cara anchoa. Zalantzarik gabe aste honetan zehar kafe orduak animatu dituen gaia izan da hau. RAE-k ere ebatzi du bere erabilpen egokia zein den, pentsa izandako gorakada. Kontua da bideo batean tipo bat argibide eske gerturatzen zaiola beste bati, eta azalpen pertinentea jaso ondoren, eskerrak eman beharreko momentu horretantxe, cara anchoa deitzen dio esplikazioak eman dizkionari. Azken horrek, haserretu eta pare bat hitz egin ondoren, sekulako belarrondokoa ematen dio lehenengo hari, zein aldi berean horrelako aferetan aditua den nonbait, ez zaplaztekoak jasotzen, baina bai horrelako txantxak egin eta youtubera igotzen. Youtuberra da.

Youtuber. Bideoak Youtube webgunera igotzen dituen pertsona. Berdin igo ditzakezu sukalderako lagungarriak, etxean ariketak nola egin edo aurreko kasuan bezala, kalean egindako txantxak. Ez dakit zein formula magikoren arabera, bideoek jasoko dituzten bisitek gora egingo dute oso pixkanaka edo ziztu bizian; beno, egiazki esanda, gero eta bideoaren tontoagoa, orduan eta ikustaldi gehiago izango ditu, aztergai dugun fenomernoaren antzera. Lanbide bezala ere aipatu ohi da, hori youtuberra da; lanbide ezaren ondorio ere izan daiteke, egia esan. Ez genituen bada bizitzan zaplazteko gehiago ikusiko, eta gehienak hau baino askoz ere ikusgarriagoak. Zapla! eta masaila bero-bero, baina horiek ez ziren trending topic.

Trending topic. Edozein dela testuingurua, denbora gutxian ezinbesteko bihurtzen den gaia da. Twitter-i esker egin zen termino hau ezagun, eta egia esan urte batzuk badaramatza bogan. Bolo-bolo erabiltzen den hizketagaia izan ohi da, askotan ordu batzuk edo egunen bat irauten du, iragankorra izaten da oso, baina beste batzuetan astebetez ere luza daiteke, entzule, irakurle edo ikuslearengan eragiten duen inpresioaren arabera, edo bakoi-tzari sarean bueltaka dabiltzan gauzez jabetzea kostatzen zaionaren arabera. Normalean ziztu bizian oso modan jartzen diren termino hauek erraz nazkatu dezakete edozein, eta, gainera, maila oso intelektualean mugi-tzen diren horiek hitza bera sortu baino lehen dagoeneko nazkatuak ziren bere erabilpenarekin. Mainstream-egia.

Mainstream. Korronte nagusia literalki. Eta baita sozialki ere. Orokorrean zerbait famatzen denean, lehen zituen erabiltzaile horiek, arestian aipatutako intelektual aurrerakoi horiek berek, uko egiten diote zerbait horri. Lehen euren bereizgarri zena, orain edonork izan dezakeelako eskura, eta orduan balioa galtzen du berritzaile horientzat. Adibidez, nik lehen Huntza taldearen Aldapan gora entzuten nuen nire bakardadean, edo bertsozalea nintzen BEC-a baino lehen, baina orain, mundu guztiak eskura duenean, mainstream bihurtu da, eta dagoeneko ez dut hain gustuko. Garrantzitsua da zuk lehenagotik ezagutzen zenuela aipa-tzea beti, eta xanpainak bezala gora egiten duen horretan, alboratzen duzunaren itxura egitea, ez zaitzatela edozein follower-tzat hartu.