2025eko maiatzean, Indiak eta Pakistanek lau egunez egin zuten aurrez aurre, bi potentzia nuklearren artean azken urteetan izandako gatazka armaturik larrienean. Bi herrialdeek, guztira, 1.300 milioi biztanle baino gehiago dituzte.
2025eko ekainean, 12 eguneko gerra piztu zen Israel, Estatu Batuak eta Iranen artean. Gatazka hura aurtengo otsailean hasitako gerra irekiaren aurrekaria izan zen; milaka hildako utzi dituen eta, Ormuzko itsasartea ixteagatik, petrolioaren prezioa bereziki garestitu duen erasoaldi honek oraindik ez du amaierarik begien bistan.
2025ean, halaber, Thailandiak eta Kanbodiak Asiako hego-ekialdean hamarkadetan izandako estatuen arteko liskarrik gogorrena izan zuten. Yemengo huthiek, berriz, Israelen eta Estatu Batuen aurkako erasoak zabaldu zituzten.
Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Escola de Cultura de Pau (ECP) zentroaren Alerta 2026 txostenak jasotzen duenez, 2025ean 40 gerra aktibo izan ziren munduan; 2011ko zifra bera da hori, eta ordutik zenbatutako handiena.
Txostenak gerra gehiago dokumentatzeaz gain, gerra larriagoak ere dokumentatzen ditu. Eta ohartarazi du tentsioaren eta gatazka armatuaren arteko atalasea gaur egun azken hamarkadako edozein unetan baino baxuagoa dela.
Gerra gehiago, nazioartekoagoak
Gatazka armatuek gora egiten jarraitzen dute. ECPk 40 gerra aktibo zenbatu zituen 2025ean, aurreko urtean baino hiru gehiago, eta horrelako kopuru altua 2011n bakarrik izana zen lehenago. Hala ere, daturik esanguratsuena ez da zenbat gatazka izan ziren, zer motatakoak izan ziren baizik.
Nazioarteko gatazkak —bi estatu edo gehiagoren arteko zuzeneko talkak— bederatzi izan ziren 2025ean. Horixe da ECPk, 2007an egungo sailkapen-metodologia ezarri zuenetik, erregistratu duen kopururik altuena.
Ekialde Ertainean izan ziren, berriz ere, horrelako gatazka gehien. Estatuen arteko bederatzi liskarretatik lau eskualde horretan gertatu ziren. Horietako bitan, Estatu Batuek zuzenean parte hartu zuten alde borrokalari gisa: Iran eta Israelen arteko Hamabi Eguneko Gerra deiturikoan eta Yemengo huthien aurkako gatazkan.
Ekialde Ertainetik kanpo, Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdeak 2025ean bizi izan zuen aldirik larrienetako bat, 1998an gerra slant hasi zenetik.
Indarkeria horrek guztiak giza kostu zuzena du. Urteetan lehen aldiz, ordea, indarrez lekualdatutako pertsonen kopurua ez zen handitu: 117,3 milioi ziren 2025eko erdialdean, 2024an baino % 5 gutxiago, ACNURen arabera. Kopuru horrek, hala ese, izugarria izaten jarraitzen du: bost herrialdek —Afganistan, Siria, Sudan, Ukraina eta Venezuela— biltzen zuten munduko errefuxiatu guztien % 65en jatorria.
Afrika, kontinente zigortuena
Afrikak bildu zuen, berriro ere, munduko gerra kopururik handiena: aktibo zeuden 40 gatazketatik 17 kontinente horretan garatu ziren. Gainera, intentsitate handiko hogei gatazketatik —urtean mila hildako baino gehiago eragin eta biztanleria zibilarentzat ondorio oso larriak dituztenak— hamaika Afrikako herrialdeetan kokatu ziren.
Sudanen, 2023an hasitako gerra zibilak lurraldea de facto zatitu zuen. Somalian, Al-Shabaab matxinada islamistak Mogadisciorantz egin zuen aurrera. Eta Mozambiken, Estatu Islamikoaren tokiko adarrak bere operazioak zabaldu zituen.
Afrikatik kanpo, Haiti izan zen urteko beste gune larrienetako bat. Banda armatuek aurrekaririk gabeko lurralde-kontrola lortu zuten, erakundeen erabateko kolapsoaren erdian.
Indarkeria-maila, 2024koa baino zertxobait txikiagoa izan arren, oso handia izaten jarraitu zuen. Aktibo zeuden gerren erdiak (% 50) intentsitate handikoak izan ziren, aurreko urtearen % 57aren aldean.
