Espainiar estatuan, 8 hilabetez, zifra bat esponentzialki igo da: sortzen ari diren enpresen kopurua. Enpresen hazkundea ezin da datu bakar batean neurtu, asko ezagutu baititugu: abuztuan, urteko lehen seihilekoan 61.000 enpresa sortu zirela jakin genuen, 15 urtetik daturik onena. Gainera, maiatzean datuak nabarmen egin zuen gora. Iazko epe berari dagokionez, enpresen sorrera %9,5 hazi zen. Estatu mailako datu negatibo bakarra irailean iritsi da, hilabete horretan bakarrik izan baita txikiagoa datua, 2022ko hilabete berarekin alderatuz gero.

Zonaldeka zatitzen baditugu datu hauek, Madrilen daturik altuena lortu da, eta Euskal Herrian, berriz, baxuena. Uztailean, adibidez, espainiar estatuan 8.326 enpresa berri sortzen zirenean, Euskadin bakarrik 231 sozietate sortu ziren. Gainera, nahiz eta datuak beste urte batzuekin konparatuz, nahiko egonkorrak diren, badago aldaketaren bat. Sortzen diren enpresa kopurua ez da hainbeste aldatu, baina horietan egiten den inbertsioa, bai: enpresa horien bultzatzaileek 8,6 milioi euro inbertitu zituzten, aurreko urteko baino %50 gutxiago.

Jone Fernándezek, merkatuen ikertzailea eta finantza-aholkularia denak, datu hauek ondo testuinguratu behar direla dio: “Bai, espainiar estatuan sortzen dira enpresa gehien, baina herrialde horretan ixten dira enpresa gehien ere, eta jarduera laburreko enpresak dira normalean”. Datuei erreparatuz, egia da enpresa kantitate handia 3 urteetara heldu baino lehen ixten dutela.

Estatistika Institutu Nazionalak eskainitako azkeneko datuei begira, maiatza izan zen Euskadin hilabete oparoena: 342 merkataritza-sozietate sortu ziren. Hori ez da datu bakarra, maiatzean ere enpresen itxieraren datuak ere goia jo zuen: 109 enpresek haien aktibitatea eten zuten. Itxiera gehienak (gainerako motiboak ia garrantzirik gabeko lekuan utzita) jabeak erabakita egin ziren.

Fernándezek egindako ikerketen arabera, sortu ziren enpresa gehienak komertzialak izan ziren, saltokiak. Datu baxuagoekin, berriz, higiezinen enpresak eta aseguru-etxeak, eraikuntza-enpresak eta ostalaritzako negozioak hurrengo postuetan kokatzen ziren.

Enpresen sorrera bultzatzeko laguntza

Fernándezen ustez, datuak ezin dira positiboki baloratu, baina aldi berean, ezin ditugu sinplifikatu. Bere ustetan, ezin da esan bakarrik positiboak edo negatiboak diren: “Sakontasuna behar dute, ikertu behar dira datuak, ezin gara maila kuantitatiboan gelditu, eragile kualitatiboak ere kontuan izan behar ditugu”. Eragile kualitatiboen artean, adibidez, Fernándezek Eusko Jaurlaritzatik eta horren barruan jarduten duten beste instituzioen laguntzak aipatzen ditu: “Onuragarriak dira, banan-banan ikertu beharko genituzke, baina orokorrean, positiboki baloratu behar dugu administrazio publikoak enpresen sorkuntza babesten duenean”.

Azken urteotan, Eusko Jaurlaritzak hainbeste nabarmendu du gazteek bereziki sortzen zituzten proiektuei finantza-politikoen bidez laguntzea. Beste era batera, dibulgatzaile gisa aritu da, eta enpresek dituzten arazo nagusiak bildu ondoren, hainbat kanpaina zabaldu ditu. Azkenetako batek “¿Emprendes o empierdes?” zuen izena, erreferentzia eginez porrot egiten duten proiektuei.

Beste instituzio laguntzaileen artean, SPRI dago. SPRI Eusko Jaurlaritzako Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia da eta horren bidez laguntza eta zerbitzuak eskuratu ahal dira helburu zehatz batekin: euskal enpresen hazkunde ekonomikoa sustatzea. 

Besteen artean, Foru Aldundiek ere laguntza eskaintzen dute enpresen sorkuntza bultzatzeko. Gipuzkoan “Gipuzkoa Ekintzailea” existitzen da, non eskualdeko laguntzak ikusi ahal diren. Bizkaiaren kasuan, adibidez, Ekintzailetzako ekimenen sustapena programa dago, urtero berrizten dena. Horren xedea enpresen sorreran laguntza agente izatea da eta sortutako enpresen jarraipena egiten dute.

Bizkaiko Foru Aldundiaren programaren barruan, lau motatako laguntzak daude: Enpresa-proiektuak sortzeko eta abian jartzeko aholkularitza, enpresak abian jartzeko eta sortzeko laguntzak, enpresa-transmisioa xede duen laguntza, eta enpresa-kontsolidazioa helburu bezala aurkezten den laguntza.

