Laugarren ikasturtea bete du San Fermin Ikastolak Praktika Gogoetatsuaren metodologian trebatzen. Irakaslearen etengabeko hausnarketa eta izaera kritikoa sustatzean datza praktika hau, izan ere, figura honen jarduna etengabe berraztertzeko beharra dago, bere lana burutzen duen errealitatera moldatu eta honi ahalik eta modu eraginkorrenean erantzuteko. Horretarako, Lehen Hezkuntzako irakasleak ikertzaile rolean jarri dira azken urteotan, burutzen duten jardunaren gaineko analisia egin ahal izateko. Baina garrantzitsuena ez da irakasle bakoitzaren lanaren azterketa hori egitea, baizik eta praktika desberdinen ikerketa egin ondoren, guztiontzat baliagarriak izango diren praktika onen inguruko erabakiak hartzea.

Medikuntzaren alorrean, adibidez, oso hedatua dago eredu hau. Mediku berri batek, urte bete igarotzen du beste baten ondoan lanean, harengandik ikasteko. Eta oso ohikoa da ere bai, esaterako ebakuntzetan, batek lana burutzea eta beste sei profesionalek haren jarduna beha-tzen egotea, ondoren, denon artean protokoloak adosteko. Irakaskun-tzan, berriz, egitasmo berri bat sor-tzen denean, bakarka gelaratzen dute profesionalek askotan eta oso gutxitan partekatu ohi da, modu sakonean behintzat, gelan gertatu dena. Zen-tzu honetan, irakaslearen lana oso bakartia da maiz. Praktika gogoeta-tsuaren bitartez, ordea, lehenik eta behin, behaketa lan bat egiten da, eta horretarako, besteak beste, kamara bidez grabatu dituzte saioak. Ondoren, grabatutako saio hauek, zikloko irakasle guztien artean ikusi eta aztertu egiten dira, praktika onak jaso eta hobetu daitezken alderdiak kontuan hartzeko. Autokonfrontazioa deitzen zaio lanketa honi eta, azterketa egin ondoren, hainbat erabaki hartzen dira: adibidez, denon artean osatutako dekalogoak sortu eta horiek betetzeko konpromiso kolektiboa hartzea. Askotan gainera, behaketak, eta ondorengo azterketak ere, erronka berriak detekta-tzeko balio izan du.

Adibide zehatzago batera joanda, Lehen Hezkuntzako bigarren zikloan, esaterako, Matematikaren arloan hizkuntzaren trataera eta dimentsioa aztertzen lagundu digu. Horrela, Innovamat material didaktikoa gelaratzeko garaian, gure estrategiak zehazteko aukera izan dugu. Hori egin aurretik, elkarrekintza didaktikoa diseinatu da, non hiru dimentsio kontuan hartu diren: kognitiboa (nola lagundu matematikako kontzeptuak uler-tzen), dimentsio soziala (adibidez, harremanak, irakaslearen rola gatazkak konpontzeko, parte har-tzea sustatzeko hartutako erabakiak…) eta dimentsio linguistikoa (nola lagundu euren ideiak euskaraz ongi adieraz ditzaten). Diseinu hori egin ondoren, praktikara eraman da geletan eta bideoz grabatu da irakaslearen jarduna. Jarraian, autokonfrontazioaren bitartez, bideo horiek aztertu dituzte irakasle taldean eta hainbat erabaki adostu dira, haien jarduna hobetzeko bidean.

Praktika gogoetatsuaren bidea ez da bi egunetan egiten. Prozesu bat da, laburra ez dena, eta ibilbide horretan oso garrantzitsua da irakasleek euren praktika eta sinismenak zalantzan jartzeko gaitasuna izatea. Abiapuntua hori izan behar baita. Bidenabar, oso ibilbide aberatsa da, gainontzeko kideengandik irakasle bakoitzak asko jasotzeaz gainera, elkarrengandik ikasteko kultura bat hedatzen duelako gure jardunean.

Ikasleekin ere landu da aurtengo ikasturtean Praktika Gogoetatsua. Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailan, taldeka, gai baten inguruko aurkezpenak prestatu behar zituzten eta ondoren, gelakideen aurrean aurkeztu. Horiek bideoan grabatu eta irakaslearekin, 3. mailako kasuan, eta gainontzeko ikaskideekin, 4. mailan, autokonfrontazio saioak egin dituzte, egokiak izan diren praktikak edo hobetu daitezkenak aztertu ondoren, azken aurkezpenari begira erabakiak hartzeko. Azken finean, auto-behaketatik ikastea da helburua, Jordi Mateuk, Hik Hasik apirilean antolatutako jardunaldietan esan bezala, “hezkuntzan dagoen gabezia handienetako bat, une honetan”.