Irulegi Ikastetxeko 6. mailako ikasleok, Aimar Arrondo Iturbide dugu ikaskide. Gaur, 12 urte beteko ditu. Gure elkarrizketa beretzat da, mugitzeko eta ikasteko guk baino esfortzu handiagoa egin behar duelako, jaio zenetik garun-paralisiarekin aurrera egiten duelako.
Aimar, eskolan egiten dituzun gauza guztien artean, zeinek ematen dizu lan gehien? Eta zein da gehien gustatzen zaizun hori?
Eskolan oso pozik nago. Irakasleek, bereziki Alberto nire hezitzaileak, Aitziber nire tutoreak, Ainarak, Bikik eta Irisek asko laguntzen didate eta dena errazten didate. Eskolan, gehien gustatzen zaidana, nire ikaskideak dira; giroetan lan egin edo jolas orduan komikiak egiteko aukera. Nire lagunekin marrazteak lasaitzen nau. Jolas orduan lagun-talde bat elkartzen gara, gu bakarrik antolatzen gara, gure entrepresa dugu TEBEOS S.A., eta super-heroi bat ere: Pizza Man. Gehien kostatzen zaidana, logurez etortzea da. Gaizki lo egiten dudanean ez zait gustatzen, eskolan nekatuta nagoelako. Gauean ez dut beti ongi lo egiten, batzuetan esnatzen naiz eta horregatik, hurrengo egunean, nekatuta nago eta dena gehiago kostatzen zait, matematika batez ere.
Zure gaitasunak kontuan hartuta, nolakoa izango litzateke zuretzat egun bikain bat eskolan?
Nire egun zoragarrian, eskolan beranduago sartuko nintzateke. Jantokian, txistorra tortilla jango nuke. Jolasaldian, atseden hartuko nuke eta komikiak egingo nituzke. Nire egunik okerrena, goiz osoa sutearen alarma jotzen egon zen eguna izan zen. Asko urduritu nintzen. 80 aldiz jo zuen gutxienez!
Inoiz izan al duzu arazorik Irulegin, zure desgaitasuna dela eta?
Ez. Eskolan nire lagunek asko lagutzen naute, baita irakasleek ere. Lan errazagoak ipintzen dizkidate, nire kabuz egin ahal izateko. Gehien kostatzen zaidana eskailerak jaistea da; gustatuko litzaidake arrapala bat jarriko balute.
Eskolaz kanpo, zein ekintza dituzu? Gustura sentitzen zara?
Eskolatik kanpo, astean bitan, errehabilitazioa egitera noa: fisioterapia, neuropsicologia, logopedia. Nahiz eta batzuetan nekatuta egon, oso pozik noa, asko ezagutzen ditudalako eta etxean bezala sentitzen naizelako. Beste egun batean abesbatzara noa. Beste haur batzuekin abestea gustoko dut, eta Bertarekin ere, nire irakaslea; arreta handia ematen dit eta abesti molonak eskaintzen dizkigu. Musika asko gustatzen zait, bereziki rock-a, baina baita ere entzuten dut Freddie Mercury, Zetak, Mikecrack… Ahal dudan guztietan musika entzuten dut eta gauean Erik Satie entzuten dut lokartzeko. Astean behin igeriketa egin dut. Asko gustatzen zait eta igeriketan oso trebea naiz. Uretan askeago sentitzen naiz.
Handitzean, zer izan nahiko zenuke?
Nagusitzean, artista izango naiz; komikiak sortuko ditut.
Amaitzeko, probestu nahi duzu aukera hau norbaiti eskerrak emateko?
Alberto eskertu nahi dut. Nire hezitzailea izan da Haur Hezkuntzako lehenengo mailan nengoenetik. Aitziber ere, nire tutorea, oso jatorra da eta asko ikasi dut berarekin. Nire lagun guztiak ere, beti laguntzen nautelako.
Zer esango zenioke desgaitasunen bat duen ikasle berri bati, Irulegira etorriko balitz?
Lasai egoteko esango nioke; eskola oso polita dela. Irulegin segurtasuna eskaintzen dutela bertan, dena erraztuko diote.