Elgorriaren aurkako txertoak 59 milioi bizitza salbatu ditu 2020. urteaz geroztik
Gaixotasun horrek eragindako gaixotasunak % 88an jaitsi dira azken bi hamarkadetan; hala ere, iaz 11 milioi infekzio erregistratu ziren, pandemia aurretik baino 800.000 gehiago
Elgorriaren aurkako txertoak 59 milioi bizitza baino gehiago salbatu ditu 2020. urteaz geroztik. Azken 25 urtetan gaixotasun horrek eragindako heriotzak % 88an jaitsi dira. Datu hori zientziaren eta medikuntzaren esker eman da, txerto merke eta eraginkor bat garatzea lortu baita. Hala ere, arrakasta hori arriskuan da. Izan ere, pasa den urtean, 11 milioi pertsona inguruk hartu zuten gaixotasun hori, Covid pandemiaren aurreko garaian baino ia 800.000 pertsona gehiago. Agerraldiak biderkatu egin dira 2021. urteaz geroztik eta jada 59 herrialderi eragiten dizkie. Pasa den urtean gaixotasun horrek 95.000 heriotza eragin zituen mundu osoan, gehienak, bost urtetik beherako haurrak.
Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) azaroaren amaieran argitaratu duen txosten batek jasotzen duenez elgorriaren kontrako borrokan zen joera lehengoratzen ari da. Orain arte elgorritik libre zen Amerikak estatus hori galdu berri du. Gainera, mundu osoan, 30 milioi haur inguruk beharrezkoa den babesik gabe jarraitzen dute.
OMEren zuzendari orokor Adhanom Ghebreyesusek azaldu duenez, “elgorria da une honetan den birusik kutsakorrena. Gure defentsan izan daitekeen edozein zirrikitu aprobetxatzeko gai da eta pertsona bakar batek beste 18 kutsa ditzake. Leku guztietako haur guztiak txartatuta daudenean posible izango da bizitzak salbatzea, agerraldiak ekiditea eta, zenbait herrialdetan, gaixotasuna guztiz desagerraraztea”.
Kasu gehiago Europan
Elgorriaren aurkako babes kolektiboan zirrikituak azaldu dira. Europan eta Erdialdeko Asian mende honetan izan den agerraldirik bortitzena eman zen iaz 120.000 infekziorekin. Mediterraneoko ekialdean, adibidez, infekzioen kopurua % 86an igo da 2019eko datuekin alderatuta eta, Asiako hego-ekialdean, berriz, % 42.
Afrikan egoera bestelakoa da: infekzioak % 40an jaitsi dira eta heriotzak % 50ean. Hala ere, elgorriaren aurkako txertorik ez duten lau haurretik hiru Afrikan edo Mediterraneoaren ekialdean bizi dira, ia kasu guztietan, gatazkan diren, pobrezia nagusi den edo osasun-sistema oso ahulak dituzten eskualdeetan.
Baina agerraldiak osasun-sistema indartsuak eta haur-elikadura egokia duten herrialde aberatsetan ere biderkatzen ari dira. Horrelako kasuetan, heriotzarako arriskua txikiagoa da, baina arriskua bada. Izan ere, oso kutsakorra izateaz gain, elgorriak konplikazio larri eta iraunkorrak eragin ditzake, hala nola itsutasuna, pneumonia edo entzefalitisa, kalte oso larriak eragin ditzakeen burmuinaren hantura.
Txertoen estaldura motz geratzen da
OMEk eta UNICEFek azaldu dutenez, pasa den urtean, haurren % 84k elgorriaren aurkako txertoaren lehen dosia jaso zuen, baina % 76k bakarrik jaso zuen babes osoa bermatzen duen bigarren dosia. Aurreko urtearekin alderatuta egoerak hobera egin badu ere, bi milioi haur inguru bigarren dosia jaso gabe geratu zirelako, aurrerapena ez da nahikoa.
OMEk baieztatzen duenez, transmisioa gelditzeko eta biztanleria babesteko txertoaren estaldura % 95era iritsi beharko litzateke. Pasa den urtean, 30 milioi haur baino gehiago babesik gabe geratu ziren eta hiru herrialdetan ez da bigarren dosirik eman.
Elgorria berehala suspertzen da txertaketa jaisten denean. Agerraldien igoerak mundu osoko osasun-sistemetan diren hutsuneak utzi ditu agerian.
Elgorria bueltan da Amerikan
Uda ostean Amerikak elgorritik libre zen kontinentearen estatusa galdu du. Birusa Kanadan izan da azken hamabi hilabeteetan, gutxienez. Momentuz, Kanadara mugatu da agerraldia eta beste herrialde guztiek libre jarraitzen dute.
