Mendizaletasuna bestelakoa zen garai haietan. Bizitzeko grina ere bestelakoa. Ametsak betetzeko indarra ere bestelakoa. Agian, gizakiak ere ez zirelako antropozeno deituriko sasoi honetakoak, ez zirelako oraingoz, giza jarduerek lurreko ekosistemetan izan duten eragin orokorraren errudunak. Egia da, kolonizatzaileak ziren, agian supremazistak, baina mundua begien aurrean zuten aratz, eta deskubritzeke zegoen. Hortaz, abentura eta bizitza elkarri lotuak ziren.

Kontua da, egunotan, baina duela 100 urte, Everest mendia zen deskubritu gabeko paraje altu horietariko bat. Munduko mendirik altuena igo barik zegoen. Bertan ari zen alpinista britainiarrek osaturiko espedizio bat. Bada, ekainaren 8an, George Mallory eta Andrew Irvine alpinistak gailurrerantz atera ziren, eta ez ziren inoiz ere bueltatu. Noel Odell laguna 8650 metroko altueran, tontorrera bidean, ikusi zituen azken pertsona izan zen. Galdera berehala sortzen da. Heldu ote ziren? Everesteko gailurra zapaltzen lehenak izan al ziren?

Misterioaren korapiloa ez da oraindik askatu, nahiz eta 1999an Malloryren gorpua aurkitu zen. Berak ekar zitzakeen pistek ez zuten demostratu benetan gailurretik iraganak izan ziren ala ez. Irvine ez zen inoiz agertu. 

Barruko sen atabikoak bultzatuta, bidaia epikoa egin zuten bi mendizaleek, eta gailurrerantz abiatu ziren berriz etxeratuko ote ziren jakin barik. Biak bakarrik, bakardade perfektuan, gizaki bat ibili gabeko parajeetan barna.

Diogun moduan ehun urte pasatu dira, eta tarte horretan, mundua eta bertan habitatzen diren gizakiak saldotan joaten dira gaur egun mendi horretara. Everestera igotzeko 2024ko denboraldia amaitu da, eta 600 pertsona pasatu dira tontorretik. Aurten sherpa gehiago, zortzi hildako, eta errekor estupidoak ere izan dira bertan.

Garai zaharretako Everest hura euskal mendizaletasunak galdu berri duen Angel Vallejok ezagutu zuen. Bertan egindako lehen espedizioetan parte hartu zuen, eta goialde haiek duten magia ezagutu zuen. Agian orain, handik ibiliko da bere arima, gailurrerako bidean.