Jakina da gaur egun hezkuntzak erronka handiak dituela esparru desberdinetan. Eskola bakoitzak bere ezaugarri, testuinguru eta baliabideen arabera, ahalik eta biderik egokienak bilatu behar ditu ikasleei kalitatezko hezkuntza bat eskaintzeko.

Urdiain zein Iturmendiko Herri Eskolek, beraien testuinguru eta egoerengatik, metodologia berritzaileak erabiltzera bideratzen dituzte beraien ikas-irakas aldiak.

Ikas-komunitatea

Duela urte batzuk, bi herrietako eskolak prozesu eraldatzaile batean murgildu ziren eta ikas-komunitate gisa lan egiten hasi ziren. 

Ikas-komunitate kontzeptua hezkuntza eta gizartea eraldatzeko proiektua da, eskolan hasi eta bere ingurura zabaltzen dena. Ikasleek, irakasleek, familiek, bolondresek eta gainontzeko herritarrek osatzen dute sare hau. Agente edo eragile guzti hauen benetako parte-hartzea bultzatzen duen ikastetxea da.

Helburua ikasleen garapen integrala eta ongizatea bultzatzea da, hainbat ekintza arrakastatsutan oinarrituz. Ikasleen maila akademikoan, elkarbizitzan, garapenean eta baloreetan eragina du. 

Ikas-komunitateen egitura eta kontzeptua ez da berria, oinarri zientifiko sendoa du. 

Maila anitzeko irakaskuntza

Eskola txikiak izanik, adin eta maila desberdinetako ikasleak elkarrekin daude taldeetan. Hiru komunitatetan banatuta daude: Txikien Komunitatea, Ertainen Komunitatea eta Handien Komunitatea. 

Horrela, txikienek helduagoak erreferente gisa edukiko dituzte, eta alderantziz. Urteen buruan, txikienak izatetik zaharrenak izatera igaroko dira, beraien rolak aldatuz. Modu honetan ikasketa prozesua eragiten dute elkarren artean, beraien artean estimulatuz. Beraz, adin desberdinetako haurrak elkarrekin egotearen onurak anitzak dira.

Ekintza arrakastatsuak eta metodologia berritzaileak

Eskola txiki eta ikas-komunitate gisa, eskola hauetan egiten diren hainbat ekintza aipa ditzakegu: ikasleekin asanbladak (kide guztiak elkarrekin, denen ekarpenak bilduz eta elkarrekin eztabaidatuz eta erabakiak hartuz), talde elkarreragileak (herriko bolondresen laguntzaz, jarduera kooperatiboak aurrera eramanaz), solasaldi dialogikoak (liburu baten irakurketarekin, kolektiboki ezagutzak gureganatuz), familiekin tertuliak eta jardunaldiak (irakasle eta familiek osatutako espazioa, elkarrekin hausnartuz eta eztabaidatuz), tailerrak (komunitate desberdinetako ikasleak elkartuz) eta abar.

Horrez gain, ikasleak ahalik eta modu autonomoenean lan egitera bultzatzen dituen metodologia berritzaileetan oinarritzen da eguneroko jarduna. 

Naturan murgilduta

Gelatik irten ere egin gabe, berdegunea, mendia eta animaliak ikusteko aukera dute ikasleek. Patioan, berriz, zomorroekin jolasteko aukera, loreak usaintzekoa, eskuak lokatzez zikintzekoa eta putzuetan salto egitekoa. 

Landa eremuan egoteaz baliatuz, inguruko espazio naturaletara eta basora edo mendira joateko ohitura ere badute jarduera desberdinak egitera.  

Garapen motorerako, kognitiborako eta emozionalerako onurak dakartza honek. Ikasleak naturarekin kontaktuan egoteak daukan garrantzia izugarria da.

Eskola txikiak, amets handiak Hasieran aipatu bezala, erronka handiak ditu gaur egungo euskal eskola publikoak. Landa eremuko eskola txikiok, bidean jarraituko dugu gizartea eta sistema aldatu nahian. Segi dezagun lanean!