Iristear da Nafarroa Oinezen egun handia, urriaren 19an Atarrabia hartuko du euskararen aldeko besta handienak. Nola daramazue, zer moduzko aldartearekin zaude? 

–Azken txanpan gaude. Indartsu iristen gara egun honetara. Azken aldian bilerak berandura arte egin behar izan ditugu, topera ibili gara. Baina ongi bideratuak gaude. Hasiera ekitaldia guretzat garrantzitsua da, eszenatoki horretan ikastolen irudia delako. 

Bigarren Nafarroa Oineza egokitu zaizu zuzendari bezala.

–Garai hartan Batxilergoa zen gure helburua. Oso momentu polita izan zen, helburua lortu genuen eta batxilergoa egonkortu da ikastolan. Gure ikastola hiru lerroko ikastola da, 1.200 ikasle ditu, eta gure estrategian bazuen zentzua batxilergoa izateak. Asmatu genuela uste dut. Orain kontua desberdina da, eraikin gehiago ez ditugu behar, baina badaudenak hezkuntzaren zerbitzurako egokitzea da helburua. Etorkizunera begira azpiegiturak hobetu behar ditugu, pedagogiaren zerbitzura. Erronka hori badaukagu esku-artean. Espazioak asko eraki dira, zabalagoak dira, erabilera anitzekoak… Eta gure espazioak orain dela 30 urtekoak dira, txikiak gelditu zaizkigu gelak. 

Zuzendari gisa horrelako urte bat bizitzea berezia izan da? 

–Talde-lana da eta gaur egun zuzendariaren ardura egiten den guzti hori hedatzea eta konpartitzea da, baita talde-lanak ongi funtzionatzen duela bermatzea. Nafarroa Oineza guraso askoren eskutik ateratzen da aurrera. 15 lan-talde daude, bakoitza ordezkari batekin. Oinez antolatzeak ikastolan duen efektua kooperatibismoa berpizten duela da. Belaunaldi berriek ikastolen filosofia eta izpiritua bereganatzea, ere. Ez da bakarrik Oinez eguna, urtean zehar kooperatibismoari astindu ederra ematea zaio, hastapeneko garaiko partaidetza eta auzolanaren filosofia berpizten da. 2010ean gertatu zen eta aurten ere gertatu da. Ikustezina da, baina zerbait loratzen da. Efektu hori askotan ez da azpimarratzen, baina esango nuke garrantzitsuena dela. Jendea elkar ezagutzen da, sareak indartzen dira, afariak eta bazkariak egiten dira, giro ona sortzen da… Horrek asko balio du. Oinez, azken finean, auzolan erraldoi bat da.

Nafarroan euskara momentu lazgarrian dago eta gure arteko liskarrek ez gaituzte inora eramango. Euskarak batzen gaitu”

Ikastolarentzat urte berezia da arrazoi bikoitzarengatik: Nafarroa Oinez antolatu duzue eta Paz de Ziganda Ikastola 60 urte bete ditu

–Bai. Ikastola asko aldatu da, eta aldi berean oinarriak berdinak izaten jarraitzen dute: kooperatibismoa, euskara eta euskal kultura, izaera berritzailea pedagogia mailan… Ikastola hau oso era prekario batean sortu zen, guraso talde baten eskutik, pisu batean. Jatorrian, San Fermin eta Paz de Ziganda bat ziren, baina erlijio kontuak tartean banatu ziren eta Paz de Zigandan talde txikiena gelditu zen. Azkenean positiboa izan zen, ze Iruñerrian bi ikastola sortu ziren, Jasorekin hirugarrena, eta uste dut horrek izan duela bere garrantzia. Egia da azpimarratu behar dela Nafarroako Ikastolak bat garela. Iruñerrikoak gara handienak, bai, baina herrietan egiten den lana oso garrantzitsua da. Gure arteko hartu-emana oso estua da, eta Nafarroa Oinezeko irekiera ekitaldian hori islatu nahi dugu, benetakoa delako. 

