Uda, euskararekin eta euskaraz gozatzeko urtaroa
Egonaldiak, barnetekiak, ikastaroak... AEK eta ika euskaltegiek eskaintza zabala daukate datozen hilabeteotan euskaraz mintzatu eta ikasten jarraitzeko
Eguraldi goxoaz eta aisialdiaz gozatzea ez dago euskara ikasten jarraitzearekin kontrajarrita. Hala bermatzen dute, urtetik urtera, Nafarroako euskaltegiek udako hilabeteetarako eskaintzen dituzten ikastaroen arrakastak. Ohiko formatuko ikastaroak, barnetegiak edota barnetegi ibiltariak dira, besteak beste, eskaintzaren baitan aurki daitezkeen aukerak; bakarrik, lagunartean zein familiarekin euskaraz aritzeko parada eskaintzen dutenak.
Aukeratzen den ikastaroa aukeratuta ere, helburu orokorra berdina da kasu guztietan: ikasturtean zehar ikasi den horri jarraipena ematea. Helburu horren baitan, halaber, hamaika arrazoi gordetzen dira: udaz beste modu batez gozatzea, lagun berriak egitea, Euskal Herriko txoko eta herri desberdinak ezagutzea eta, kasu ba-tzuetan ere, abentura zirraragarrietan murgiltzea. Batez ere eta gauza guztien gainetik, euskaraz aritzea.
Uda ahaztezina, AEKren eskutik Korrikaren 20. edizioa ospatu den urte berezi honetan, AEK-k udako kanpainari gogotsu ekin dio, Ez duzu ahaztuko lemapean aurkeztu dituen eskaintza zabalaren eskutik. Historiako Korrikarik arrakastatsuenak agerian utzi zituen euskaltegien jardunaren atzean dauden irakasle eta ikasle guztien lana, eta arduradunek “udan ere bide berdinari eustea” erabaki dute.
Helburu horrekin, AEK-k prestatu duen eskaintza zabala da datozen hilabeteotarako “gutxinaka, gero eta gehiago izan gaitezen”, antolatzaileek adierazi bezala. Alde batetik, udako barnetegiek euren ateak zabalduko dituzte, euskara ikasteko aukerarik arrakastatsuenen artean kokatzen diren heinean. Barnetegi hauetan eskaintzen diren aukerak anitzak dira, halaber: euskalduntze barnetegiak, tituluak lortzera bideratutako ikastaroak, familia osoari bideratutako egonaldiak, barnetegi ibiltariak, xiberera lantzeko ikastaroak...
Bestalde, aurten iazko nobedadeetako bat indartuko du AEK-k, A2 mailako barnetegien eskaintza zabalagoa eskainiz. Bestalde, etxetik sobera aldendu gabe euskara ikasten jarraitzeko parada ere egonen da, online ikastaroen bitartez edota herri eta hirietan aurkitzen diren euskaltegietan ikastaro trinkoen bidez.
Hala, euskaltegiaren helburua ikasleek “gustora, udako giroan eta ia konturatu gabe” euskara ikasten jarrai-tzeko aukera eskaintzea da, lagunartean zein ikaskideekin edo barnetegiak kokatzen diren herrietako biztanleekin euskara aditu eta mintzatuz. “Ahaztuko ez duten uda” eskainiko dute, antolatzaileek aditzera eman bezala, “euskaraz egingo diren aktibitate guzti hauen eskutik”.
Barnetegi guztien informazio guztia eta izen-emateak AEKren webgunearen bitartez egin daitezke.
IKArekin Lesakako barnetegira IKA Arturo Campion euskaltegiak ere barnetegi eskaintza zabaldu du dagoeneko, euskaraz aritu eta euskal giroan murgiltzeko hiru data desberdin aukeran jarriz. Barnetegiak Lesakako Matxinbeltzenea etxean burutuko dira, bi astez, uztaila, abuztua zein irailan. Arduradunek azaldu bezala, “barnetegian bi astez egun osoa euskaraz aritzea ezinbesteko laguntza izaten da ikas prozesuaren erritmoan, hauxe baita euskara ikasteko biderik eraginkorrena, urtean zehar ikasitakoa finkatzeaz gain, min-tzamen zein ulermenean aurrerapauso nabarmenak emateko”.
