Irakasleok 2024-25 ikasturtea formakuntza batekin hasi genuen. Iraila eta urria artean burutu genuen Mikel Fernandezen eskutik Ikas-Egoerak Programatzen ikasi Proiektu Bidezko ikaskuntzaren bidez prestakuntza. Gaur egungo irakaskuntzari eta LOMLOEk dionari erantzun nahian formakuntza beharrezkoa genuela iritzi genion eta hartutako erabakia oso aberasgarria izan zen. Lana modu “berri” batean egiteak kezkak sortzen zizkigun baina Mikelek gugan piztu zuen grina ikaragarria izan zen eta beldurrak uxatzen lagundu.
Ikasitakoa praktikara eramateko egoera erreal bat behar genuela eta urriaren 24ean ikasle guztiek egindako irteera bat hartu zen aitzakia gisa; Astigarragako Sagardoaren Etxera bisita. Han ikusi eta ikasitakoa erabili zen proiektua gorpuzteko. Lehenengo abiapuntua hori izanik, hurrengoa irakasle bakoitzak zegokion arloan, erronka gisa honako planteamentua egin zien ikasleei; gai izango ote gara gure etxekoei, herritarrei sagardoaren prozesua nolako den azaltzeko?
Lan mardula izan genuen irakasleok gure gelako lanketa erakusketa batean ongi islatzeko, bilerak, antolaketa, adostasunak, baliabideak bilatu eta guztia ikasleek ikasi behar duten gaitegiarekin uztartuz. Arlo desberdinak lantzeko aitzakia ederra izan zen; matematika, hizkuntzak, ingurune natural eta gizarte, musika, gorputz hezkuntza, plastika… Guztien lanketak batasun batean ikusi ziren erakusketa egunean.
Antolaketa lanak gureak izan baziren ere ikasleek egindakoa eta hainbat herritarren ekarpenei esker osatzen eta forma hartzen joan zen. Hiru-lau asteren buruan hasierako asmoa egi bihurtzeko esfortzua egin eta, azaroaren 29an herritarrei eskolara agertzeko gonbidapena bidali zitzaien.
Emaitza, ikaragarria izan zen. Gonbidapena herri guztira zabaldu zen eta hala, eguraldia lagun, komunitateko kide desberdinak agertu ziren; guraso, aito-amon, familiako kide eta lagun... Urtero ospatzen dugun Xalto Eguna aprobetxatu genuen aurkezpena egiteko eta nola ez bertso eta koplak izan genituen atal desberdinak aurkezteko abiapuntu. Eskolako kanpo aldeko sarrera 5 panelez osaturiko eremu desberdinez osatuta zegoen; panel bakoitza gaiaren zati bati lotuta. Hasiera txalapartarekin eman zen guraso eta herriko gazte baten eskutik. Ondoren Haur Hezkuntzakoek sagarraren hazkuntzaren prozesua kontatu ziguten panel batean egindako mural batean oinarrituta. LH 1-2koek sagar moten sailkapena egin zuten, sagardoa egiteko lehen pausuak zein diren kontatu eta baita Kirikoketa zer den azaldu ere. LH 3koek prozesu guztian behar diren tresnak zeintzuk diren erakutsi zizkiguten argazki nahiz objektu errealekin bai eta plastikan egindako eskulanekin ere. LH4koek Tolaretik Kupeleako prozesua azaldu zuten eta muztioaren dastaketa goxo gozoa eskeini! LH5-6koek sagardotegietako historia kontatu zuten eta DBHkoak aurkezle eta koplariak izan ziren. Guzti honen ondoren eta bukatzeko, Gorputz Hezkuntzan prestatutako Kalakan taldearen “Sagarra jo!” doinuarekin prestatutako koreografia eder bat ikusteko aukera izan genuen pilota plazan. Jendearen txalo zaparrada eta zorion agurrak hainbeste izan ziren non guretzat ikaragarria izan zela.
Mikelek gugan piztutako ilusioak bizia hartu zuen eta emanaldia bideo batean grabatu zen. Egindakoa laburbiltzen duen 3 minutu pasatxotako bideoa Mikeli eta familiaetara bidali zen eta jonekin bukaera eman zitzaion proiektuari.