Askotan aipatzen da kontu hau: ikastola handienak zaretela, ezin dela alderatu ikastola txikiekin… 

–Bai, eta pijo batzuk garela. Baina lotura handia dago ikastola guztien artean, batasuna badago. Nafarroan gaur egun legediak markatzen dituen zonifikazioaren mugak gainditzen ditugu, euskarak ezin dituelako mugarik izan, eta hori aldarrikatzen dugu. Ikastolen presentzia ezinbestekoa da Nafarroa osoan. 

Iruñerriaren euskalduntzean, zein izan da ikastolek izan duten papera?

–Iruñerrian beti egon da sektore bat ikastolen kontra, baita sektore abertzalean ere. Eta guk esaten duguna da: gaur egun euskarak eta euskal kulturak duen egoeran, batzen gaituenaren inguruko espazio eta topaguneak behar ditugu. Nafarroa Oinez hori da. Izan ere, aldarrikatzen duguna da Oinez egunera ez etortzea soilik beste ikastoletako kideak edo ikastola zaleak direnak, baizik eta euskarari Nafarroan babesa eman nahi duen oro. Topagune bat aurkitu dezatela hor D ereduaren aldekoak direnak edo ikastolaren hain aldekoak ez direnak ere. Oso egoera kaxkarrean gaude eta gure arteko liskarrek ez gaituzte inora eramango. Euskarak batzen gaitu. Guretzat oso elementu garrantzitsua izan da elkarte, herritar eta erakunde desberdinekin elkarlanean aritzea Oinez honetan: Paris 365, Yala Palestina, herriko hainbat elkarte… Ikastolarekiko dagoen erasotasun guzti hori apurtu nahi dugu.

Hezkuntza ereduarekiko nortasuna eta kidetasuna indartzea da helburuetako bat. Zertan oinarritzen da hezkuntza eredu hori? 

–Euskara eta euskal kultura sustatzea da oinarri sendoenetako bat. Bestalde, pedagogikoki aurrerakoiak eta berritzaileak izatea. Ikastolak etorkizuna badu, metodologietan eta pedagogian aurrerakoia izango delako da. Gure erronka kalitate pedagogiko hori eskaintzea da eta familiak arrazoi horrengatik erakartzea, testuinguru oso zail batean. Jaiotze tasa oso baxua da, etorkinak erakartzeko zailtasunak ditugu. EAE-n berriz, D eredua denontzat denez, erakargarriagoak izan daitezke; baina gure kasuan zailtasun handia daukagu horretan. Ez da erraza, gure testuinguru honetan. Erronka bat da ikastolen mugimenduan, orokorrean. Kooperatibismoa ez dugu aipatu. Sare egitura hori ere indartu nahi dugu… Badaude faktore eta gako askotarikoak, baina betiko filosofia mantenduz aurrerakoiak izatean oinarritzen da nagusiki. 

Esfortzu handia eskatzen du etengabeko berrikuntza bilatze horrek?

–Bai, baina gure ardatzetako bat da, aldi berean. Proiektu pedagogiko bikaina behar dugu izan, nekez konpetituko dugulako egungo garaian beste modura. Ezberdindu behar gara. Laster hasiko da matrikulazio kanpaina eta gure indargune gehienak pedagogikoak dira: KiVa proiektua, EKI bezalako proiektu konpetentzialak… Norabidea hori da. 

Bigarren helburu bat, inguruan ekarpenak egiten jarraitzea da, euskara zabaltzea. Alde horretatik, nolakoa izan da ikasturtea? 

–Jarduera oso politak egin ditugu ikuspegi horretatik, Oinez arroparen defiletik hasita: hor egon ziren Motxila 21, Paris 365… Lehenengo ekintza bat izan zen baina balio izan zigun elkar ezagutza bat egoteko. Hasieratik argi izan genuen ikastola ikastolen lau pareten artetik atera behar genuela. Atarrabiara eta Burlatara joan, zubiak eraiki, erakutsi hain desberdinak ez garela, euskara zabaldu eta konpartitu behar dugula… Eta egia esan oso ongi joan da, esango nuke gehienetan ongi hartuak izan garela, hain euskaldunak ez diren erakundeen aldetik ere. Asmatu dugula uste dut. Eta beharrezkoa dela uste dut Iruñerriko gaur egungo testuinguru sozio-politikoan. Nafarroako gizartea oso anitza da, eta guk ere badugu gure lekua, hori aldarrikatu nahi izan dugu. Zerbait positiboa izan beharko luke horrek, aberasgarria da eskola estilo desberdinak egotea. 

