Atarrabiara doa Nafarroa Oinezen lekukoa. Paz de Ziganda Ikastolak antolatuko du, hala, 2025eko ikastolen besta, atzo Zangozako entzutegian egindako lekuko aldaketaren ekitaldian jakinarazi bezala. Ikastolako zuzendari Iñaki Errozek eta lehendakari Maider Nuinek jaso dute lekukoa. Lehendakariak azpimarratu bezala, “Nafarroako 15 ikastolen ordezkari gisa, lekukoa hartu eta euskal herri osoan euskarazko hezkuntza bermatzeaz aparte, egunerokotasunean euskaraz bizi ahal izateko” bideratuko dituzte euren indarrak Paz de Zigandakoek.

Dagoeneko lanean hasi direla ere nabarmendu du Nuinek, eta eskerrak eman die bai Nafarroako Ikastolen Elkarteari, bai jada batzordeetan buru-belarri ari direnei zein etorkizunean ere egonen direnei: “Zuen parte hartzearekin posible egiten dugu euskararen eta euskal kulturaren aldeko eskaintza hau”. Bide beretik, 2024ko Nafarroa Oinezaren arduradunek egindako lana ere goraipatu du: “Urte osoan izan duzuen inplikazioa eta ahalegina ikusita, harro egotekoa da. Gu piztu gaituzue. Zuei esker hemen gaude, beraz mila esker”.

Lekukoa Zangozako Ikastolako ordezkarien eskutik jaso dute Atarrabiakoek, hau da, ikastolako zuzendari Nagore Oria eta lehendakari Carlos Arcelusen eskutik. Oriak ikastolaren historia izan du gogoan bere hitzetan: “Nafarroa Oineza antolatzeko ardura hartu genuenean argi genuen Zangozako Ikastolako ipuina nahi genuela izan esku artean: familia ausart eta ameslari batzuek hasitako ipuina eta kapitulu ezberdinez ornitzen joan garena. Nondik gatozen eta nora goazen jakitea garrantzitsua baita”. Lehendakariak azpimarratu bezala, hala, ipuin horretan “kapitulu berri bat idazteko aukera” izan du Zangozako ikastolak aurten, “auzolanean eta komunitatean” sortu dena, eta ikastola gisa “kohesionatu eta indartu” dituena. “Ikastolen babesa ere sentitu dugu. Eta horrek guztiak piztu du duela 46 urte piztutako sua. Orain, kapitulu honi amaiera emateko unea iritsi da, idazten jarraituko dugu, baina lekukoa pasatzeko unea da”.

Zangozako Ikastolako ikasle talde batek koreografia bat oholtzaratu zuen. Javier Bergasa

Paz de Zigandarentzat hirugarren Nafarroa Oineza izanen da 2025ekoa. 1991ean egin zen lehenenengoa eta 2010ean bigarrena. Atarrabiako ikastola izan zen Nafarroako Gobernuak errekonozitu zuen Nafarroako lehenengo ikastola 1970ean, eta gaur egun ere ikastolen proiektu pedagogikoaren oinarria den ereduaren aldeko apustua egin zuen:euskalduna, kooperatibista, berrikuntza pedagogikoetan eta hezkidetzan oinarritua.  

Ikasleak aurkezle lanetan ere aritu ziren. Javier Bergasa