Irunberri, dantzak lotzen duen herria
70eko hamarkadan sortu zen Iturriotz Dantza Taldearen ondareari jarraipena eman nahi izan diogu Arangoitin
Irunberriko zinemako hormek badute zerbait kontatzeko. Han hasi ziren, 1970eko hamarkadaren erdialdean, Iturriotz dantza taldearen lehen pausoak, eta eszenatoki beraren gainean borobildu da orain, hamarkada batzuk geroago, transmisio kulturalaren katea. Arangoiti Ikastolak bultzatutako proiektu honek herriko dantza ondarea berpiztu nahi izan du, ez soilik begirada nostalgiko batekin, baizik eta gaur egungo gizartearen balioetara egokitutako ikuspegi berritzaile eta inklusibo batetik.
Oroimenaren taupadak: Iturriotz
Iturriotz dantza taldearen sorrera ilusio garaia izan zen Irunberrin. Iturrien arabera, eta datak gora-behera, taldea 70. hamarkadaren erdialdean sortu zen inguruko dantzari eta dantza talde ezberdinen laguntza tarteko. Garai hartan herrian zegoen txistulari taldearen inguruan eta herriko zenbait gaztek bultzaturik Irunberriko lehenbiziko dantza taldea sortu zen. Taldearen izena bera hautu kontzientea izan zen: toponimia aztertu ondoren, Txirringua eta Iturriotz artean zalantzan egon ostean, azken hau hautatu zuten herriari lotutako nortasuna azpimarratzeko.
Herrian eta inguruan hainbat emanaldi egin zituzten dantzariak, horien artean 1978. urtean Iruñean ospatu zen Dantzari Egun handia. Taldeak 1980ra arte iraun zuen, gutxi gora behera, mutilak soldaduskara joaten hasi ziren arte. Garai hartan, neskek mutilen dantzak ikasten zituzten arren, plazan dantzatzea pentsaezina zen, tradizioak markatutako muga zurrunen ondorioz.
Arangoiti Ikastola: Aizpe. Tradizioa berrasmatzen
Gaur egun, Arangoiti Ikastolak lekukoa hartu du, baina bestelako begirada batekin. 2025-2026 ikasturtean hasitako proiektu honek transmisio kulturala berrikustea izan du helburu, “euskaldun osoa” eredua ardatz hartuta. “Ezberdin berdinak” kontzeptuaren bidez, inklusioa eta aniztasuna txertatu nahi izan dituzte dantzaren munduan, XXI. mendean euskaldun izateko hautu kontzientea sustatuz.
Lanketa honetan bidelagun aparta izan dute: Aritz Ibañez Lusarreta, Duguna taldeko zuzendaria. Ibañezek, Irunberrirekin lotura afektibo sendoa du eta gogoz lagundu die dantza errepertorioa zein jantziak birpentsatzen. Helburua ez da izan soilik dantzak erreproduzitzea, baizik eta sormenari bide berri bat ematea eta herritarrak parte hartzera gonbidatzea.
Arangoitiko Soka-dantza: lotura sinbolikoa
Jaialdiaren une gorena Arangoitiko soka-dantza berriaren aurkezpena izan zen. Dantza hau propio sortu da ikastolarako, bertako eta inguruko elementu koreografiko eta musikalak uztartuz eta ikastolako Aizpe taldeko dantzariek Iturriotz dantza taldeko dantzari ohiekin batera dantzatu zuten. Sarrera 2003ko Irunberriko Nafarroa Oinez-eko melodiarekin egin zen dantzari eskuek emanda, eta zubien bidez komunitatearen “korapilo sinbolikoa” irudikatuz.
Musika aldetik, aberastasun handiko pieza da: Zaraitzuko “Katxutxa” eta Erronkariko Ttunttunaren doinuak bildu dituzte, Irunberriko gaiteroen soinuak lagunduta. Jantziei dagokienez, sinpletasunera eta erosotasunera jo dute, oinarri txuria erabiliz eta etorkizuneko emanaldietarako apaingarri gorriak gehitzeko asmoarekin.
Gainera, jaialdian entzun ziren grabazioetan, belaunaldien arteko zubia nabaria izan zen: 6. mailako ikasleen ahotsek eman zioten sarrera jaialdiari baina pisu nagusia Iturriotz taldeko kide ohiek eraman zuten, beren testigantzekin ekitaldiari sakontasun historikoa emanez.
Komunitatea zineman bilduta
Jaialdia ez zen eszenatokira mugatu. Zinemako sarreran erakusketa berezi bat antolatu zen: Iturriotz taldearen argazki eta jantzi zaharrak eta Aizpe dantza taldeko jantzi historikoak ikusi ahal izan ziren, urteetako ibilbidearen lekuko. Herri baten nortasuna ez baita soilik gordetzen den zerbait, dantzaren urratsekin egunero berritzen den bizi-indarra baizik, Irunberrik, bere iturritik edaten jarraituko du.
Temas
Más en Sociedad
-
Varios cazas de combate F18 sobrevuelan Navarra en maniobras de entrenamiento
-
Alerta sanitaria: la dermatosis nodular provoca la suspensión del desafío ganadero de Cintruénigo
-
Navarra, la región más acogedora del Estado y entre las diez más acogedoras del mundo
-
Las exmonjas de Belorado declaran este jueves por el presunto trato degradante hacia sus compañeras ancianas