Síguenos en redes sociales:

EBak kimiko arriskutsuak debekatu ditu jostailuetan

Urtarrilaren lehenean indarrean sartu den araudi batek jostailuetan substantzia toxikoen erabilera debekatzen du eta, 2030. Urtea baino lehen, produktu bakoitza QR batekin identifikatzera behartuko du.

EBak kimiko arriskutsuak debekatu ditu jostailuetanARGAZKIA: SHUTTERSTOCK

2030. urtean Olentzerok nafar haurrei ekarriko dizkien jostailuek munduko segurtasun estandar zorrotzenak bete beharko dituzte. Europan indarrean sartu berri den araudi batek jostailuetan substantzia toxikoen erabilera debekatzen du eta, jostailu bakoitzak QR kode baten bidez lortu ahal den pasaporte digital batekin identifikatzera behartuko du.

Neurria 2024. urtean jasotako 4.000 alerta baino gehiagori erantzuteko hartu da. Urtearekin batera indarrean sartu den lege berriak enpresei 20230eko abuztura arteko epea ematen die beren produktuak familien konfiantza indartzea helburu duen araudi berrira egokitzeko.

Araudi berriak jostailuen industria eralda lezake. 2025eko urrian Europako Parlamentuak eta Kontseiluak onartutako jostailuen segurtasunaren inguruko Erregelamendu berriak hamabost urtez izan diren zuzentarauak ordezkatuko ditu. Europako Batzordearen esanetan, zuzentarau horiekin jada ezin dira haurrak substantzia kimiko arriskutsuetatik behar bezala babestu. Gainera, ezinezkoa zen Internet bidez saldutako jostailuen kontrol eraginkorra egitea.

Europan, hautemandako zazpi produktu arriskutsuetatik bat jostailu bat da. Kosmetikoek bakarrik gainditzen dute kopuru hori. Europako araukak betetzen ez dituzten produktuen inguruko alerta gehienak online saldutako produktuen ingurukoak dira.

Araudi berriak Europar Batasuneko Estatu kide guztientzako marko komuna ezartzen du eta, hortaz, Estatu kide guztiek arau hori jarraitu beharko dute. Horrela, Iruñean eros daitekeen edozein jostailuk Berlinen eros daitezkeen horiek izandako kontrol berberak jarraituko ditu. Arreta berezia jarriko da Amazon eta AliExpress bezalako online plataformetan, non saltzaile batzuek ikuskaritzei izkin egiten dieten. Arau berriak 2030eko abuztuaren 1etik aurrera aplikatuko dira. Horri esker, ekoizleek 54 hilabetetako epea izango dute beren ekoizpen-prozesuak egokitzeko.

Substantzia kimikoak

Araudi berriak dakarren aldaketarik garrantzitsuena substantzia kimikoen gaineko murrizketak gogortzea da. Izan ere, araudi berriak automatikoki debekatzen du Europako irizpideen arabera arriskutsu gisa sailkatutako edozein substantzia. Adibidez, debekatuta egongo dira haurren garapena eta hormona-sistema alda ditzaketen edo arnasketan eta zenbait organotan kalteak eragin ditzaketen substantziak.

Debekatutako substantzien zerrendan daude, besteak beste, degradazioaren aurrean duten erresistentziagatik ezagunak diren PFAS delakoak, hamar bisfenol motak eta, oro har, minbizia, kalte genetikoak edo azaleko alergia larriak eragin ditzaketen edozein substantzia. Europako agintarien ustez, substantzia horiek guztiek ez dute haurrei zuzendutako produktuetan egon behar.

Murrizketak haratago doaz eta, adibidez, jostailuek ezin izango dituzte biozidak delako elementuak izan . Horien artean daude, beste askoren artean, bakterioak, onddoak eta intsektuak hiltzeko diseinatutako produktu kimikoak. Salbuespen bakarra kanpoan erabiltzeko diseinatutako jostailuak izango dira, hala nola zabuak edo txirristak, horien iraunkortasuna eta segurtasuna bermatzeko tratamendu bereziak behar izaten direlako. Kontserbatzaileen erabilera ere mugatuko da eta hiru urtetik beherako haurrei bideratutako jostailuetan alergiak eragin ditzaketen lurrinak debekatuko dira.

Jostailuen pasaporte digitala

Araudi berriaren bigarren ardatz nagusia digitalizazioa da. Europar Batasunean sartzen diren jostailu guztiek pasaporte digital antzeko bat izan beharko dute. Pasaporte hori eskuratzeko nahikoa izango da jostailuetan egon beharko duen QR kode bat eskaneatzea. QR kode horrek jostailuaren inguruko informazio esanguratsua eskuratzeko aukera emango du: jatorria, osagaiak eta segurtasun-estandarrak betetzen dituenaren bermea.

Pasaporte horrekin, agintariek berehala identifikatu ahal izango dute jostailu batek arriskurik duen ala ez eta merkatutik azkarrago erretiratu ahal izango dituzte jostailu horiek. Online saldutako eta Europar Batasunean inportatutako jostailuen kasuan, aduana-agintariek pasaportea egiaztatu ahal izango dute produktuak Europan sartu baino lehen.

