Ezkaba ikastetxea, izen bera duen mendiaren magalean egonik eta Memoria duten eskolak sarean murgildua dagoenez, 6. mailako ikasleek, urtero, Ezkaba mendian dagoen gotorlekuaren inguruko gaia jorratzen dute, bertan gertatutakoa ezagutu eta ez ahazteko helburuarekin.
Azken urteetan, gaiaren lanketa ikasgelatik haratago zabaldu da, espazio berriak ezagutuz eta agente desberdinekin harremanak sortuz. Hau horrela izanik, urteren batean gotorlekua bisitatzeko aukera izan dute Ezkabako ikasleek, eta iaz, lehenengo aldiz, Urepeleko ikastetxeko irakasle eta ikasleak etorri ziren Antsoainera, hiru egunetan zehar ekintza desberdinak burutzera.
GR 225 ibilbidea, Ezkabako gotorlekutik 1938ko maiatzaren 22an ihes egin zuten presoen bidea jarraituz sortu zen, eta Ezkaba eta Urepel elkartzen ditu. Horregatik, ikasleekin GR hori egitea polita izango zela pentsatu zuten zenbait irakaslek.
Beraz, irailan zehar irteeraren prestakuntzan buru belarri sartu ziren: Erroko udaletxearekin harremanetan jarri, otorduak prestatzeko behar diren tresnak eta jakiak aurreikusi, etab.
Azkenean eguna iritsi zen. Goizean goiz eskolan elkartu eta Ezkaba mendira autobusez igo ziren. Bertan, gotorlekuari buruzko azalpenak entzun, ingurua ikusi eta botilen hilerria bisitatu zuten. Gero, banatutako mapa eta iparrorratzekin bidea aztertu eta oinez joan ziren Orrioraino (5km). Bertan autobusa hartu eta Zubirira joan ziren.
Zubiritik Leranotzera mendiz igo ziren, bertan Ezkabako gotorlekutik ihes egin zuten bi galiziarren desobiratzea egin baitzuen Aranzadi elkarteak, eta toki hori bisitatzeko probestu zuten. Bazkaldu eta gero Saigotseraino heldu, eta bertatik Sorogainera autobusez joan ziren.
Bigarren egunean, Sorogain eta Urepel artean dauden 10 kilometroak oinez egin zituzten. Urepelen, bertako ikastetxeko irakasle eta ikasleek harrera egin zieten eta denen artean Xalbadorren heriotzean abestu zuten.
Behin eskolara itzulita, soberan geratutako janariarekin zer egin pentsatu zuten. Hausnarketa egin eta gero, Paris 365 elkartearekin harremanetan jarri eta eskolara etorri ziren haien lana azaltzera eta janaria eramatera.
Lan polita, hunkigarria eta aberasgarria urtero Ezkaba ikastetxeko 6. mailako ikasleek egiten dutena.
Ezkaba ikastetxeak eskerrak eman nahi dizkie Erroko udalari, Urepeleko herri ikastetxeko ikasle eta irakasleei eta Paris 365eko kideei.