Batzuetan nahikoa da irudi bat gauzak bere lekuan jartzeko, bizitzako gertakizunei benetako neurria hartzeko. Ukrainako gerra hasi zenetik bost hilabete igaro direnean, askotan aipatu da gatazka albisteetan, baita gure eguneroko elkarrizketetan ere. Lehenengo unean bertako bizilagunen egoera larriaz, emergentzia humanitarioaz, hitz egiten zen batez ere, baina poliki-poliki, Ukrainarekin zerikusi duten albiste gehienek gatazkak gure bizitzetan duen eta izango duen eraginari buruzkoak dira: gasaren prezioa, Europa arma gehiagorekin babestearen beharra, zenbait produktuen garestitzea… Ukrainako gerra soilik gure egunerokoan eragina duen gertakizun bezala erabili dugu ahotan, notizietan… Baina, esan bezala, batzuetan irudi bat nahikoa izan daiteke gauzak bere lekuan jartzeko, egoeraren dimentsioaz ohartzeko, gertatzen ari denari benetako neurria hartzeko.

Nahikoa da argazki bat: Mutil gazte baten gorpua lurrean, alkandora urdina irekita. Misil batek harrapatu du eta kristalez eta odolez inguratuta dago Kharkoven, Ukrainako bigarren hiri handienean, dagoen autobus-geltoki baten ondoan. Aitak eskutik heltzen dio. 13 urteko mutiko bat baino ez da. 13 urteko mutiko bat baino ez zen.

Nahikoa da argazki bat gerraz ari garela ohartzeko; gerrak zer suposatzen duen gogoratzeko; aurpegian zaplaztekoa sentitzeko; mina imajinatzen saiatzeko. Konturatzeko mundu honetako benetako zauriak, larrienak, goizean alkandora urdin bat janztea erabaki duen 13 urteko mutiko batek jasaten dituela, edo bere herrialdetik ihesean bortxatua izan den emakume batek, edo bonbardaketa baten ondorioz etxe gabe eta noraezean geratu den adineko bikote batek, edo atzo postara heldu zitzaidan Meet Ukranian beautiful girls mezuaren atzean prostituzio sareetan harrapatuta dauden neska ukraniar gazteek.

Batzuetan nahikoa da irudi bat gerraren benetako aurpegia ikusteko: beti mingarria, bidegabea eta zentzurik gabekoa.