Pasaporte digital horrek arazo zehatz bati erantzuten dio. Izan ere, online merkataritzak ikuskaritza fisiko bat nekez pasatuko luketen produktuen sarrera errazten du. Hortaz, helburua da segurtasun-estandarrak betetzen ez dituzten eta Internet bidez saltzen den jostailu-oldea geldiaraztea.

Jostailuak eta adimen artifiziala

Ildo berean, lehenbizikoz segurtasun digitala kontuan hartuko da jostailuen inguruko araudian. Horrela Internetera konekta daitezkeen jostailu guztiek babes-neurriak izan beharko dituzte baimenik gabeko sarbideak eta adingabeen datu-filtrazioak ekiditeko. Gainera, jostailuen inguruan egiten diren segurtasun ebaluazioetan kontuan hartuko da jostailu bakoitzak haurren osasun mentalean izan dezakeen eragina.

Adimen artifiziala erabiltzen duten jostailuak, hala nola aurpegiak ezagutzen dituzten edo aholkuak eman ditzaketen robot interaktiboak, “arrisku handiko sistematzat” hartuko dira Europar Batasuneko Adimen Artifizialeko Araudiaren baitan. Sailkapen horrek betebehar zorrotzagoak eskatuko dizkie ekoizleei, baita adostasun-ebaluazio zorrotzagoak ere.

Arauak orain arte arreta gutxiago jasotzen zuen talde batera zabaldu du bere babesa. Horrela, desgaitasunen bat duten haurrek bermatuta izango dute bere jostailu egokituek ere gainerakoen segurtasun-kontrol berberak jarraitzen dituztela.

Gardentasun handiagoa online salmentetan

Merkataritza elektronikoko plataformak ere jomugan daude. Araudi berriaren arabera, online dendetako hornitzaileek modu argian erakutsi beharko dituzte saltzailearen identitatea, CE marka, oharrak eta produktuaren pasaporte digitalerako esteka.

Arriskutsutzat hartzen diren jostailuak ilegaltzat hartuko dira Interneten, faltsifikazioak edo iruzurrak bezala. Amazon, eBay eta gainerako plataformek beren orrialdeak birdiseinatu beharko dituzte kontsumitzaileek produktuen inguruko informazio guztia jaso ahal izateko erosi aurretik.

Betebeharrak banaketa-kate osora hedatuko dira. Inportatzaileen kasuan, agintariei berri eman beharko diete jostailu susmagarriren bat aurkitzen badute. Ekoizleek, berriz, hizkuntza argi eta ulergarrian idatzi beharko dituzte oharrak, irakurketa zailtzen duen letra tamaina txikia saihestuz.

7.000 milioi euroko merkatua

Jostailuen europar merkatuak zifra esanguratsuak aurkezten ditu. 2021ean, Europar Batasunera inportatutako jostailuen balioa 7.100 milioi eurotik gorakoa izan zen. Jostailu horien guztien % 80 inguruk Txinan du jatorria. Europako jostailugintzak 50.000 enplegu baino gehiago sortzen ditu, gehienak, enpresa txiki eta ertainetan. Europatik Estatu Batuetara egindako jostailuen esportazioak 280 milioi eurotara iritsi ziren.

Araudi berrien helburuetako bat lehia-baldintzak orekatzea da. Horretarako, Europan saltzen diren jostailu ez seguruen kopurua murriztu nahi da, bereziki, online saltzen diren horiek eta, aldi berean, Europan ekoiztutako eta inportatutako jostailuen artean oreka bat lortu nahi da. Arauak eskatzen du jostailu guztiek operadore ekonomiko arduratsu bat izatea Europan bertan. Modu horretan, orain arte zenbait inportazioei kontrolak saihesteko aukera ematen zien atea itxi nahi da.

Erronka handia europar industriarentzat

Europar ekoizleek erronka handi bati aurre egin beharko diote: materialak berrikusi, fabrikazio prozesuak aldatu, jostailuen pasaporte digitala zehaztu… Egokitzapen horrek teknologian inbertitzea eta langileak trebatzea eskatzen du.

Baina, aldi berean, araudiak berrikuntza bultza dezake sektorean. Izan ere, jostailu seguruagoak, hobeto konektatuak eta familien segurtasun-eskaerei erantzuten dietenak garatzen lagundu dezake. Teknologian inbertitzen duten eta araudia betetzen duten enpresek urtean 7.000 milioi euro baino gehiago mugitzen dituen merkatuan bereizi ahal izango dute. Egokitzen ez direnak, Europako merkatutik kanpo geratuko dira.

Arau horren benetako arrakasta Europako eta Estatuko agintariek merkataritza elektronikoa eraginkortasunez zaintzearen araberakoa izango da. Arau honek gainbegiratze sendo batekin bakarrik beteko du haurrak benetan babesteko helburua. Horrela bakarrik espero dezakete gurasoek Interneten erositako jostailu horrek benetan betetzen dituela agintzen dituen segurtasun-estandarrak.