Euskarak eta euskal hiztun komunitateak larrialdean jarraitzen duela eta erantzun irmo bat eman behar zaiola berretsi du Euskalgin-tzaren Kontseiluak gaur Euskararen Nazioarteko Egunaren harira landutako adierazpen bateratuan. Kinka larri horren aurren euskaltzaleei ezezik, indar politikoei eta erakundeei deitu die euskararen aldeko engaiamendua ekintzetan gauza dezaten.

Euskararen Eguna euskaldun guztiok euskararen “pizkunde” berriari begira jarriko gaituen data dela adierazi ondoren, abenduaren 27an Bilbao Arenako hitzordua pizkunde horren “lehen txinparta” izan dadin galdegin zuen Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak Bilbon egindako prentsaurrean. Bere esanetan, iazko Euskararen Egunaren testuinguruan adierazitako “hizkuntza larrialdiaren diagnostikoak” bere horretan jarraitzen du, hori antzematen baita datu soziolinguistikoak, euskararen estatusarekin ditugun arazoak eta globalizazioaren egungo aldaerak parez pare jarri dizkigun erronka itzelak aintzat hartuz gero.

Euskalgintzaren Kontseiluko idazkariaren irudiko, “kinka larri honetan ezinbestekoa da euskaltzaletasuna indartzea eta horretarako, ezinbestekotzat jo zuen “indar politikoek eta, bereziki, instituzioek beren erantzukizun eta eragin gaitasunetik euskara lehen lerrora ekartzea eta euskaltzaletasunera lerratzea”. Honen ildotik, azpimarratu zuen euskara “larrialdian” dagoela eta luzamendurik gabe hizkuntza politiketan “jauzi bat egitea ezinbestekoa da etorkizuna bermatzeko”. Pizkunde horretan euskaltzaletasunaren garrantzia azpimarratu ondoren, euskaltzaletasunak euskara gaurdaino “bizirik ekarri” duela aitortzen du adierazpenak. Euskaltzaletasuna “jarrera supremazisten aurrean hesi bat da, hizkuntza, herri, kultur, hiztun komunitate eta hiztunen berdintasunarekin engaiatua”.

Aurten mezua berretsi egin du. Izan ere, euskararen osasunak ez du hobera egin, eta okerrera egiten ari delako zantzu batzuk ere agertu dira azken hilabeteotan. Horien artean aipatu zuen 2036rako arnasgune geografikoak desagertzeko arriskuaz ohartarazi duen ikerlana edota hizkuntza eskakizunen aurkako epaien ugaritzea. “Ofizialtasunaren eraisketa sistematiko bat gertatzen ari da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ez da dudarik, etorkizuna dago jokoan", hauspotu zuen Eskisabelek.

Baina itxaropena jorratzeko garaia ere badela aldarrikatu zuen, eta hizkuntza politiketan jauzi bat egitea ezinbestekoa dela etorkizuna bermatzeko. “Jauzia orain behar dugu, berandu izan ez dadin”, aldarrikatzen du Kontseiluak argitara emandako adierazpen bateratuak. 

Era berean, Euskalgintzaren Kontseiluak ‘Pizkundea’, abenduaren 27an Bilbao Arenan, Miribillan, egingo den ekitaldia parte hartzeko deia egin du. “Batu gaitezen bertan euskaltzaleok, hizkuntza berdintasunean, askatasunean eta justizia sozialean sinesten dugun herritarrok. Eta, jakina, euskarari etorkizun bizi eta oparo bat eman nahi diogun guztiok”, gaineratu zuen.

Euskararen Nazioarteko Egunaren karietara, ekitaldi instituzional ugari ere egingo dira han eta hemen. Eusko Jaurlaritzak ere berea egin du eta eguerdirako egina du deia; Ajuria Enean izango da ekitaldi nagusia.

Erakundeen babesa

Gainera euskararen alde adierazpenak egiteko batu egin dira hainbat erakunde. Mezu bateratua atera dute, adibidez, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak eta Euneizek. Unibertsitateak euskararen indargune izan gaitezen goiburua jarri diote. “Euskal Herriko unibertsitateok funtsezkoak gara euskararen garapenaren eta transmisioaren haria ez eteteko”, azaldu dute. 

Bilbon, bestalde, GUKAk, Euskaltzaleon Plaza Askeak, manifestazioa antolatu du gaurko Euskararen Nazioarteko Egunean. Plaza Eliptikotik abiatuko da arratsaldean, “Bilbon euskaraz bizi nahi dugu, erdalduntze makina gelditu!” lelopean.