Gainera, gatazka aktiboen ia erdiak (% 45) indarkeria-maila handitu zuten aurreko urtearekin alderatuta; aldiz, % 25ek baino ez zuten indarkeriaren beherakada erregistratu.
113 tentsio-gune mundu osoan
Gerra irekietatik harago, txostenak gatazka armatuaren atalasea gainditzen ez duten baina gorantz egin dezaketen 113 tentsio-egoera identifikatzen ditu. 2024an baino hiru gutxiago dira. Hala ere, beherakada hori engainagarria da. Izan ere, 2024an tentsio gisa sailkatutako hainbat egoera gatazka armatu bihurtu ziren 2025ean.
Ezegonkortasun-gune horiek ere okerrera egin zuten. % 42 larritu egin zen, eta kopuru hori bilakaera positiboa izan zutenena halako bi da.
Europan, tentsio-egoeren erdiak okerrera egin zuen. Ekialdeko Asian ere gatazkak gora egin zuen, bereziki Txinako ekialdeko kostaldean —Itsaso Horitik Hegoaldeko Txinako itsasoraino—, Taiwango itsasartea tentsio handieneko puntua izanik.
Amerika, aitzitik, egoera gehien hobetu zuen eskualdea izan zen. Historikoki indarkeria kriminalak gogor kolpatutako hainbat herrialdek —Brasil, Mexiko, El Salvador eta Jamaika— homizidio-tasen beherakada erregistratu zuten.
Sexu-indarkeria gerra-arma gisa
Gatazka armatuekin sexu-indarkeria etengabe hazten ari da. NBEko idazkari nagusiak egiaztatutako 4.600 kasu baino gehiago dokumentatu zituen 2024an, aurreko urtean baino % 25 gehiago, eta urte horrek, era berean, % 50eko igoera erregistratu zuen haren aurrekoarekiko. Biktimen % 93 emakumeak edo neskak ziren. Somalian, agintariek ia 15.000 salaketa jaso zituzten 2025eko martxotik abuztura bitartean. Haitin, talde armatuek egindako talde-bortxaketen kasuak % 40 ugaritu ziren.
Talde armatuek sexu-indarkeria erabiltzen zuten lurraldea kontrolatzeko, biztanleria zibila izutzeko eta kide berriak erakartzeko tresna gisa. Elikadura-segurtasunik ezak, gainera, areagotu egin zuen emakumeen eta nesken kalteberatasuna. Pramila Patten Nazio Batuen Erakundeko gatazketako sexu-indarkeriarako ordezkari bereziak ohartarazi zuenez, tokian bertan lanean ari diren emakumeen erakundeak gutxiegi finantzatuta egotetik inolako finantzaketarik ez izatera igaro ziren.
Txostenak lotura zabalagoa ezarri zuen. Intentsitate handiko gatazken % 70 genero-berdintasun maila baxua edo ertain-baxua zuten herrialdeetan gertatu zen. Eta 20 gatazka hilgarrienetatik 16 —% 80— Estatuak LGTBIQ+ kolektiboko pertsonak kriminalizatzen dituen herrialdeetan izan ziren. NBEk bideratutako bake-prozesuetan emakumeen parte-hartzea ere jaitsi egin zen: 2023ko % 19tik 2024ko % 18ra.
Ikerketak adierazten du herrialde bortitzenak direla, ia salbuespenik gabe, emakumeei eta sexu‑minoriei eskubideak ukatzen dizkietenak. Eta ez kasualitatez, horiek berak ez dira demokraziak ere.
Gerrak elikatzen zituzten arrazoiak
Hamar gatazkatik zazpitan, arrazoi nagusia indarrean zegoen sistema politiko edo ekonomikoarekiko, edota gobernuaren politika zehatzekiko, gaitzespena izan zen. Jihadismoa gatazka horien ia erdian egon zen murgilduta. Baliabideen, lurraldeen eta identitatearen inguruko talkak ere antzeko proportzioetan agertu ziren, bereziki Afrikan finkatuta.
Gatazka gehienek arrazoi horietako hainbat konbinatzen zituzten aldi berean. Ez dago gerra sinplerik. Eta konplexutasun horrek zaildu egiten zituen bai negoziazioa, bai esku-hartze humanitarioa.
Alerta 2026 txostenak nazioarteko ordena etenik gabe higatzen den mundua aurkezten du. Lekuan bertan lan egiten dutenentzako finantzaketa desagertu egiten da, prebentzio-mekanismoak ahuldu egiten dira eta estatuen arteko gatazkak ugaritu egiten dira. Israelen, Estatu Batuen eta Iranen arteko gerra irekiak hori berresten du.