Urriaren 19an, Nafarroako euskaltzaleek hitzordu garrantzitsua dute Atarrabian, Paz de Ziganda ikastolak antolatutako Nafarroa Oinez 2025 jaialdian. Euskararen aldeko festa handienak 60 urte betetzen dituen ikastola honetara itzuli da, eta hirugarren aldiz hartuko du Nafarroa Oinez jaia, aurrekoak 1991 eta 2010ean egin ondoren.

Leloa eta Ibilbidea: Buruz, Biho-tzez, Oinez

Aurtengo leloak hiru kontzeptu biltzen ditu, euskaraz ez dakitenentzat ere errazak: Buruz, Bihotzez, Oinez.

Buruz: Arrazoia, helburu argiak eta nortasuna adierazten ditu, etorkizunera begira dagoen eredu pedagogiko eta inklusibo bat islatuz.

Bihotzez: Sentimenduak eta emozioak nabarmentzen ditu, pertsona erdigunean jartzen duen eta euskara eta euskal kultura maite dituen proiektu bat irudikatuz.

Oinez: Mugimendua eta aurrera egitea sinbolizatzen ditu, herritarren mugimendu arduratsu eta dinamiko bat adieraziz: anitza, modernoa, ekologikoa eta osasuntsua.

Jaialdiaren ibilbideak 2,850 km-ko luzera izango du, aldaparik gabekoa, eta hiru gune nagusitan banatuko da: ikastolan bertan izanen da lehenengo gunea (BURUZ), Atarrabiako herriko plaza eta ondoko parkean bigarren (BIHOTZEZ) eta Uharten hirugarrena (OINEZ).

Ekimen Jasangarriak eta Inklusiboak

Nafarroa Oinez 2025 jaialdiak iraunkortasunari garrantzi berezia eman dio, Oinez Klima proiektuaren bidez hainbat ekimen eramanen dira aurrera Atarrabian. Hazi-bonben bidez 200 m²-ko zuhaitz- eta zuhaixka-basotxoak landatuko ditugu Ezkaba mendian. Hiri-birlandaketa ere eginen dugu Atarrabian, 25 zuhaitz landatuko ditugu Ultzama kalean, airea garbitzeko eta hiria edertzeko. Arga ibaiaren ertzean bizi den kastore-koloniaren inguruko ibilbide didaktiko bat prestatuko dugu eta plaka fotoboltaikoak instalatuko ditugu eta sortutako energiaren soberakina komunitatearekin partekatuko dugu.

Horrez gain, Nafarroa Oinez egunean bertan, Basoak Basora lelopean kanpaina berezia eginen dugu. Egunean basoaren/edalontziaren truke ematen den dirua antolakuntzari utziz gero, landaketa edo eta urteko Oinez klima ekimenak hartzen dituen proiektuetara bideratzen da. Horretaz gain, etxera bueltatu aurretik edalontzia itzuliz gero ekarpena bikoitza bilakatzen da, ikastolak edalontzia garbitu eta hurrengo Nafarroa Oinez egunean berrerabiltzen baitugu edalontzi berriak egitea saihesten delarik.

Inklusibitateari dagokionez, jaialdia denontzat irisgarria izan dadin ahalegin handia egin da. Mugikortasun urriko pertsonentzat aparkaleku berezia egonen da. Gure webgunearen bitartez aldez aurretik eska daiteke. Puntu morea, edoskitze gunea, irekiera ekitaldian eta omenaldian zeinu-hizkuntza itzultzailea,… aniztasuna zaintzen dugu abertasuna delako.

Prestaketa eta Jarduerak

Jaialdi nagusia urriaren 19an izanen bada ere, aurreko egunetik hasiko da festa, larunbatean, urriak 18. Egun horretan, artisau azoka, tailerrak, magia ikuskizunak eta kontzertuak egongo dira. Igandean, berriz, Erronka izanen dugu, azken urteetan indar handia hartu duen ekimena, ikastola ezberdinetako gazteek hainbat proba dibertigarrietan parte hartzean datzana. Egitarau zabala izango da, jarduera eta kontzertu ugarirekin, adin eta interes guztientzako.

Nafarroa Oinez jaialdiari buruzko informazio gehiago eskuratzeko, hala nola, iristeko moduak eta aparkalekuei buruzkoak, nafarroaoinez.eus webgunea kontsulta daiteke.

Euskaltzale guztiei dei egiten zaie Atarrabiara hurbil daitezen urriaren 19an. Nafarroa Oinez 2025, gure hizkuntzaren eta kulturaren aldeko jai eta aldarrikapen garrantzitsua da, eta guztiok batuta indartsuagoak garela erakusteko aukera paregabea dugu.

Euskara edo ezkara, guztiok festara!