irunberri - Irunberriko ikasleok jolasteko leku paregabe bat badaukagu: Tufarroak mendixka. Bertan eraiki dugu txabola, Nafarroako Irunberri herriko ikastolaren ondoan dago.
Baina gu ez gara mendixkatik igarotzen garen bakarrak, ez horixe. Urtean bitan, Tufarroetik ardiak pasatzen dira, udaberrian zein udazkenean. Ezin dugu esan zehazki zein egunetan izaten den, zeren eta oso goiz izan ohi da, gu esnatu baino lehen, eta ez dugu ikusten. Bere arrastoak, altxerria deitzen dena, ikusten dugu. Altxonbidetik Bardeara, Erriberara edo bortuetara, Zarai-tzu aldera egiten dute bidaia. Bidaiari gehienak Nafarroako Rasa arrazakoak izaten dira.
Ardiaren artilea zuria eta horia da, batzuk beltzak badira ere. Bere artilea urte bat pasa ondoren oso luzea jartzen da. Uda etortzen denean ilea mozten diete. Buruari begiratuta, ahoa eta sudurra arrosak dira. Belarriak zorrotzak diren arren ezin dituzte tente jarri. Ardi kaka txikia, borobila eta beltza da, altxerri izenekoa. Arrek adarrak dituzte.
Txabola egiteko toki hori aukeratu dugu, gure eraikuntza egiteko materiala dagoelako. Ez pentsa sekulako etxea denik gure kabaina. Ate bat dauka hostoekin estalia eta esertzeko paleak daude. Zenbait egur ere aurkitzen dugu inguruetan.
Koadrila biltzeko lekua da, hor hitz egiten dugu, gominolak banatu eta zer egin pentsatu. Sartzeko bezala, irteera dago. Ainhoa Sanz Tufarroetako txabola horretara joaten den ikasleetako bat da. 11 urte ditu, irunberritarra da. Oso jatorra da eta duela urte asko Tufarroetara joaten delako elkarrizketatu nahi diogu.
Egin Tufarroen deskribapen txiki bat.
-Harri grisez betetako mendia da, harriak txikiak dira eta solteak, erortzean sekulako urratuak egiten ditugu eskuetan eta hanketan. Nahiko handia da ikastola ondoko muinoa eta belar gutxi dauka. Kabainaz beteta dago eta ikastolako haurrek joatea gustuko dugu. Urtean bitan gutxienez pasatzen dira ardiak altxonbidetik, eta beheko aldea ardi kakaz betetzen da.
Tufarroetara asko joaten zara? Zergatik?
-Bai, kabainak egitea gustuko dudalako. Lagunekin egoten naiz eta jolastu, denon artean aukeratzen dugun jolasera. Ongi pasatzen dugu elkarrekin jolastuz, galdu eta irabazi beharrik gabe.
Tufarroetan kabaina duzue? Noiztik? Zertarako?
-Bai, 2013tik daukagu, lagunekin ondo pasatzeko. Handia da gure kabaina, denok sartzeko. Neguan, eguraldi txarra dela eta, ez gara joan eta erori egin zaigu, haizeak ere jotzen duelako. Udaberrian jasoko dugu berriz.
Kide asko egoten zarete?
-Bai, asko egoten gara. Koadrila osoa, Kalatuak gara, 9-12 urte arteko neska mutilak.
Zuhaitzak eta animaliak badaude?
-Zuhaitzak oso gutxi eta, animaliei dagokienez, gehiago egotean nahiko genuke. Batzuetan lagunetakoren batek ekartzen du bere etxeko txakurra edo?
Guztiok konpartitzeko zerbait eramaten duzue?
-Goxokiak era askotakoak? Gominolak gehien bat, erregalizak eta ba-tzuetan patatak. Dena den, gehien konpartitzen duguna, jolasak eta elkarrizketak dira.