Estatuko 17-18 urteko hamar neskatik seik buruko mina, lo egiteko arazoak edo suminkortasuna pairatzen dituzte modu errepikakorrean. Nerabeen osasunari buruzko azken ikerlanak gazteen artean ondoez emozionalaren hazkunde kezkagarria erakusten du, lau urte eskasetan % 27,8tik % 38,5era igo baita. Zifrak bereziki kezkagarriak dira nesken artean, aipatu arazoetan mutilen zifrak hirukoizten baitituzte. Aldi berean, jarduera fisikoa jaitsi da eta mugikorraren eta pantailen erabilera problematikoa hazi da. Horiek dira Osasun Ministerioak ezagutzera eman dituen azken HBSC ikerlanaren (Health Behaviour in School-aged Children) ondorio batzuk. Ikerketak, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) babestuta eta Sevillako Unibertsitatearekin lankidetzan egina, 11 eta 18 urte arteko 33.630 neraberen lagin adierazgarri bat aztertzen du, horietatik ia 2.000 Nafarroako Foru Komunitatekoak direlarik. 2018an, hamar gaztetik ia hiruk (% 27,8) ondoez psikologikoa pairatzen zuten. Lau urte beranduago, 2022an, kopuru hori % 38,5era igo zen. Eta sexuaren araberako desparekotasunak bereziki deigarriak dira: mutilen % 25,2k ondoez mota hori adierazten duen bitartean, nesken kasuan, % 51,2raino igotzen da. Adinean gora egin ahala, egoerak okerrera egiten duela azaltzen du txostenak. Izan ere, 17-18 urtera iristean, nesken % 60,3k sintoma horiek aurkezten ditu, eta adin bereko mutilen kasuan, % 28,4k baino ez. Ondoez psikosomatikoak astean behin baino gehiagotan agertzen diren sintomak barne hartzen ditu, hala nola buruko minak, lo arazoak edo suminkortasuna. Txostenak hazkunde hori pandemiari lotuta egon daitekeela adierazten duen arren, datuek iradokitzen dute, beste herrialde batzuekin alderatuta, Estatuan pandemiaren eragina txikiagoa izan dela. Nerabeen % 27,3k uste du bere osasuna bikaina dela eta gehiengoak (% 53,5) ontzat jotzen du. Kasu honetan ere sexuaren araberako desparekotasunak agerikoak dira. Hiru mutiletik batek bere osasuna “bikaintzat” jotzen duen bitartean, nesken artean bostetik bakarrak du pertzepzio hori.

Gehiegizko pisua

Txostenak agerian uzten duenez, nerabeen elikadura ohituretan asko dago hobetzeko. Nerabeen % 54,8k bakarrik gosaltzen du egunero, eta % 16k baino ez du fruta jaten egunean behin baino gehiagotan. Barazkien eguneroko kontsumoa ere baxua da: % 23k bakarrik sartzen ditu horrelako elikagaiak eguneroko dietan. Hamar nerabetik batek gehiegizko pisua edo obesitatea du (% 18,4). Kontrakoa pentsa badaiteke ere, arazo horrek gehiago eragiten die mutil gazteei (% 21,8) neska gazteei baino (% 15). Gainpisuaren arazo honetan nabarmen eragiten duen aldagaietako bat maila sozioekonomikoarena da, baliabide gutxiagoko familietan gehiegizko pisua % 25era iristen baita, etxe aberatsetan % 14ra jaisten den bitartean. Paradoxikoki, gehiegizko pisuak mutilei gehiago eragiten dien arren, neskak dira beren gorputz irudiarekiko kezka handiagoa adierazten dutenak. 15 urtetik aurrera, pisua galtzeko dietak egiten dituzten nesken ehunekoa mutilena baino nabarmen handiagoa da. 17-18 urterekin, hamar neskatik lauk “lodiak” ikusten dute beren burua; mutilen kasuan, bik baino ez. Norberaren gorputzarekiko ezinegona lau aldiz handiagoa da neskengan (% 19,4) mutilengan (% 4,7) baino.