Barnetegian ematen den ikastaroan, ikasleek klaseak jasotzen dituzte goizetan eta arratsaldetan aktibitate desberdinak antolatzen dira Lesaka inguruan. “Inguru euskaldunean murgilduta, ikasleek era naturalean eskura-tzen dituzte komunikaziorako ezinbesteko tresnak; horretarako garran-tzitsuak dira goizetako eskolak eta arratsaldeetako irteerak eta propio sortutako ekintzak”.
Bestalde, Arturo Campion euskaltegiak ohiko formatuko helduentzako ikastaroak eskainiko ditu abuztutik aurrera, maila desberdinetako taldeak osatuz joan heinean. Hala, A1etik B2 maila bitarteko ikastaroak abuztuaren 3tik 30era edo irailaren 4tik 29ra emango dira, goizez zein arratsaldez; beraz, aukera eskaintza zabala da.
Udarako hilabeteak EGAko azterketa (C1 maila) prestatzeko baliatu nahi dutenek ere badaukate non aukeratu. Izan ere, azterketa osoa presta-tzeko zein atal zehatzak lantzeko (ahozkoa eta idatzizkoa) ikastaroak eskaintzen ditu IKA Arturo Campionek datozen hilabeteetarako, abuztutik aintzin.
Euren euskara maila hobetu nahi duten gaztetxoentzat ere badago lekua IKA euskaltegian. Hala, A ereduko 12 eta 14 urte bitarteko ikasleei bideratutako 20 orduko ikastaroak prestatu dira, uztailaren 17tik 28ra, abuztuaren 3tik 17ra edo abuztuaren 18tik 31ra, denak goizez izango direlarik. Abuztuaren 22tik 29ra, azkenik, euskara irakasle izateko glotodidaktika ikastaro bat ere antolatu du euskaltegi iruindarrak, teoria eta praktika uztartuko dituena.
IKA Arturo Campion euskaltegitik aditzera eman dutenez, taldeak sor-tzeko gutxieneko lagun kopurua 8koa da, eta ordutegiak ikasleen beharretara molda daitezke. 2016 - 2017 ikasturtean Arturo Campion euskaltegian aritu diren ikasleek, bestalde, prezio beheratuak izanen dituzte matrikulazioan.
IKA Arturo Campion. Ekainaren 1etik irekita dago izen-ematea. Taldeak sortzeko gutxieneko lagun kopurua 8koa da. Ordutegiak ikasleen beharretara molda daitezke. 2016 - 2017 ikasturtean Arturo Campion euskaltegian aritu diren ikasleek prezio beheratuak izanen dituzte. Izen-ematea zein ikastaroen xehetasunak eta datak euskaltegiaren webgunean ikus daitezke: campion.ikaeuskaltegiak.eus/
AEK. Barnetegien kasuan, izena emateko azken eguna hau hasi baino 11 egun lehenago egin daiteke. Ikastaroetarako izen-ematea irekita dago jada. Informazio gehiago eskuratzeko edota izena emateko 946 464 000 edo 673 200 100 telefono zenbakietara dei daiteke edo AEK edozein euskaltegira jo.
Más en Sociedad
-
ANELA reclama la puesta en marcha de la ley ELA y valora el "plan de choque" de Sanidad como "medida transitoria"
-
Alfonso Cabezuelo, exmilitar condenado de ‘La Manada’, saldrá de prisión tras recibir su primer permiso
-
La semana empieza con alerta por altas temperaturas en toda Navarra, salvo en la zona norte
-
IMQ Bayona: una nueva forma de cuidar la salud, más cerca del paciente