainbat iturri eta erreka ere. Ibilbide klasikoena Pagomakurretik abiatzen dena da, eta Gorbeiako gurutzera iristean, ikusi ahal dena paregabea da.
Zumaia - Flysch ibilbidea (Gipuzkoa)
Itsasertzeko ibilaldi ikusgarria, non itsasoaren eta harri-geruzen arteko kontraste zoragarria ikus daitekeen. Ibilbidea Itzurun hondartzatik abiatzen da eta Debaraino irits daiteke, itsaslabar ikusgarrien artean. Geologiaren eta itsas paisaien zaleentzat aukera bikaina da.
Irati Oihana (Nafarroa)
Europako bigarren pagadi-izeidi handiena da eta udaberrian kolore berde biziak hartzen ditu. Oso aproposa da lasaitasuna bilatzen dutenentzat eta ibilbidea errazagoak nahi dituztenentzat. Oihanaren bihotzean dauden bideak zeharkatzean, urmael txikiak, animalia basatiak eta aire garbiaz gozatzeko aukera izango duzu.
Udako bero itogarria iritsi aurretik, udaberria aire zabalean mugitzen hasteko garai ezin hobea da, eta Euskal Herriak aukera paregabeak eskaintzen ditu kirola eta natura uztartzeko.
Jaki berriak, aldaketak dietan
Udaberriak elikaduran ere aldaketak ekartzen ditu. Eguraldia epelagoarekin eta eguzki-ordu gehiagorekin, gorputzak elikagai arinagoak eta hidratatzaileagoak eskatzen ditu, eta sasoiko produktuak freskotasun eta zapore handiagoarekin iristen dira merkatura. Garai honek aukera paregabea eskaintzen du fruta eta barazki ugariko dieta osasuntsu baterako, baita itsaski, arrain eta proteina arinagoen kontsumoa areagotzeko ere.
Marrubiak, gereziak eta kiwiak
Udaberriko frutak dira, marrubiak bereziki horietako preziatuenetakoa da. C bitaminan aberatsak eta antioxidatzaile ugari dituztenak, sistema immunologikoa indartzen lagunduz eta azala babestuz. Azukre gutxi dutenez, edonork goza ditzake, eta jogurtarekin edo irabiaki freskagarri batean ezin hobeak dira. Gereziek bestalde, melatonina naturala dute, eta kiwiak digestio-sistema hobetzen du zuntz ugari duelako.
Ziazerbak eta esparragoak
Plater arinetarako aliatuak izango dira. Ziazerbak burdina eta antioxidatzaile ugari dituzten hosto berdeetako barazkiak dira, energia eta defentsak indartzeko ezin hobeak. Gordinik entsaladetan edo sukaldean errezeta askotan erabil daitezke. Esparrago berdeek diuretiko natural gisa funtzionatzen dute.
Antxoak
Euskal Herriko kostaldean, udaberria da antxoaren sasoirik onena. Antxoa omega-3 gantz-azidoetan aberatsa da, bihotzaren osasuna babesteko ezinbestekoa, eta parrillan edo ozpinetan prestatua jatea oso ohikoa da.
Ziazerba-krema, gazpatxoa eta irabiakiak
Udaberrian, otordu arinak nagusitzen direnez, ziazerba-kremak aukera bikaina eskaintzen du, burdinan aberatsa izanik, energia ematen baitu. Gazpatxoa, tomate, piper eta pepinoarekin egina, aukera freskagarria da beroa egiten hasten den egunetarako. Fruta-irabiakiak ere oso ohikoak dira sasoi honetan. Saiatu sasoiko frutak erabiltzen eta erabili zure imajinazioa hauek prestatzeko.