Baina datuak hausnarketarako bide ematen du. Izan ere, elgorria bitan desagertu da Amerikatik, lorpen hori duen kontinente bakarra izanik. Osasunaren Panamerikar Erakundearen arabera, egoera lehengoratzeko aukera dago. Elgorritik libre den herrialde bezala aitortua izateko ezinbestekoa da egiaztatzea birusaren transmisioa, gutxienez, 12 hilabetez eten egin dela. Datu hori, gainera, txertaketa erregistro sendoekin eta izan daitezkeen agerraldien aurrean hartutako neurriekin egiaztatu behar da.
Kanada bezalako herrialde aberats batean agerraldiak emateak konfirmatzen du txertaketa % 95etik jaisten denean agerraldiak izan daitezkeela, nahiz eta osasun-sistema sendoa izan.
Aurrerapauso eskasak
2024an agerraldi larriak izan ziren 59 herrialdetan, 2021ean izandako kopurua hirukoiztuz. Iazkoa pandemiatik izan den kopurutik altuena da. Gainera, lau agerralditik bat jada gaixotasuna ezabatuta zuen herrialderen batean eman zen.
OMEk azaltzen duenez, zaintza indartzeak kasu gehiago hautemateko aukera eman du. Elgorriaren eta errubeolaren hautematerako Laborategien Munduko Sarea osatzen duten 760 laborategiek 500.000 lagin baino gehiagoa aztertu zituzten iaz, hotz, aurreko urtean baino % 27 gehiago.
Hala ere, finantzaketan izan diren murrizketek aipatu sarean eta herrialdetako programetan eragin negatiboa izan dute. Pasa den urtearen amaieran 81 herrialdek lortu zuten elgorria guztiz ezabatzea. Pandemiatik hona hiru dira gaixotasun hori guztiz ezabatzea lortu duten herrialdeak. Hala eta guztiz ere, aurten zenbait urrats eman dira. Adibidez, Pazifikoko zenbait eskualdetan gaixotasuna ezabatzea lortu dute eta Cabo Verde, Mauricio eta Seychelles bihurtu dira hori lortu duten lehen herrialde afrikarrak. Horri esker, jada 96 dira elgorria ezabatzea lortu duten herrialdeak.
Erronkak
OMEren Immunizaziorako Funtsezko Programaren Unitateak aurrerapen batzuk onartzen ditu, baina erritmo motelegian. Kasuen eta heriotzen kopuruak altuegia izaten jarraitzen du, eta hamarkadetan izandako aurrerapenak lehenera etor daitezke.
Pandemiaren garaian txertaketan izan den atzerapenaren ondorioak oraindik nabariak dira eta kasurik larrienetan agerraldiak eman dira gaixotasuna ezabatuta zuten zenbait herrialdetan. Pandemia aurreko garaian ziren txertaketa-tasak berreskuratzeko esfortzuak arrakastatsuak ez badira, txertatu gabe geratzen diren haurrak aurreko urtean izandakoei gehituko zaizkie eta, hortaz, kutsatzeko arriskua duten pertsonen kopurua nabarmen haziko da.
Izan ere, gaixotasun horrek kutsatzeko duen erraztasuna dela eta, txertaketan ematen diren jaitsiera txikien kasuetan ere agerraldiak azaldu daitezke. Elgorria berriz azaltzen denean txertaketa programetan arrakalaren bat izan denaren seinale da.
Desinformazioa eta sare sozialak
Sare sozialetan gero eta ohikoagoak dira txertoen inguruko amen-omenak eta gezurrak. Desinformazioak inoiz baino irismen handiagoa du eta guraso askok ez dakite zer den egia eta zer ez. Horregatik, OMEren ustez, funtsezkoa da komunitateetako liderrek – erlijiosoak, sozialak, politikoak edo bestelakoak –, batez ere osasun arloko eskoletan eta profesionaletan, txertoen errealitatea ondo ulertzea eta informazio zehatza eta egiazkoa partekatzea.
Elgorria ia erabat prebenitu daiteke txertaketaren bidez, baina oro har desagerrarazteko, konpromiso politiko sendoa eta inbertsio iraunkorra behar dira, zaintza-sistemek agerraldiak azkar detekta ditzaten. Elgorriaren aurkako txertoaren bi dosik infekzioa, gaixotasuna eta, beraz, transmisioa prebenitzen dituzte.
25. urteak 2030erako Immunizazio Agendarako (IA2030) bidearen erdia markatu du. Aldiaren erdiko ebaluazioak immunizazio sistematikoa, zaintza eta agerraldien aurreko erantzun azkarra indartzeko eskatzen die herrialdeei.
Elgorri kasu bakoitza arreta puntu bat da, eta heriotza bakoitza porrot kolektibo bat, gaixotasun hori txerto merke eta eraginkor baten bi dosirekin prebenitu daitekeelako.
Temas
Más en Actualidad
-
La cerveza sin gluten puede contener compuestos que provocan malestar digestivo
-
El brote de peste porcina en Catalunya podría proceder de un laboratorio
-
Aranceles, acuerdos comerciales y despliegue militar, líneas maestras de la nueva doctrina exterior de EEUU
-
La UE desaconseja iniciar la caza de jabalíes para evitar la propagación de la peste porcina