Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak, Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuaren bitartez, neguko beherapenetan modu arduratsuan kontsumitzeko gomendatzen die herritarrei, bai saltokira joanda, bai online, eta behar diren neurriak hartzeko, beraien eskubideak kontuan harturik.

Horretarako, Foru Gobernuak publizitate-kanpaina bat jarri du abian irratian eta sare sozialetan, euskarazko eta gaztelaniazko animaziozko bideo batekin, modu kontzientean kontsumitzeak duen garrantziaz jabetzeko, eta erosteko orduan bakoitzak hartzen dituen erabakien inguruan hausnartzeko. Gainera, kontsumo arduratsuari esker, garapen jasangarriari eta ingurumena eta ekonomia zaintzeari laguntzen zaio.

Gomendio orokorrak hauek dira: beherapena duten objektuek, gutxienez beherapenaren aurreko hilabetean salgai egon behar dute establezimenduan; saltokiek ezin dituzte aldatu itzultzeko baldintzak, ezta ordaintzeko moduak ere. Gainera, beherapena duen produktuak bistan izan behar ditu jatorrizko prezioa eta beherapena, eta bermearen baldintzek bere horretan jarraitu behar dute. Erosketaren tiketak beti gorde behar dira.

Era berean, edozein pertsonak erosketaren bat erreklamatu nahi badu, aurretik enpresaren aurrean egin beharko du, eta erreklamazioaren data jasota utzi beharko du, establezimenduak 30 egun baititu nahitaez erantzuteko. Enpresaren erantzunarekin ados ez bagaude, Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzura jo dezakegu, baina aurretik telefono hauetara deitu beharko dugu: 848 427733 eta 848427758. "Kontsumoko Arbitraje Batzordearen" bereizgarria duten saltokietan egiten diren erosketetan sorturiko arazoak azkar, eraginkortasunez, era objektiboan eta doan konpontzea bermatzen da. Informazio gehiago nahi izanez gero, esteka hau kontsulta daiteke: https://www.navarra.es/home_es/Temas/Consumo/

Segurtasuna online erosketetan

Saltokira joanda eginiko erosketek dituzten beherapenekin batera, Interneten bidez ere jartzen dira kontsumitzaileen eskura beherapena duten produktuak. Sistema hori hautatuz gero, ordaintzeko modu seguruak aukeratu behar dira, transferentzia, txartel edo plataforma espezializatuen bidez. Edonola ere, helbide-barraren hasieran 'https' agertzen dela egiaztatu behar da; horrek, webgunea konexio segurua erabiltzen ari dela adierazten du.

Pribatutasuna zaintzeko, egiaztatu eskabidea egiteko eta erosteko prozesua uneoro ingurune seguruan egiten dela. Hori, bisitatzen den webguneko helbide-barran giltzarrapo itxi bat agertzen bada egiaztatu daiteke.

Erosketa egin ondoren, jasotzen dituzun berrespen-mezu elektroniko guztiak gordetzea eta egindako erosketak txartelaren laburpenekin egiaztatzea komeni da, onartu gabeko karguak identifikatu ahal izateko, halakorik gertatzen bada.

Kasu horretan, erositako produktuarekin gustura ez bazaude, erosketan atzera egiteko eskubidea duzu, produktua 14 eguneko epean itzuliz. Hala ere, webgunean kontratatzeko eta itzultzeko baldintzak irakurtzea gomendatzen da, enpresaren politikaren ondorioz epeak luzeagoak izan daitezkeelako.