Ikastetxeetan formazioa aipatzen denean irakasleriaren formazioa izan ohi dugu buruan normalean. Ez da arraroa, irakasleria etengabe ari baita formatzen arlo eta eremu desberdinetan. Hala ere, formazioa hezkuntza komunitate osoari dagokion gaia da eta hau argi dute Arangoiti Ikastolan, ikastetxeak indar berezia jartzen baitu familien formazioan bere plan estrategikoan zehazki jasotzen den bezala.

Maiatzaren 5ean argi tailerra izanen dugu.

Maiatzaren 5ean argi tailerra izanen dugu. Arangoiti Ikastola

Gauzak horrela, iaz, Arangoiti Ikastolak 2 urtetarako akordioa sinatu zuen Irunberriko Udalarekin herri mailako formazioak elkarrekin antolatzeko asmoz. Lankidetza honen helburua, herriko Gizarte Etxean, familiei zuzenduriko tailer eta hitzaldi ezberdinak eskaintzea izan zen, interesatutako edonorentzat irekiak izanik.

Familien kezkak eta proposamenak bildu ondoren hiru ardatz nagusi finkatu ziren Ikastola eta Udalaren artean: Heziketa emozionala, heziketa sexuala eta pantailen erabilera.

Heziketa emozionalaren atalean, haurrak hezteko baliabide eta tresnak eskaintzeko beharra antzeman ondoren, bi aditu gonbidatu ziren hitzaldi bana eskaintzera: Leticia Garces eta Aser Sesma. Bi hizlariek hezkuntza positiboa, alderdi emozionalak, arauak eta limiteak jorratu zituzten familien kezkak eta galderak erantzunez aldi berean.

Bestalde, atxikimenduaren gaiak garrantzi handia hartu zuen saio hauetan, haurrek gurasoekin edo erreferentziazko helduekin garatzen dituzten lotura afektiboak oinarrizkoak baitira haien garapen pertsonal zein sozialean. Adituen esanetan segurtasun, egonkortasun, autoestimua, enpatia eta komunikazio egokiak garatzeko ezinbestekoa da atxikimendu mota egokiak ezagutu eta sustatzea.

Heziketa sexualaren atalean, Edurne Paz sexologoarekin 2 proposamen ezberdin burutu ziren. Batetik, nerabeentzako sexu-heziketa tailerrak eta bestetik, 0-6 adinetako haurrak dituzten familiei zuzenduriko tailerra.

Nerabeen kasuan, 12-16 urte bitarteko gaztetxoendako 3 tailer praktiko burutu ziren. Partaidetza handiko saio hauetan gorputzaren ezagutza, hilekoa eta sexu harremanen ingurukoak jorratu ziren besteak beste, partaideen balorazio oso positiboak jaso zirelarik. 0-6 adinetako haurrak dituzten familientzako saioan berriz, heziketa sexualaren oinarriak jorratu ziren, gai hau “beranduago” landu behar denaren ideia okerra gaindituz.

Azkenik, pantailen erabileraren inguruko formazioei dagokionez, Patricia del Valle aditua izan zen Irunberrin. Honetan bereziki landu zen pantailen erabilera eta osasun mentalaren arteko erlazioa. Helduok pantailekin ditugun harremanak ere erdigunean jarri ziren, hausnarketarako hainbat gako mahaigaineratuz.

Kasu guztietan partaidetza handia izan zuten hitzaldi eta tailerrek, udalak eta ikastolak balorazio oso positiboa egin zutelarik.

Ikastola, formazio gune: Arangoitik herriari

Udalarekin egindako elkarlanaz gain, ArangoitiIkastolak0-6 adin tarteko haurrak dituzten familientzako formazio tailer ezberdinak abiatu ditu ikastetxean bertan Arangoitik herriari lelopean. Hauen helburua, familiek haien seme-alabekin batera gozatzeko askotariko proposamenak eskaintzea izan da. Horien artean haur literatura, txikien masajea edota jolasean materialaren aukeraketak duen garrantzia ekarri dira tailerretara.

Literaturaren kasuan Nora Uribeetxeberria 0-6 urte bitarteko haurren irakurketaz aritu zen gurasoentzako hainbat gomendio eskainiz eta haurrentzako ipuin kontaketa eginez.

Idoia Etxenausia txikienentzako masajearen tailerraz arduratu zen, honek garapen fisiko eta emozionalean duen garrantzia azpimarratuz eta ariketa praktikoak erakutsiz.

Jone Aretak materialak jolasean duen garrantziaz hitz egin zuen ezagutza sentsoriala, manipulazioa, erlazio sinbolikoak eta sormenerako proposamenak bere bitartez garatzeko ideia ugari eskainiz.

Argi tailerra

Datorren hilabetean Arangoiti Ikastolak argi beltzarekin esperimentatzeko tailerra antolatuko du Aranea, Agoizko Haur Eskolaren laguntzarekin. Jarduera honen helburua, Haur Hezkuntzako familiek eta haien haurrek, elkarrekin, argia eta material ezberdinekin esperimentatzeko espazioa eskaintzea izango da.