Síguenos en redes sociales:

Ane ElordiKorrikako koordinatzailea

“Korrika gure Euskal Herriaren isla da hamaika egunez, eta batzen zaizkigun eragileentzat haien aldarriak plazaratzeko sare ere bilakatzen da”

Ane Elordi, bigarren urtez Korrikako koordinatzailea dena, aurtengo edizioari eta euskararen egoerari buruz solasean aritu da gaurko honetan

“Korrika gure Euskal Herriaren isla da hamaika egunez, eta batzen zaizkigun eragileentzat haien aldarriak plazaratzeko sare ere bilakatzen da”AEK-KORRIKA

Ane Elordi, bigarren urtez Korrikako koordinatzailea dena, aurtengo edizioari eta euskararen egoerari buruz solasean aritu da gaurko honetan. Elkarrizketa, PSOEk eta CCOOek Korrikan parte hartuko ez dutela jakin baino lehen egin da.

Zer da zuretzat Korrika?

Bi urtetik behin Euskal Herrian euskararen alde egiten den egitasmorik handiena da Korrika, eta horretaz gain, gure balioak lehen lerrora ekartzeko eta nazio-kontzeptua mahai gainean jartzeko ariketa ere bada. Hamaika egunez, euskal herri ideala bilatzen dugu, lan handiz eta mimo handiz prestatzen dugun egitasmoa da.

Zeintzuk dira balore horiek?

Nazio mailako erakundea gara. EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian egiten dugu lan, eta sinisten dugu euskara ikasteko eskubidea izan behar duela euskal herritar orok, doakotasunaren aldeko aldarria ere egiten dugu.

Aurten, 40 urte eta gero, Atharratzen hasiko da Korrika eta Euskal Irratiak egingo du lehen lekuko-hartzea.

Egungo egoera ez da gozoa euskal irratientzat. Izugarrizko lana egiten dute hauek, gure bozgorailu ere badira, bertatik jasotzen ditugu berriak sarritan, eta guretzako beharrezkoa da aitortza hori egitea eta lehen lekuko-hartzea beraien esku izatea.

Lekuko-hartze gehien dituen Korrika izango da ostegunean abiatuko dena.

Orain arte, Korrikak gurutzatzen zituen kilometroak bakarrik argitaratzen genituen, eta aurtengotik aurrera, lekuko-hartzeak ere publiko egin dira. Gero eta parte hartze handiagoa dago, eta guretzat bada erronka, eta bide batez 45 urtetan egin dugun lana ere azpimarratu nahi dugu, nahiz eta AEK-k oraindik Korrikaren beharra izan.

Korrika AEK-ren sostengu-ekonomiko handia baita…

Bai, hala da. Korrika bi arrazoi nagusiengatik egiten dugu: batetik, euskararen sustapena beharrezkoa delako gaur egun, eta bestetik, AEK-k euskararen normalizaziorantz egiten duen lan hori aurrera eramateko baliabide ekonomikoak kudeatu ahal izateko.

Parte-hartzeak handitzeko joera izan du beti, ala egon dira beherakadak?

Hasierak ez ziren errazak izan. Betoak eta boikotak ere izan ditugu, Hala ere, azken urteotan gorakada nabarmena izan dugu, gehien bat, izurritearen ondoren. Eta ez bakarrik parte-hartzean, baita Korrikaren kalitatean ere, covid-az geroztik, koxka bat aurrera egin dugula uste dut.

Herri edo hiri bakoitzaren ezaugarri linguistikoak ez dira berdinak. Zer eragin dauka Korrikak igarotzen dituen herrietan?

Egia da tokian tokiko errealitateak desberdinak direla eta osotasunean ezin dugula Euskal herri euskaldun bati buruz hitz egin. Batetik, erdaldunagoak diren herrietan, bertako euskalgintza aktibatzeko modu bat da Korrika, eta bestetik, herri horietan bizi diren euskaldunentzat ere hauspoa eta arnasa suposatzen du bi urtez behin pasatzen den ekitaldiak. Euskaldunagoak diren eremuetan, aitortza eta eskertzea ere bada, egunero euskararen alde lan egiten duen ororentzat. Hala ere, oraindik asko dago egiteko, gerturatzen diren horiei konpromiso berezia eskatzeko pausua eman behar dugu.