Arrakasta kasuak

Ekintzailetzako ekimenen sustapena programaren barruan parte hartu zuten Mirene Iturri eta Xabier Miguel. Urte askotan zehar sortu nahi izan zuten ileapaindegi bat, eta oztopoak antzeman zituzten proiektuari hasiera emateko: “Oztopo nagusia dirua da. Akademiatik irten ginenean, oso gazteak ginen, eta lanean hasi ginen. Hala ere, behar genuen dirua lortzeko aukera ez genuen, gure kasuan, soldatak oso txikiak zirelako”. Biek onartzen dute laguntzarik gabe ezinezkoa ikusten dutela haiek Bilboko Santutxu auzoan irekin duten negozioa irekitzea: “Diru inbertsio handia egin genuen, eta horretarako, laguntza eskatu behar izan genuen”.

Izena eman zuten 2022an Foru Aldundiak bultzatutako programan, eta horri esker, aholkularitza eta diru-laguntzak lortu zituzten: “Ez da erraza, eta irizpide zorrotzak daude bai laguntza lortzeko, baita hori mantentzeko ere”. Mantentzeari buruz hitz egiten dutenean, laguntza hauen alde negatiboa aipatzen dute: “Guk, laguntza jaso genuenean, lokala irekita eta jarduera komertzialarekin gutxienez bi urtez egoteko konpromisoa sinatu genuen. Hala ez bada, dirua itzuli beharko dugu”.

Laguntza-programan parte hartu baino lehen, bere proiektua aurkeztu zuten. Sozietate mugatu bat sortzeko proposamena aurkeztu zuten, eta hori baino lehen, biak langile autonomoen erregimenean izena eman zuten. Hori behin eginda, aholkularitza zerbitzuak hasi ziren: “Guk sozietate mugatu bat sortu genuen eta jaso genuen lehenengo informazioa horren inguruan izan zen. Esan ziguten aukera ona zela hasierako inbertsioa ez zelako handiegia, eta pixkanaka-pixkanaka kontrolatu ahalko genuela gure negozioaren hazkundea”. Orain, denborarekin, biek bat egiten dute, eta jasotako laguntza ezinbestekoa izan zela diote: “Gaur egun, gaitasunak eskuratu ditugu gure negozioa aurrera ateratzeko. Noski, hori gure lanari esker izan da, baina ezin dugu ukatu hasieran jasotako laguntza oso garrantzitsua izan zela, bai ekonomikoa, baita aholkularitza ere”.

Gehien errepikatzen diren akatsak

Fernándezen hitzetan, identifikatu ahal dira errepikakorrak diren akats batzuk. Horien artean, lehenengoa esperientzia falta izango da: “Ondo dago gazteen ekimena bultzatzea, baina kontuan izan behar dugu esperientzia faltak enpresaren ibilbidea oztopatu ahal duela”. Hori saiezteko, Fernándezek bi bide azpimarratzen ditu: “Lehenengo eta behin, enpresa bat sortu baino lehen, urte batzuk eman lanean, eta posible bada, gestio postuak hartu”. Hori ez ezik, aholkularitza eta ikerketa beharrezkoak direla seinalatzen du.

Beste alde batetik, errepikatzen den akats bat finantza-plangintza da: “Ez da nahiko hasierko inbertsioa kontuan hartzea. Beharrezkoa izango da benetan hasierako kostuen plangintza egitea, eta askotan, kostu horiek ez dira ikusten”. Horretarako, berriz ere Fernándezek azpimarratzen du aholkularitzaren garrantzia: “Argia, ura, lokalaren kostua… Normalean argi ikusten diren gastuak dira, baina kontuan izan behar ditugu ordaindu beharreko zergak, adibidez, edo gure produktua eskuratzeko kontuan hartu beharreko ordainketa guztiak”. Azkenengo kasu horretan, errentagarritasuna izan behar da irizpide nagusia: “Kontuan izan behar dugu ze motatako produktua salduko dugun, eta kalitatea izango bada gure balio erantsia, orduan jakin beharko dugu prezio egoki bat jartzen salduko dugun produktu horri”. 

Azkenik, Fernándezek uste du ekintzaileek ez dutela inoiz “plan B” bat: “Beti izan behar dugu plan B bat, normalean, espero dugunak eta benetan gertatzen denak ez dutelako bat egingo”. Kasu horretan, alternatibak beharrezkoak dira. Alternatibak izatearen garrantziaren inguruan, Fernándezek adibide argi bat jartzen du: “Covid-19aren krisiak ekonomia jo zuenean, bizirik mantendu ziren negozioak plan B zeukatenak izan ziren”. 

Zeintzuk dira arrakastarako gakoak?

Ez dago gako zehatz bat enpresa bat ondo joango den edo ez jakiteko, baina bai badaudela zenbait irizpide ibilbidea oparoa izateko. Horien artean, merkatuaren ikerketa sakon bat egitea, talde egonkorrak sortzea, zorra kontrolatzea eta aholkularitza legala jasotzea izan ahal dira garrantzitsuenak, Fernándezek dioen bezala.

Gainera, Fernándezek dioen bezala, gure negozioa ondo doanean ere kontuz ibili behar gara: “Ezin ditugu neurriz kanpoko itxaropenak izan. Gauzak ondo joan arren, negozioa bat-batean eta planifikatu gabe handitzeak enpresaren amaiera suposatu dezake”. Anbizioa ezaugarri positiboa den heinean, anbizioa kontrolatzen jakin behar dugu behin ekintzailearen ametsa egia bihurtu denean.