Pasa den ekainaren 5a egun berezia izan zen Larraintzarko ikastetxearentzat. Urte askotan zehar itzalita egon den Txutxumutxu Irratiak berriz era Ultzamaldeko uhinak hartu zituen bertako txoko ezberdinetara iritsi eta ikastetxeko bizia nolakoa den kontatzeko asmoz.

Eskola irratia ahozkotasuna lantzeko eta ikastetxean egiten duguna lau haizetara zabaltzeko tresna paregabea izan zitekeela iruditu zitzaigun. Honetaz gain, ikasleentzat motibagarria suertatu zitekeela iruditu zitzaigun, euren familiek ikastetxean egiten zutena ezagutzeko aukera ematen baitu. Hori zela eta, proiektu honekin burubelarri jarri ginen.

Ikasturtean zehar Irrati gela txiki bat sortu genuen ikastetxean eta gela hori Podcastak grabatzeko erabili izan da zenbait irakasgaietan. Egia erra ikasleentzat oso motibagarria izan den zerbait izan da.

Prozesu honetan, Esan Erran, bailara hauetako irratiko langileen laguntza izan dugu eta pasa den astean emititu genuen “Ilusioz ekinez” irratsaioa, aipatutako irratiko esatarien laguntzarekin emititzeko aukera izan genuen.

Ikastetxeko maila guztietako ikasleek parte hartu zuten irrati saio honetan, Haur Hezkuntzako lehenengo mailako ikasleetatik hasi eta 4. DBHko ikasleetaraino. Modu honetan maila guztietako ikasleek euren bizipenak, abenturak eta egiten dituzten lanak kontatzeko aukera izan zuten.

Haur Hezkuntzan euren buruen aurkezpenak, zenbait asmakizun eta abestiak kantatu zizkiguten. 3 urtekoak hasi ziren eta ondotik 4 eta 5 urtekoen txanda izan zen.

Lehen hezkuntzako ikasleen kasuan, landutako proiektu ezberdinak, hala nola, Reciclón lehiaketarako prestatutakoa eta Euskal txerri arrazen lana, Noraino lehiaketarako prestatutako idazlanak edota ikastetxean egin duten film baten inguruko xehetasunak kontatu zizkiguten. Honekin batera Piraten Etxean kanpaldian zeuden ikasleek ere grabazio bat bidali ziguten bertan egiten ari zirena kontatuaz.

DBHko ikasleen kasuan erlijiokoek parabolak kontatu zituzten, olinpiada matematikoetan bizitako esperientziak edota Gernika koadroaren ingruuan egindako diziplina arteko proiektua azaldu ziguten.

Saioari akanbaila emateko 4. mailako ikasleek 13 urte hauetan ikastetxean bizitakoa laburbildu ziguten eta eurentzat aberasgarriak izan diren bizipenak kontatu zizkiguten. Atal honetan sorpresa bat ere izan zuten, Rosa, haien H.H.-ko irakaslea garai hartan oparitu zioten argazki bildumarekin sartu zen eta momentu goxoa pasa zuten argazkiek ekarri zizkieten oroitzapenetan murgilduaz.

Saio bikaina atera zela erran dezakegu eta datorren ikasturtean abiatu berri dugun ekimen honi jarraikortasuna emateko gogotsu geratu gara!

Zorionak ikasle irakasle eta ekimenean parte hartutako guztiei! Lankidetzan egiten diren proiektuek fruitu emankorrak ematen dituztela argi ikusi zen berriz ere. Orain oporrez gozatzeko tenorea da!