Amaiur Ikastolak beste urrats bat eman du bere patioa bernaturalizatzeko prozesuan. Ikastetxeko zuzendaritzak, familiek, langileek eta Clara Eslava eta Fermín Blanco arkitektoek 2020ko ikasturtean hasitako lanak aurrera jarraitzen dute, eta uda honetan bigarren faseari ekingo zaio. Proiektu hau Iruñeko Udalak finantzatzen du eta 2025-2026 ikasturterako prest egotea aurreikusten da.
Orain arte patioan saskibaloi kantxa izan den eremuan aldaketak egin dira, hau da, belarrez osatutako mendtixo bat eraiki da zuhaitz, zuhaixka eta esertzeko grada batzuekin. Helburua espazio naturalago eta osasungarriago bat sortzea da. Eguzkiaren eraginpean dagoen hormigoizko azalera bero handia pilatzen duen gunea da, eta horrek, batez ere udako eta udaberriko hilabeteetan, tenperatura altuegiak eragiten ditu ikasleentzat.
Espazioaren berrantolaketarekin, naturarekin harremana sustatuko da eta ingurune osasuntsuago bat sortuko da ikasleentzat eta baita komunitate osoarentzat ere. Berdegune gehiago izango dira, itzalak eskainiko dituzten zuhaitzak landatuko dira, eta material naturalekin eraikitako jolasguneak gehituko dira.
Helburuen artean hauek nabarmentzen dira:
Beroaren eragina gutxitzea: Hormigoizko azalera berde eta naturguneekin ordezkatuz, espazioa freskoago bihurtuko da eta egun beroetan tenperaturaren igoera murriztuko da.
Ikasleen ongizatea hobetzea: Ikasleek ingurune naturalagoan jolasteko aukera izango dute, eta horrek harremanen hobetzea ekarriko du eta haien arteko gatazkak gutxitu egingo dira.
Hezkuntza eta ingurumen sentsibilizazioa indartzea: Naturarekiko harremanak haurrengan ingurumenarekiko kontzientzia garatzen lagunduko du.
Mugikortasuna eta jolasa aberastea: Material naturalekin eraikitako jolas-eremu berriek haurrek era askotako mugimenduak egiteko aukera emango dute, haien sormena eta garapen motorra sustatuz.
Lehen fasean hainbat aldaketa egin ziren, hala nola belar naturaleko eta lurrezko eremuak gehitzea eta batez ere berotasun efektua gutxitzea. Bigarren fase honetan, zuhaitz gehiago landatuko dira, itzala emateko egiturak jarriko dira eta material naturalekin eraikitako jolas-eremu berriak eraikiko dira. Obrak udan egingo dira, ikastetxearentzako eragozpen gutxien sortzeko.
Uda honetan egingo diren aldaketekin, Amaiur Ikastolako patioa ingurune erosoago eta jasangarriago bihurtuko da, eta haurrek beren eguneroko jarduerak giro natural eta atseginago batean garatzeko aukera izango dute. Halaber, komunitate osoaren parte-hartzeak eta inplikazioak proiektuaren arrakasta bermatuko dute, eta horrek eredu izan dezake beste ikastetxe batzuentzat ere. Naturan oinarritutako espazioak sustatzea gero eta beharrezkoagoa bihurtzen ari da klima-aldaketaren testuinguruan, eta Amaiur Ikastolak urrats garrantzitsua eman du etorkizun jasangarriago baterantz.