Badoa aurrera Oinez urtea, gero eta gutxiago falta da urriaren 19an ospatuko dugun Nafarroa Oinez egunerako. Baina gure egitekoa ez da Nafarroa Oinez egunera mugatzen. Urte honetarako sei helburu zehaztu genituen eta hauek lortzeko bidean hainbat jarduera burutu ditugu edota hemendik urria bitartean burutuko ditugu. Jarraian adibide batzuk ikusiko ditugu.

Ikastola gara

Ikastola hezkuntza ereduaren nortasun ezaugarriak aintzat hartuz, Nafarroako 15 ikastolok osatzen dugun sarearen aukerak indartu nahi izan ditugu. Otsailean Nafarroako hainbat ikastolen arteko herri kirol topaketa egin genuen Paz de Ziganda Ikastolan, gure kultura eta kirolaren bitartez Nafarroako zonalde desberdinen arteko ikasleen harremanak bultzatu euskararen erabilera sustatzeko asmoz.

Herria gara

Gizartea euskalduntzen laguntzen dugu, baina jakin badakigu euskararen alde lan egiten dugunok indarrak batu behar ditugula. Horregatik gure inguruko elkarte, erakunde eta bestelako gizarte-eragileekin loturak sendotzeko zubiak ezarri nahi ditugu. Maiatzean, Euskaraldia dela eta, euskararen aldeko egun osoko festa antolatu genuen Erripagainan Euskaraldia, AEK, Erripagainako bizilagunak eta Erripagainako Euskara Taldearekin elkarlanean, Jauziz elkarrekin egingo dugu.

Euskara gara

Euskara eta bere kultura sustatzeko, babesteko eta bere ongizaterako interesgarriak diren beste eragile batzuen harremana eta inplikazioa sustatu nahi ditugu. Ekarpena egin nahi dugu euskaraz bizitzea ez dadin amets bat izan, errealitate bat baizik. Atarrabian bertan euskararen alde lan egiten duten Lapiko eta Karrikaluze elkarteekin batera haur tailerrak antolatu genituen, baita Jon Maiaren hitzaldia ere. Azken honek, bere esperientzia eta bizipenetan oinarrituta, euskararen erabilera sustatzeko hainbat gako eman zizkigun.

Hezkuntza gara

Ikastolok irakaskuntza eta ikaskuntza prozesu integral eta integratzailea bermatu nahi dugu. Gure nortasunaren ezaugarrietako bat autonomia da, baita pedagogiarekin eta hezkuntza-metodologiarekin lotutako erabakietan ere. Horri esker, eta etengabeko hobekuntzan murgilduta, gure hezkuntza-prozesua gizarteak eskatzen dizkigun benetako beharretara egokitzen dugu. Nafarroa Oinezen, besteak beste, erantzukizun ekologikoa, aniztasunaren integrazioa eta jasangarritasunarekiko konpromisoa landuko ditugu. Gaitasun horiek gure hezkuntza proiektuaren bidez garatzen ditugu, gure ikasleak etorkizuneko herritar arduratsuak eta konprometituak izan daitezen. Erantzunkizun ekologikoa eta jasangarritasunarekin lotuta, Oinez basoa proiektuaren aukera pedagogikoak probestuko ditugu eta aniztasunaren integrazioari dagokionez, inklusibitatea lantzen duen “Guztiok bagara” batzordearen bitartez ONCErekin lankidetzan, sentsibilizazio saioak izan dituzte gure ikasleak, baita xakean ikusmenik ez duen lagun batekin jolasteko aukera izan zuten, besteak beste.

Sozialak gara

Nafarroa Oinez honen helburua gure inguruko proiektu sozialetan inbertitzea da, ikastolako familietatik haratago, gizartearen zati batek horietaz gozatzeko aukera izan dezan. Era berean, aniztasunaren eta bizikidetzaren tratamendua aberastu nahi dugu, egungo eta etorkizuneko beharretara egokituz. Maiatzaren 26tik 29ra, Nafarroako Ikastolen sarea eta elkarlana baliatuz, elikagai bilketa solidarioa egin dugu ikastola guztietan Paris 365eko despentsa betetzen laguntzeko eta irailean, Yala Nafarroa laguntzeko kanpaina ere eramanen dugu aurrera.

Jasangarriak gara

Gure hezkuntza-ereduaren jarraipena ziurtatu nahi dugu, baliabide propioak zein ingurukoak modu eraginkor eta jasangarrienean kudeatuz. Oinez basoa proiektua Nafarroa Oinez egunean ingurumenean utzitako arrastoa konpentsatzeko baliatzen dugu, baina urte osoan zehar egiten ditugun jardueretan hondakinen murrizketa, birziklapena, ura eta energia neurrian kontsumitzea eta naturarekin arretaz jokatzea presente izaten dugu.

Hainbat hitzordu

Ekainaren 4an JUUL sari banaketa izanen dugu, 17:00etan Burlatako Kultur Etxean. Ikastoletan bozkatuen izan diren idazle eta ilustratzaileei sariak banatzeko ekitaldia izanen da.

Bestalde, ekainaren 11n Burlatako Kultur Etxean eta ekainaren 12an Atarrabiako Kultur Etxean, Ikastolak herriari kotnzertua emanen dugu. Paz de Ziganda Abesbatza, Lauarin Dantza Taldea, Paz de Ziganda Helduen Abesbatza, Ikastolako Dantza Taldea eta Paz de Ziganda Ikastolako Erraldoiak elkarlanean, Buruz, bihotzez, OINEZ ikuskizuna eskainiko dute.

Kanta eta bideokliparen aurkezpena

Aurtengo Nafarroa Oinezeko abestia runba erritmoan kantatu eta dantzatuko dugu.

Musika Paz de Ziganda Ikastolako ikasle ohia den Igor Martinez atarrabiarrak sortu du eta hitzak, aldiz, Estitxu Arozena bertsolari lesakarrak idatzi ditu.

Igor Martinezen hitzetan “Oinez jaiak duen bizitasuna eta indarra aldarrikatu nahi izan dugu abiadura eta erritmo biziekin, soinu tradizionalekin batera uztartuz. Era berean, ikastolaren motorra den auzolanari dagokion garrantzia eman nahi izan diogu. Horregatik, abestiaren grabazioan 60 pertsona baino gehiagok hartu dute parte”.

Abestiaren ildo beretik sortu da bideoklipa. Haren sorkuntza eta edizioa Paz de Ziganda Ikastolako ikasle ohia den Diego Azanzak egin du. Bertan, elkartasuna eta auzolana dira nagusi, eta ikastolak sortzen duen komunitate erraldoia islatu eta sustatzen da.

Bideoklipean ikastolako ikasle, ikasle ohi, irakasle eta gurasoak agertzen dira eta Paz de Ziganda Ikastola ez ezik, haren hazkundearen lekuko izan den herria ere agertzen da: Atarrabia. Gu ere herria garelako, Atarrabiako hainbat txoko esanguratsutan grabatu dugu. l