ez dakit zerk eragin dit zirrara handiagoa. Lekeition lehen aldiz emakume bat San Pedroren aurrean kutxa gainean Kaxarranka dantzatzen ikustea edo herritarrek halako zerbait ikusteko zuten gogoa egiaztatzea haien txalo, irrintzi eta emozioz betetako begiraden bitartez.

Ane Maruriren dantzaren sinbologia handia da eta emozio handia ezkutatzen da haren azpian. Emozio handia eragiten du, hain zuzen ere, emakume batek hartzen duen protagonismo publiko horren azpian, denoi datozkigulako burura txalo zaparrada merezi eta halakorik inoiz jaso ez zuten emakumeak. Justizia poetikoarekin zerikusia du.

Sanpedropea nire haurtzaro eta bizitzako oroitzapenez zipriztinduta dagoen lekua da. Metro batzuetara bizi zen nire amuma Petra eta txikitako oroitzapen asko han kokatzen dira: keleriako izotzen zarata itsasontzietarako bidean, nire izekoek kabanatik ekartzen zuten usaina, amak eskutik helduta neukala batekin eta bestearekin kalean zituen solasaldiak, izeko Luiren irrintziak San Pedro egunean, izeko Edurneren barreak norbaitekin aintzinako kontuak gogoratzean… Ahotsak gogoratzen ditut, berbak, usainak, eta beti, ia beti, emakume baten eskua gertu.

Konturatzen naiz emakumez inguratuta igaro nuela haurtzaroa, beraiek erakutsi zizkidatela gaur dakizkidan gauza garrantzitsu gehienak, bizitarako esentzialak diren horiek. Eta beti egin zutela bueltan ezer espero gabe, euren ekarpenari garrantzirik eman gabe, “halantxerik zalata” barneratuta, inoiz txalo zaparrada bat jasoko zutela imajinatu gabe ere. Nahiz eta etxean eta etxetik kanpo egindako lanaz sekulako ekarpena egin zioten gizarteari, herriari. Ze, pentsa: eurak barik zer.

Horregatik sentitu dut emozio handia ikustean Ane Maruri gaztea kutxaren gainean dantzan eta bereziki hainbat jende hari txalo eginez. Txalo horiek ez zirelako bakarrik berarentzat, hainbat urtetan hantxe bertan kutxari beti behetik begira egon diren emakume guztientzat baizik.