Vianako Erentzun eta Zizur Txikiko San Fermin ikastolek jaso dute Nafarroa Oinezen hurrengo edizioaren lekukoa, Atarrabiako Paz de Zigandaren eskutik. Nafarroako ikastolen besta handienak, beraz, bi arduradun izanen ditu lehenengo aldiz historian, ikastolen saretzea eta elkartasuna irudikatu nahi duen erabakia.

Paz de Ziganda Ikastolaren eskutik jaso dugun lekukoak harrotasuna eta eskertza sentiarazten gaitu, baina, batez ere, ilusioa da sentitzen duguna”, nabarmendu du Erentzun Ikastolako zuzendari Garbiñe Zulaikak. “Erronka izugarria dugula jakin badakigu, baina badakigu sarean lan egiteak eta elkarren gogoak eta indarrak batzeak gauza handiak lortzen lagunduko digula. Komunitate oso bat gara, eskutik doan herri bat gara, eta euskararen alde amets berari eusten diogu. Gu prest gaude amets horri indartsu eusteko”.

Harekin bat egin du Uxue Lazkanok, San Fermin Ikastolako zuzendariak. “Nafarroan denok gara beharrezkoak, herri txikietan eta hiriburuetan, ume txikien irribarreetan eta gurasoen konpromisoan. Guztiok elkarrekin egiten dugu euskararen normalizazioaren bidea”. Euskaltzaileei bidalitako deialdi batekin borobildu du zuzendariak bere mezua: “Zuen laguntza, zuen babesa eta zuen energia dira gure indarra. 2026an euskarak bere ahotsa ozen entzunaraziko du Nafarroa guztian”.

Maider Nuin Paz de Zigandako lehendakariak zorte ona eta bideaz gozatzea opa die ardura hartu berri duten ikastolei: “Gu eta gainerako ikastolak ondoan izango gaituzue. Gozatu momentuaz eta gozatu bideaz”.

Ikusleen artean irekieran ere parte hartu duten erakunde publikoetako ordezkari ugari bildu dira, besteak beste Nafarroako Gobernuko lehendakari orde Ana Ollo, Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Uhalde eta Euskarabideako zuzendari Jabi Arakama. Iruñeko Udaleko, Atarrabiako Udaleko zein bestelako erakunde publikoetako ordezkariek ere ez dute huts egin, baita euskalgintzako eragile eta talde desberdinetako kideek ere.

Hunkigarria izan da Atarriako Kultur Etxean egindako ekitaldia. Paz de Ziganda Dantza Taldeko dantzariek ikastolako abesbatzaren Txoriak txori abestiaren doinuan dantzatu dute eta, ikastolako atarian ordu batzuk lehenago izandako irekiera ekitaldian bezala, Arantxa Etxeberria eta Oinatz Gonzalez gazteek egin dituzte aurkezle lanak, Buru eta Bihotzen paperetik. Lekukoa esku artean, aktoreek sarrera egin diote ekitaldiko une garrantzitsuenari: “Hau norbaiti emateko da. Landare bat zaindu egin behar da, ureztatu, kimatu… ezin da albo batean baztertuta utzi”, adierazi du Bihotz pertsonaiak. “Eta oso baliotsua da, norbaitek hazia, ura eta lurra jarri dituelako beste batek zaindu dezaten”. “Jaso ditzagun zubiak, herrian mila kolore, partaidetza eta elkarlana, Atarrabiako ondare”, bukatu du Buruk, bertsotan.