Musikalaren kontua, gure eskolako zuzendaritza eta zenbait irakasleren burutan zebilen, aspalditxo. Aurreko ikasturtean ailegatu zitzaigun, azkenean, hau aurrera eramateko aukera; izatez, 6. mailako lehendabiziko belaunaldia izan baitzen, gurean.

Gure ametsaren berri izango balu bezela, gainera, musikaletan trebatua den irakasle bat agertu zitzaigun, justu behar zen mementuan. Zer gehiago behar zen, beraz, martxan jartzeko? Ilusioa, bertzerik ez! Eta hortaz badugu emateko eta oparitzeko!

Amesteaz gain, aldiz, lanean serio aritzen ere badakigu eta beharrik, ez baita ahuntzaren gauerdiko estula halako proiektu bat aurrera eramatea. Kanpotik ikusita, badira pentsatzen dutenak haurrak dantzan eta kantuz ibiliko direla denbora guztian. Nola azaldu beraiei, zeinen aberatsa izan daiteken musikal bat, ongi bideratuz gero, gure ikasleen garapen holistikorako.

Ikasleetaz mintzo, galdetzea ber-tzerik ez dago jadanik institutuan dauden gure ikasle ohiei zein bizipen, ikasketa eta oroitzapen dituzten. Haietako bakoitzak bere baitan darama altxorrik preziatuena, betiko!

Ikasturte honetan, jende berriarekin (ikasle zein irakasale) eta bestelako erronkak buruan ditugula, amesten segitu nahi dugu, gure ikasleen egunerokoa ilusioz betetzen!

Arestian erran bezala, ordea, aurreko biak ez baitira aski, lanean oraindik serioago aritzeko prest gaude eta musikala ikasturte osoko proiektua bilakatzeko desira daukagu; ikasleen maila akademiko zein pertsonalean aurrerapausoak eman daitezen.

Horretarako, jadanik Musikal Ba-tzordea deritzona martxan jarri dugu. Urritik hasita, astean behin elkartzen gara. Batzordea, bere aldetik, Buztintxuriko eskolako hiru ereduetako irakaslegoarekin osatuta dago. Eredu bakoitzeko 6. mailako tutoreak eta ngelesa, Gaztelania, Musika eta Gorputz Heziketako adituekin, hain zuzen ere.

Izan ere, gure helburu nagusienetako bat baita arlo guztietatik lana aurrera eramatea eta, nolabait ere, lan hau azkeneko produktuan islatuta ikusi ahal izatea.

Dagoeneko, musikalaren gaia, ideia eta egitura nagusia finkatuta daude. Hemendik aurrera, gure proposamenetatik abiatuta, ikasleak izanen dira emeki-emeki, haien barrena ustuz, istorioa eraikiko dutenak.