BILBO. Bilboko Alkatea den Juan Mari Aburto, astearte honetan goizean batzartu da Udaletxean Yvan Mayeur Bruselako Alkatearekin. Mayeurrek bertatik bertara ezagutu nahi izan ditu Bilboren eraldaketa eta etorkizuneko hedapen plana, ekitaldi handietarako segurtasun arloko estrategia eta Bilboko Udalak etxerik gabeko pertsonentzat dituen dispositiboak, tratu txarrak jasan dituzten emakumeentzako harrera-etxebizitzak eta gizate-bazterkeriaren aurkako plana, besteak beste.
Bilboko Udalak jakinarazi duenez, Mayeur Alkateak eta Aburto Alkateak antzeko irizpide eta ikuspuntuak dituzte elkartasuna, jasangarritasuna eta justizia sozialari buruz, estu-estu lotuta egon baitira esparru honekin. Hartara, pobreziaren eta gizarte-bazterkeria mota guztien aurka borrokatzea da Brusela eta Bilboko alkateen gobernu-ekintzaren helburu amankomunetako bat. Xede honi begira, Bruselako Udalak "erreferentziatzat" hartu du Bilboko Udalaren Gizarte Ekintzako eta baliabiderik gabeko pertsonei arreta egiteko eredua.
Era berean, Bruselako ordezkaritzak jakinmina azaldu du Bilboren eraldaketa eta hiri-garapen prozesuaz, eta Bilboko hiriak esku artean darabiltzan etorkizuneko proiekturik garrantzitsuenei buruz. Horrekin batera, Bizkaiko hiriburuak ekitaldi handiak antolatzeko eta logistika nahiz segurtasunaren ikuspegitik dakarten erronkari aurre egiteko duen gaitasuna miretsi dute.
Horren harira, Bilboko Alkatearen eta Bruselako Alkatearen bileraren osagarri gisa, Mayeurrekin batera etorri diren Bruselako Udaleko nazioarteko harremanetako eta gizarte-laguntzako arduradun gorenek lan-bilerak egin dituzte Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Segurtasun eta Gizarte-Ekintza sailetako arduradunekin.
Halaber, bi hirietako udal ordezkari gorenen arteko bileran, 2020ko Eurokopa izan dute aztergai, izan ere, Bilbo eta Brusela nazioarte mailako kirol gertaera honetako final-zortzirenetako partidak jokatuko diren zortzi hirien artean aukeratuta baitaude.
Bilboren atzerriko proiekzioari beste "bultzada" bat emateaz gain, gaurko bilerak, Bilboko hiriak Europar Batasunaren hiriburu instituzioanalarekin dituen harreman sozialak, kulturalak, ekonomikoak eta bestelakoak sendotzen lagunduko du.