“Euskara ez da folklorea” esaldia asko errepikatu duzue aurkezpenetan.

Euskara eta korrika ez dira folklorea. Badauka euskaldunontzat sinbolo kutsu hori, eta batzuetan marra malgua da. Jai-giroan hartzen dugun egitasmoa da, baina aldarrikapena da berez. Euskaldunon euskara ikasteko eskubideak defendatzeko aldarria da, eguneroko kontzientziazioa sustatzeko ariketa izatea nahi dugu.

Euskaren aldeko aldarria izateaz aparte, beste errebindikazioentzako agertoki bezala hartu izan du komunitateak.

Noski. Azkenean, Korrika gure Euskal Herriaren isla da 11 egunez. Beti esaten dugu euskara dela Korrikaren ardatz bakarra, baina gero, gurera hurbiltzen diren eragileek haien aldarriak plazaratzeko sare ere bilakatzen da Korrika. Errespetuz eta egindako lanari trabarik jarri gabe, guk ere errespetatzen ditugu besteon aldarriak.

Badago aktiboki euskararen alde ez dagoen jendea, gero Korrikara hurbiltzen dena. Eginkizun sozial bilakatu da nire ustez.

Bai, hala da. Guretzat garrantzitsua da. Nahiz eta egunerokoan euskara ardatz ez eduki, ongietorriak dira horiek ere. Aldi berean, poztasunez hartzen dugu hurbiltasun hori, baina bai eskatzen dugu ondoren, euskararen aldeko pausua edo erantzukizuna. Hurbiltzearekin, hurrengo pausoak egiteko gonbita ere luzatzen diegu.

Badira Korrikaren kontrakoak ere.

Azken aldian, handitu egin dira gainera. Hasierako urtetan traba gehiago egoten ziren eta zorionez, asko aldatu da, baina oraindik ere badira kontrako jarrera plazaratzen dutenak. Espero dugu pixkanaka jarrera horiek desagertzea.

Zure bigarren urtea da koordinatzaile lanean. Nola antolatzen da Korrikaren moduko ariketa bat?

Guk maiz esaten dugu, asko maite dugun munstro handia dela Korrika (barreak). Egunero ordu asko sartu behar izaten dira, zer esanik ez azkeneko txanpa honetan. Urte eta erdiko lana da Korrika, azaroan egin genuen aurkezpena eta ez dugu atsedenaldirik izan, beti baitago zerbait egiteko. Asko izan dira egindako agerraldiak, aurkeztutako berrikuntzak, eta martxoaren 19a mugarri izango da. Ezingo litzateke Korrika aurrera eraman Euskaltegietan lan egiten duten 600 lagunik gabe.

Euskal Herriaren herenak hartzen du parte, miloi inguruk.

Aurreko edizioan, miloi bat eta 700 pertsona kontatu ziren. Gure egoera soziolinguistikoarekin zerikusia izango du: bai erabilerarekin, bai ezagutzarekin eta bai gaitasunarekin. Hala ere, miloi bat pertsona horietatik, asko oraindik ez dira euskaldun. Fokua hor jarri behar dugu: euskarak izan behar du gure komunitatearen ardatz eta hizkuntzak egingo ditu zubi-lanak guztion artean. Euskara da euskaldun egiten gaituena, azken finean.

Kanpotik datozenak harrituta geratuko dira antolatzen duzuenarekin.

Guztiz. Guretzat hain ohikoa eta hain sustraitua dagoen ekimen hau atzerrian arrotza izaten da, baina egia da askorentzat eredu ere bagarela. Bretainian eta Okzitanian haien hizkuntza gutxituen aldeko korrikak egingo dituzte, eta hori ikusteak ikaragarri pozten gaitu, noski.