"Egun, Marx berri bat beharko genuke zer gertatzen ari den azaltzeko"
Politika eta ekonomia gero eta aldenduago daude elkarren artetik. Hobe erranda, politikak ekonomia kontrolatzeari utzi dio eta horrek eskuetatik ihes egiten digun egoera batera eraman gaitu, arrastaka. Horixe da Xabier Aierdi soziologoaren iritzi sendoa
iruñea. Xabier Aierdi Urrazak aski ongi daki zer dioen. Kazetari-tzan lizentziaduna eta Soziologia eta Politika Zientzietan doktorea, Euskal Herriko Unibertsitateko Komunikazio eta Gizarte Zientzien fakultatean egiten du lan. Gainera, Ikuspegi Inmigrazioaren Euskal Behatokiko lehendakari ordea izandakoa da. Bere iritziz, ezjakintasunean murgilduta gaituen garai honetan iraultza kulturala da beharrezkoa dena, ez iraultza ekonomikoa.
Gaur egun politika demonizatu eta ekonomia sakralizatu egin dela erran izan duzu. Nola gertatu da?
Prozesu desberdinen ondorioz gertatu da, azken hamar urteotan. Honetan zerikusi handia dauka neoliberalismoak, ideologia modura, eta globalizazioak, prozesu modura. Gaur egungo aurrerakuntza informatikoek ere hau permititu dute, teknologikoki. Hiru elementu hauek ahalbidetu egin dute, bide desberdinetatik, Estatua eta ekonomia bereiztea. Gaur, Estatuak ez du ekonomia kontrolatzen, beraz, politikak ezin du ekonomikoki eragin zuzenik eduki politikak eragiten ohi duen eremuan. Ekonomia maila mundialean garatzen da eta maila lokalean kudeatzen da politika.
Zer nolako egoeratan uzten du gizartea egoera honek?
Ekonomiak duen autonomia horrek politikariei gaitasunik gabe uzten die herri batean dauden arazoei aurre egin ahal izateko. Ondorioz, politikaren desprestigioa ematen da. Jendeak bere buruari galdetzen dio: Zertarako behar ditugu politikoak? Zertarako nahi ditugu arazoak konpontzeko gai ez badira?
Politikariek botererik ez dutela pentsatzeak nolabaiteko beldurra eragin dezake...
Beldurraz gain, mespretxua ere bai. Arriskutsua da. Izan ere, arazo ekonomikoak sortzen direnean politika da deslegimitatzen dena, ez ekonomia bera. Ondorioz, leku askotan teknikoak ezartzea dira agintari-tzan: hori gertatu da Grezian, adibidez. Baina horrek arrisku handi bat dauka, politikak zereginik ez izatea eta gure burua lider autoritarioak eskatzen ikustea. Denbora gutxi barru gertatu daiteke... Politikak saiakera bat egiten behar du ekonomia kontrolatzeko, laster egoera oso txarrean egon gaitezke bestela. Hobsbawmek (urrian zendutako Eric Hobsbawm historialaria) esaten zuen bezala, momentu honetan gertatzen zaiguna zera da: alde batetik, politikak ez du ekonomia kontrolatzen; bestetik, klase ertaina ahultzen ari da, gizartea maila soziekonomiko muturrekoetan polarizatzen ari delarik; xenofobia hazten ari da... Baldintza guzti hauek izan ziren preseski II. Mundu Gerrari hasiera eman ziotenak. Kontuz, klase ertainak ahultzen badira, klase baxuak etorkinengan mehatxu bat ikusten badu... Guzti honek kontrolatu ahal ezingo dugun egoerara eramango gaitu.
Zer gertatu beharko litzateke politikak berriro ekonomiaren kontrola hartu dezan?
Hori oso zaila da. Urte luze batzuk beharko dira. Momentu honetan daukagun arazorik handiena zer gertatzen zaigun ez jakitea da. Politikaren zuzentasunik ezak eta daukagun kultura politiko eskasak politika gaitzestera eramaten du. Oso zaila izango da berriro oreka bat bilatzea edo ekonomia kontrolatzea. Nik uste dut urte ilunak datozkigula, maila batean. Ze hor ere fenomeno mordoa ematen dira: politikak ezin duela ekonomia kontrolatu, eta horrez gain, maila sozialean, arazo larriak ditugula. Ikusi beharko litzateke gaur egun zenbatean garen kontsumista eta zenbatean hiritar arduratsu. Hiritar modura, gehiago gustatzen zaizkigu partaidetza puntualak, partaidetza politak, mundu mailako gailur batean gertatzen denaren kontra joatea, adibidez, gustatzen zaigu. Gutxiago gustatzen zaigu eguneroko militantzia. Partidu politikoek ez dute horretan gehiegi laguntzen ze, burokrazia itxiak dira, ez dutenak inondik ere zure aukera berriak sartzea uzten. Gaur egun politikak izan beharko lukeen inpultsoa ez da ikusten.
Hala ere, gizarte mugimendu ugari sortu dira azken aldian bizi gaituen krisiaren harira...
Bai, eta mugimendu horietako ba-tzuk adierazgarriak dira, esaterako, Maiatzaren 15eko mugimendua. Mugimendu interesgarria da: ideia mordo bat sortu ditu, ideia horiekin eraberritu zezakeen ezkerraren mezu historikoa; partiduek eta sistema instituzionalak abandonatu dituen hainbat objektu politiko berreskuratu ditu; eguneroko bizi-tzaren aldarria egin du...
Eta zer da eraginkorra izateko falta izan duena?
