Blade Runner 2049, Iron Man, Bones eta Star Wars bezalako dozenaka film eta telesailetan ikusi ditugu airean flotatzen duten eta eskuekin manipulatu daitezkeen hologramak. Zientzia- fikzioaren esparrura mugatzen ziren irudi horiek orain errealitate bilakatu dira Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikerketa-talde baten lanari esker.
Izan ere, Elodie Bouzbib, Iosune Sarasate, Unai Fernández, Manuel López-Amo, Iván Fernández, Iñigo Ezcurdia eta Asier Marzok osatutako taldeak lortu du, lehen aldiz, errealitate birtualeko betaurrekoren edo bestelako gailuren beharrik gabe zuzenean elkarreragin daitezkeen hiru dimentsioko irudiak sortzea.
Aitzinamendu honek esperientzia murgilgarriak ahalbidetuko ditu, adibidez, museoetan edo hezkuntza zentroetan. Lan honen emaitzak ‘HAL’ aldizkari zientifikoan argitaratu dira.
‘Display’ bolumetrikoak
NUPeko taldeak garatutako lanak aurrerapen nabarmena ekarri du display bolumetrikoen teknologian. Sistema hauek, ohiko hologramek ez bezala, ekipamendu berezirik gabe hainbat angelutatik ikus daitezkeen hiru dimentsioko irudiak sortzen dituzte.
Elodie Bouzbib doktoreak azaltzen duenez, “filmetan ikusten ditugun eta hologramak deitzen ditugun horiek, normalean, display bolumetrikoak dira”. “Airearen erdian agertzen diren grafikoak dira eta hainbat angelutatik ikus daitezke errealitate birtualeko betaurrekorik eraman behar izan gabe: komunitate zientifikoan true-3D grafikoak izenarekin ezagutzen dira”.
Grafiko horiek “bereziki interesgarriak dira”, Bouzbiben iritziz, “come-and-interact motako ekintza ahalbidetzen dutelako (etorri eta elkarreragin)”; hau da, pertsona bat gailu batera hurbildu eta hori erabiltzen has daiteke.
3D bistaratze-sistemek azkar oszilatzen duen difusorea izeneko xafla arin bat dute eta horren gainean modu koordinatuan proiektatzen dira abiadura handiko irudiak (2.880 irudi segundoko). Ikusmenaren jarraitutasunari esker, gure garunak proiekzio horiek bolumen oso gisa hautematen ditu.
Ikerketaren buru Asier Marzok azaltzen duenez, gaur egun “dagoeneko badaude display bolumetrikoen prototipo komertzialak, hala nola Voxon Photonics edo Brightvox Inc. enpresarenak, eta horietako batek ere ez du ahalbidetzen hologramekin zuzeneko elkarreragina izatea”. Elkarrekintza zuzena, funtsean, “objektu birtualak ukitu eta herrestan eramateko gure eskuak sartu ahal izatea” da.
Difusore elastikoa
Orain arte, 3D grafiko horiekin elkarreragiteko oztopo nagusia difusorea bera zen. Izan ere, elementu hori zurruna denez, apurtu edo kaltea eragin dezake ukitzean. NUPeko taldeak arazo hori konpondu du difusore zurruna elastiko batekin ordezkatuz. Horretarako, hainbat materialen ezaugarri optiko eta mekanikoak aztertu behar izan dituzte.
Garatu duten teknologiari “FlexiVol” izena eman diote eta, funtsean, gure telefono mugikorrekiko dugunaren antzeko elkarreragina ahalbidetzen du, baina hiru dimentsiotan. “Hatz erakuslearen eta erpuruaren artean kubo bati heldu ahal zaio, mugitu eta biratzeko; edo hanka batzuk lurraren gainean ibiliz simulatu hatz erakuslearekin eta hatz nagiarekin”.
Teknologia berri honen abantailetako bat berehalakotasuna da. Errealitate birtualeko gailuek jartzeko eta doitzeko denbora behar duten bitartean, FlexiVol teknologiak berehalako elkarreragina ahalbidetzen du.
Pantailak eta mugikorrak gure eguneroko bizitzaren parte diren bezala, hiru dimentsioko grafikoek askoz aukera zabalagoak irekitzen dituzte lan egiteko, ikasteko edo entretenimendurako. Hezkuntzan, ikasleek motor bat ikusi eta euren eskuekin muntatu ahal izango dute. Museoetan, holograma hauek bisitariei ikusten dutenera hurbildu eta zuzenean elkarreragin ahal izatea ahalbidetuko diete. Egileek ere aurreratzen dute aplikazio konplexuak garatu ahal izango liratekeela, hala nola 3D eszenen editoreak, edo baita laztandu daitezkeen maskota birtualak ere. Eta hori guztia 3D betaurrekorik edo bestelako gailurik erabili behar izan gabe.
Taldeak bere berrikuntza aurkeztuko du apirilaren 26tik maiatzaren 1era bitartean Yokohaman (Japonia) ospatuko den CHI 2025 konferentzian. Bertan 4.000 ikertzaile inguru eta Microsoft, Meta, Apple edo Adobe bezalako enpresetako ordezkariak bilduko dira.
Ikerketa hau NUPek zuzendu eta European Research Council-ek (ERC) finantzatzen duen InteVol proiektuaren markoan garatu da.