Sedentarismoa

Mutilen % 24,5ek eta nesken % 11,9k soilik egiten dute egunero, gutxienez, 60 minutuko jarduera fisiko moderatutik kementsura, OMEk gomendatzen duen bezala. Kasu honetan ere, adinean gora egin ahala, arazoak okerrera egiten du. Ariketa biziaren kasuan, datu orokorrak hobeak dira, baina sexuen arteko desparekotasuna, kasu honetan ere, azpimarratzekoa da. Izan ere, mutilen kasuan, erdiak, gutxienez, astean lautan horrelako jarduerak burutzen dituen bitartean, nesken kasuan kopurua hori % 25 ingurura jaisten da. Atsedenari dagokionez, gazte gehienak ez dira gomendatutako gutxienekora iristen. 11-12 urteko nerabeen erdiak baino gutxiagok (% 44,1) lo egiten ditu astean zehar bere adinerako gomendatutako orduak, ehuneko hori % 23,4ra jaisten delarik 17-18 urteko gazteen artean.

Alkohola, tabakoa eta babesik gabeko sexua

Nahiz eta nerabeen ia erdiak (% 49,6), gaur egun, alkoholik kontsumitzen ez duela adierazi, zifrak nabarmen aldatzen dira adinean gora egin ahala. 17-18 urterekin, sei gaztetik batek alkohola kontsumitzen du astero eta hirutik bat mozkortu da azken hilabetean. Eguneroko tabakismoak adin talde horretako nerabeen % 13,3ri eragiten dio, eta % 12,1ek zigarro elektronikoak erabili ditu azken hilabetean. Sexu harremanei dagokienez, 15 eta 18 urte arteko hiru nerabetik batek (% 34,8) harremanak izan ditu, baina bi herenek bakarrik erabili zuten preserbatiboa beren azken harremanean. Eta % 15ek “txapapera botatze” delakora jo zuen antisorgailu metodo gisa. Ikerketak ere agerian uzten du 15 eta 18 urte arteko nesken % 2,9 inoiz haurdun egon dela.

Teknologien erabilera

Lehenengoz, HBSC ikerketak komunikabide elektronikoen erabilera xehetasunez aztertu du. Emaitzek adierazten dutenez, nerabeen ia heren batek (% 32,4) teknologia horien erabilera intentsibo bat egiten du bere harreman sozialetan, eta % 9,3k bere eguneroko bizitzan negatiboki eragiten duen erabilera problematikoa adierazten du. Neskek erabilera intentsiboagoa (% 36,3 mutilen % 28,5aren aurrean) eta problematikoagoa (% 10,9 % 7,6aren aurrean) azaltzen dute. Gailurra 13-14 urteko nesken artean lortzen da, non hamarretik ia lauk erabilera intentsibo bat egiten duten eta zortzitik batek, erabilera problematiko bat.

Balioak

Ikerketak nerabeek ingurumenarekiko konpromiso handia dutela erakusten du. % 68,1 ingurumena babesteko lege zorrotzagoak ezartzearen alde agertzen da eta % 36,4k adierazten du bere bizimoduetan aldaketa esanguratsuak egin dituela ingurumenari mesede egiteko. Gainera, nerabeen laurden batek boluntariotza, osasun komunitarioa edo bere inguruneko arazoen konponketan inplikatzeko asmoa adierazten du. Gizarte aldaketen gainetik, familia oraindik ere gazteen euskarri nagusia da, nahiz eta bere eragina adinarekin txikitzen den. Eskola eremuan, hamar ikasletik lauk irakasleen babesa sentitzen dute, eta hamarretik hiruk baloratzen dute positiboki irakasleekiko harremana. Eta eskola jazarpena, gutxiengoa izan arren, mantentzen da: nerabeen % 4,4k jazarpen tradizionalaren biktima bezala aitortzen du bere burua eta % 1,8 ziber-jazarpenarena, ikasgeletan desagerrarazten ez den arazoa islatzen duten kopuruak.