Burua harri eginik gelditu zen lehengoan auzo elkarteko kidea, deia entzun, telefonoa hartu eta lineaz bertzaldeko ahotsak erran zionean: ”Egun on, alkatea naiz, bilera egin nahi dut zuekin…”. Bilera egin, eta dena konpondua. Udala Sanfermin Txikietako kale-komunez arduratuko da, jarrera errotik aldatuta. Gurutzeko plazan atzera egin ondoren, “etsaitzat” jo ohi dituen bizilagunenganako jarrera aldatu du Udalak oraingoan, komunen aferan. Ziaboga norainokoa den, bertze arlo batzuetara iritsiko ote den, ikuskizun. Kontrara, Udalak azkenean ez du lankidetzan deus ere eginen Unibertsitate Publikoarekin Batasunaren Pribilegioaren inguruan, elkarlan hori agindua bazuten ere. Errege-erregeen bisitaldia, dronen hegaldia eta gisako punpeziak nahiago, gaiari era akademikoan heldu baino, NUPeko historialariak sobera fidatzekoak ez direlakoan. Ondorioz, Unibertsitatea ari da prestatzen bere kasa duela 600 urteko agiriari buruzko ekimena (erakusketa, hitzaldiak), Salestarren komentu zaharberrituan urrian gauzatzeko, hau da, Iruñerriko Mankomunitatearen egoitza berrian, NUPek han bere tokia ere baduelako. Garrantzitsua da Mankomunitatea ur, hondakin eta garraio kontuetan, baina baita ere gehiengo politikoari dagokionez, hots, eskuindarrik eta sozialistarik gabe. Garrantzitsua, orobat, euskararen alorrean aitzina egin duelako udalerri kideen kokalekuari erreparatu gabe. Iruñerriko mugak aspaldi hautsirik, hango eta hemengo 50 udalerri inguru daude sarturik, handiak eta txikiak, jendetsuak eta ia hutsak, eremu “euskaldunekoak”, “mistokoak” eta “ez-euskaldunekoak”, Basaburutik Añorberaino. Legez hizkuntza-eskubiderik ez duten eremu “ez-euskalduneko” herritarrek euskaraz ere jasotzen dituzte jakinarazpenak. Agian iritsi da Mankomunitatea hizkuntza-eskumenez nola bete pentsatzen hasteko tenorea. l