Aho-mihitan dabil zer-nolako galderak egiten ari diren telefonoz euskararen inguruko inkesta batean. Ea euskaldunak pribilegiatuak ote diren, ea euskaraz jakitea pribilegioa ote den, ea euskaldunok mugak jartzen ote dizkiegun erdaldunei, ea euskarazko kultur ekitaldi gehiegi antolatzen ote diren… Noiz eta Orkoiengo alkate jaunak pribilegioen kontu hori zabaldu duen honetan, noiz eta euskara lanpostuetan eskatzearen kontrako jarrera ez ezik, euskarazko ekitaldiak antolatzearen aurkako iritzia ere hauspotzen ari den honetan. Alkate horren eta gisakoen arabera, jende gutxi baitoa euskarazko ekitaldietara, jende gutxi euskaraz eskaintzen diren zerbitzuetara, zertarako dirua horretan gastatu… Finean, gaztelaniaren neurria erabiltzen baitute euskarako ekitaldiei zer harrera egiten zaien neurtzeko. Tira, gauza bat da herritarren iritzia jakin nahi izatea eta bertze bat helburu hori galdera zehatz horien bidez bete nahi izatea. Galdetu zezaketen, konparaziora: pribilegiatuak al dira gaztelaniadunak? Gaztelania jakitea pribilegioa dela uste duzu? Erdaldun elebakarrek mugak jartzen dizkiete herritar elebidunei? Gaztelaniazko kultur ekitaldi gehiegi antolatzen dira? Bada, aste honetan bertan plazaratu da galdera horien inguruko harridura, ezinegona…, are gehiago jakinik nor den inkestaren arduraduna. Euskalerria Irratiko kolaboratzaile baten eskutik iritsi da plaza zabalera eta twiterren izan du oihartzuna. Hori ikusirik, delako erakunde horrek hauxe txiokatu du: “Galdeketa hori aurretik landu den ikerketa baten agertu diren diskurtso guztiak hartu ditu kontuan eta horien inguruan galdetu da. Zientzia-esparruetan planteatu da, eta aurrerago emaitzekin batera, helburuak eta metodologia aurkeztuko ditugu”. Txioak ez nau inola ere asebete eta ez du den mendrenik ere apaldu nire harridura.