Síguenos en redes sociales:

Deustuko Unibertsitateak Ekintzailetzaren Aste Globala ospatuko du datorren astean

Deustuko Unibertsitateak Ekintzailetzaren Aste Globala ospatuko du datorren asteanFoto: N.G.

BILBO. Deustuko Unibertsitateak bat egin du aurten ere Kauffman Ekintzailetza Fundazioak antolatzen duen Ekintzailetzaren Aste Globalarekin, astelehenetik ostiralera, azaroaren 16tik 20ra. Deusto Ekintzaile Bilboko eta Donostiako campusetan ospatuko da eta 1.500 ikaslek, 34 irakaslek eta unibertsitateko elkarte osoak hartuko du parte antolaturiko 35 jardueretan.

"Pertsona, aldaketaren eragilea" ardatz hartuta, datorren aste osoa zehar ekintzailearen festa ospatuko da. Ekitaldiaren helburua da ekintzailearen irudia ikasleengana hurbiltzea eta ekimena sustatzea, ekintzaile jokabidea sustatzeko.

"Merezi duten pertsonei eta ekimenei ikusgarritasun eta protagonismo handiagoa eman behar diegula sentitzen dugu sarritan, gure inguruan ikusten dugunean jende askoren ahalegin zintzoa, apal jokatuta eta uste sendoz, proiektuak abian jartzeko edo gauzak aldatzeko, besteek ere antzera egin dezaten", adierazi dute Deustuko Unibertsitateko arduradunek.

Jaiak hainbat jarduera eta dinamika interesgarri eta parte hartzaile izango ditu aste osoan, batez ere goizez. Jarduerak ikasle, irakasle eta kanpoko laguntzaileen talde batek proposatu ditu bi campusetan, eta haietan ikasleek eta irakasleek hartuko dute parte, ekintzaile izateko ekimena zabaltzeko eta diziplina ezberdinetako pertsonak ekimen horretara hurbiltzeko eta erakartzeko helburuarekin.

Aurtengoa ekintzailearen zazpigarren astea izango da, eta ekimena martxan jartzea ekarri zuten funtsezko balioak mantendu egin dira. Alde batetik, aniztasunari merezi duen balioa eman nahi zaio, zentzurik zabalenean. Gero eta garrantzi handiagoa hartzen du profil desberdinetako pertsonen arteko lankidetzak, bakoitzak bere ikuspegia ematen baitu bidera ateratzen zaizkion arazoei ekiteko orduan. Aniztasunak, hortaz, aberastu egiten ditu proiektuak eta gauzak ikuspegi desberdinetik ikusteko modua ematen du, beste batzuen begietatik.

"Beste alde batetik, proiektuak martxan jartzen laguntzen diguten pertsonekin partekatu egiten dugu mundua aurkitu duguna baino hobea eta bidezkoagoa izan dadin urratsak emateko uste sendoa. Hori islatu egin behar da arlo guztietan, pertsonarik hurbilenekoen arteko harremanetatik hasi eta alde guztientzat bidezkoak izango diren akordioak bilatzera, ahal den neurrian, gizartean eragin positibo zuzena sortzea ahaztu gabe", azaldu dute.