“36 urte irakasle izan naiz eta horietatik 26 urte Elorrin”
Elorri Ikastetxe Publikoko 6. mailako ikasleek, aurten jubilatuko den Ana Azpiroz irakasleari egin diote elkarrizketa. Hauxe kontatu digu.
Zergatik erabaki zenuen irakasle izatea? Argi zenuen txikitatik irakasle izan nahi zenuela?
–Betidanik haurrak asko gustatu zaizkidalako. Txikia nintzenean argi neukan irakasle izan nahi nintzela. Nire panpinak sofan jartzen nituen eta irakasle izatera jolasten nintzen.
Haur Hezkuntzako irakaslea izan zara beti? Beti D ereduan ibili zara irakasle?
–Ia-ia beti. Bi urte eman nituen A ereduan irakasle. Maila guztietan euskara ematen nuen. Ondoren, beti D ereduan eta Haur Hezkuntzan ibili naiz.
Elorri eskolan zenbat urte eman dituzu irakasle?
–Aurtengoa 26. urtea izango da Elorrin lanean nagoela, aurretik beste 10 urte ibili nintzen beste eskoletan. Elorrin oso gustora egon naiz batez ere lankideekin, oso giro ona izan dugu eta giro hau ere haurrei transmititzen diegu.
Zenbat eskoletan egon zara lanean?
–Ez ditut zenbatu baina nahiko eskoletan egon naiz: Iturraman, Burlatan, Aurizberrin, Auritzen, Gareseko eskolan, Ziraukin…
Aholku bat emango bazenion zure “ni” gazteari irakasle hastean, zein izango litzateke?
–Haurrak entzutea eta beraien interesak zeintzuk diren piska bat aztertzea, eta horiek gure lanaren abiapuntua izatea. Ikaskuntza prozesuan hobe laguntzeko eta prozesua positiboagoa izateko.
Hasi zinenetik hona, nola aldatu da irakaskuntza?
–Batez ere metodologian, lan egiteko moduan. Lehen irakaslea zen irakaskuntza zentroa eta gaur egun aldiz haurren beharrak, interesak eta nahiak kontutan hartzen ditugu. Horiek dira ikaskuntzaren erdigunean jartzen ditugunak orain.
Haur Hezkuntzako irakaslea zara, zer nahigo duzu 3 urtetan egon edo 5 urteetan?
–Normalean talde batekin hasten gara 3 urte dituztenean eta 5 urte arte egoten gara. Adin bakoitzak badu bere xarma, 3 urtekoak hasten direnean oso txikiak dira eta autonomia nola lortzen ikustea oso polita da. 5 urteetan ikasteko eta lan egiteko gogo handiagoa dute eta proiektu eta gauza gehiago egiteko aukera ematen dizu. Hala ere, 3 urteko geletako hasierak bereziki gustuko ditut.
Oroitzapen bat azpimarratu nahi izatekotan zein izango litzateke?
–Haurren aurpegiak ipuinak kontatzerakoan ez ditut ahaztuko. Baina gogoan dut bat, bereziki. Urte batean sorginen proiektu bat lantzen ari ginen. Bukatzeko jarduera, edabe magikoa prestatzea zen. Edabe magikoa edanda ez genekien zer gertatuko zen eta bada ez bada sorginkeria hausteko “leloa” idatzita genuen. Edabea nik edan nuen eta sorginduta nengoelaren antzerkia egiten hasi nintzen. Denak barrez hasi ziren, baina neska bat izutu egin zen ni horrela ikusita, eta azkar altxatu, leloa hartu eta irakurtzen hasi zen, irakurtzen jakin gabe! Zer den beharra!
Zer da faltan botako duzuna eskolatik?
–Haurrak botako ditut faltan. Haurren irrifarrak, haien maitasuna eta batez ere dituzten burutazioak.
Etapa berria hastera zoaz, zer egiteko asmoa duzu?
–Ez dut pentsatu oraindik, hasieran lasai egongo naiz, teknologia alde batera utzita, batez ere ordenagailua. Baina ondoren bidaiatzea gustatuko litzaidake.