“Anitzak, inklusiboak eta euskaldunak gara, eta elementu guzti horiek egonen dira Nafarroa Oinez Egunean”

Aipatu dugu lehen hasierako izpiritu hori mantentzen jarraitzen duela gaur egungo ikastolak. Zer errango zenuke mantetzen dela eta zer aldatu dela? 

–Mantentzen den erroa kooperatibismoa da, familien presentzia hezkuntza ereduan… Familia berriak igo dira trenera eta lortu dugu familiak mobilizatzea, zalantzak bagenituen arren, baina hor egon dira. Aldatu ez dena, bestalde, euskara eta euskal kultura Nafarroan sustatzearen erronka da. Ikastolatik urtero ateratzen dira 85-90 ikasle ikuspegi horrekin, eta erabileran zailtasunak ditugun arren, Nafarroan urtero zifra horiek markatzea uste dut ekarpen polita dela. Garai batean ikastolak oso erlijisioak ziren eta alde hori aldatu da, galdu da. Ez konformatzea dagoenarekin eta aurrerakoiak izateak ere jarraitzen du gure DNA-an. Azkenik, etorkizuna bermatzeko bikaintasuna bilatzea bada beste faktoreetako bat. Baina segurtasun handia daukagu gure buruan, badakigu gai garela. Gai garelaren ideia hori oso garrantzitsua da, eta ikasleei transmititzen diegun zerbait ere bada. Faktore emozionalek garrantzia handia daukate hezkuntzan, eta azken hamarkadan jauzi handia egin dugu alde horretatik. Espazio garrantzitsua hartu du horrek ikastolak, Haur Hezkuntzatik hasita. 

Heziketa emozionalan errepara-tzea aldaketa nagusia izan da azken urteotan? 

–Lehen ez zuen garrantzia hartu du. Ongizate emozionala ate asko irekitzen dituen gakoa da, eta hori ikasi dugu, horregatik indartu dugu guraso eskola ere. Orain, Hezkuntzarekin batera, hezkuntza afektibo-sexualean sakontzeko proiektu bat abiatuko dugu. Heziketa emozionala lehen existitzen ez zen zerbait zen, baina oinarrizkoa dela ikasi dugu azken urteotan, eta hori aplikatzen dugu. KiVa proiektua garrantzitsua da, bullingaren inguruan, adibidez. Inork ez ditzala bullingaren ondorioak sufritu, bizi osorako markatu zaitzakeela. Duela hogei urte ez zegoen ikuspegi hori hain presente. 

Konfiantzaren Pedagogia ere aipatzen da. 

–Bai, lan egiteko moduak, Haur Hezkuntzatik aldatu dira. Irakasleen begirada ere asko aldatu da, haurrak behatu behar dira, ikusi, taldea ezagutu, bakoitzaren uneak errespetatu… Psikomotrizitateak ere asko eman digu Haur Hezkuntza, dirudiena baino gehiago erakusten digulako, detektatzen jakinez gero. Urte askotako lana izan da. Garrantzitsuena hezitzaileen begirada aldatzea izan da. 

Zerk eragin du begirada aldaketa hori? 

–Formakuntzaren poderioz iritsi gara orain dugun momentura. Ikastolen Elkartean aspaldi identifikatu zen guzti hau, eta bertatik datorkigu formakuntza eta eraldaketa. Irakasleen begirada aldaketa hortik dator. Ez da zerbait materiala, sentsibilitate berri bat da iritsi zaiguna konfiantzaren pedagogiarekin. Horrek ere eraman gintuen espazioak aldatzera. Espazio irekiagoan ditugu orain. 

Nafarroa Oinez egunean ikastolaren balore guzti horiek islatuko dira? 

–Hori da gure helburua. Anitzak, inklusiboak eta euskaldunak gara, eta elementu guzti horiek egonen dira Nafarroa Oinez egunean, horretan oso koherenteak izan nahi dugu.