Ez duela gaur beharko litzatekeen subjektu politikorik eskaintzen. Gaur egun ez dago nahiko zumerik politikan eragin ahal izateko. Lehenengo eta behin, beste elementu askoren artean, gizartea frakzionatzen duten erreferentziak galdu dira eta ez dakigu zeini eskatu behar zaizkion gauzak, zein den bakoitzaren papera, zein etsaiak... Ezjakintasunak kontzientzia har-tzearen aukera oztopatzen du. Guzti honek, epe ertainera, ez diagnostiko on bat ez diagnostiko hori sustatuko lukeen subjektu sistema on bat agertzea ekiditen du.
Guzti horrek gure ingurua eta egoera kontrolatu ezin dugunaren sentsaziora eramaten gaitu...
Gaur errealitatea gure eskuetatik kanpo dagoela dirudi, guk ez daukagula horretan zer egiterik. Horrelako sentsazioa bada. Eta politika bera arindu egin da erritmoetan, ez dago astirik eztabaidatzeko, ez dago epe luzera gauzak egiteko aukerarik... Baina erantzuna ez da erraza. Irtenbidea aurkitzeko lasaitasuna, patxada behar da. Baina arazo larriena ez dakigula non gauden da.
Baina sortu diren herri mugimenduek zerbait erakusten badute, jendearen ekiteko gogoa da hein handi batean, ezta?
Jendarteari programa zehatz bat aurkezteko aukera bagenu, neurri batean eskatuko bagenio militan-tzia eta sufrimendu bat jakinda sufrimendu horren ordainean gizarte hobeago baten oinarria lortuko duela, ziurrenik parte hartuko luke. Kontua da gaur egun oso urrun gaudela oinarrizko faktoretik: ez dakigu non gauden. Ez dakigu nondik aurre egin behar zaion egoera honi. Konbentzituta nago badagoela erreserba moral nahikoa bihar bertan aldaketan parte har-tzen hasteko, baina proposamen bat falta da. Momentu honetan, herritarrei basamortuko ibilbide bat eskaini behar zaie, amaieran oasi bat dagoela ulertaraziz. Moises baten moduan. Hortik joan beharko du etorkizunak.
Hori da egungo partidu politikoen ardura?
Arazo handienetako bat partidu politikoek euren publikora heltzeko daukaten ezintasuna da. Behar bada, gaur egun Eliza askoz errazago heltzen da bere publikoagana beste guztiak baino. Marx berri bat beharko genuke egoera errekodifikatu ahal izateko, zer gertatzen ari den azaltzeko: nortzuk diren etsaiak, nortzuk diren lapurtzen ari direnak... Gaur indar anonimo ba-tzuek gure baldintzak aldatzen dituzte eta ez dakigu nola identifikatu. Alde batetik, pena ematen didate politikoek, gaur egun politika egitea oso zaila delako. Beste aldetik, hurbilketa saiakera bat egon beharko lukeela uste dut.
Zergatik da hain zaila guzti honen kontzientzia hartzea?
Kontzientzia ez hartzearen errudunak bilatzen ditugu momentu oro: jendea oso komodoa dela, jendeari berdin diola, jendea bakarrik bereaz kezkatzen dela... Nik horrelako esaldien aurrean galdera ikur bat ezartzen dut beti. Izan liteke baina, kontuz: arazoa hori soilik balitz, erraza litzateke erantzuna ematea. Erraza balitzake identifikatzea zer gertatzen den, erraza litzateke sendagai batzuk ipintzea. Egungo gizarteak, irtenbide ekonomiko bat baino, irtenbide moral bat behar du. Iraultzak, iraultza kulturala izan behar du, ez iraultza ekonomikoa. Ekonomia baldin bada gure beharrak asetzeko haina baliabide sortzea, ekonomiak badu horretarako indarra. Beste gauza bat da nola banatzen diren baliabide horiek. Ekoizpena badago, beraz, problema ez da ekonomikoa. Ekonomiak ez dauka eskaintza krisi bat, demanda krisia dauka. Baina, nondik etorriko den erreforma morala? Jendeari hobeak izateko argumentuak ematen badizkiozu, hala izango da. Errudunak bilatu beharrean arrazoiak bilatu beharko genituzke, baina gero eta zailagoa da, sistema politikoak fun-tzionatzen duen modu itxi eta burokratikoa ikusita...
Orduan, nondik etorri daiteke egoera honen irtenbidea? Politika lokalak badu zer erraterik?
Galeanok planteatzen zuen: Orain, erantzun guztiak dakizkigunean, galderak aldatu egin dizkigute. Eta egia da. Gaur egun hurrunetik dator politikak ekonomiari egin dion zesioa. Nola berregiten dugu hau? Ezin dugu atzera jo... Guzti honek sufrimendu handia ekarriko du mundu mailan, hamarkada luzeak bizi beharko ditugu hurbilago, beharbada, autoritarismoetatik sistema demokratikoetatik baino. Testuinguru lokaletan izan daitezke egoera zehatzei erantzunak emateko aukerak. Baina, orokorrean, egoera zaila ikusten dut. Azken batean, doktrina berri bat behar dugu garai berri batentzat.
Más en Sociedad
-
La Fiscalía admite a trámite la denuncia contra el catedrático de la Universidad de Barcelona señalado por acoso y maltrato
-
A la carrera, a por el disfraz de Nochevieja
-
CaixaBank crea una oficina de Inteligencia Artificial para centralizar su gestión
-
Sanidad inicia los trámites para limitar la jornada laboral de los residentes