Basoak eta fauna basatia desagertzeak eltxoen dieta aldatzen ari da eta, ondorioz, intsektu horiek gizakien odolaz elikatzeko gero eta joera handiagoa erakusten dute. Brasilgo baso atlantikoan egin den azterlan batean ikusi ahal izan denez, eltxoek beren elikadura-ereduak aldatzen dituzte deforestazioak animaliak beren habitatetik kanporatzen dituenean. Ikertzaileek ohartarazi dutenez, fenomeno horrek areagotu egiten du denge, zika edo sukar horia bezalako gaixotasunen transmisioa emateko arriskua.

‘Frontiers in Ecology and Evolution’ aldizkarian argitaratutako ikerketak Rio de Janeiro estatuko Sitio Recanto eta Guapiaçu erreserba naturaletan harrapatutako bi eltxo mota aztertu ditu. Emaitzek azaldu dutenez, harrapakin naturalen eskasiak odol-iturri berriak bilatzera behartzen ditu intsektu hauek eta gizakiak bilakatu omen gara haien helburu ohikoena.

Brasilgo baso atlantikoa herrialdeko kostaldean zehar zabaltzen da eta bizi-aniztasun ikaragarria du: ehunka hegazti-, anfibio-, narrasti-, ugaztun- eta arrain espezie. Hala ere, hiri-garapenak ekosistema hori, gutxi gorabehera, jatorrizko tamainaren heren batera murriztu du. Paisaiaren eraldaketa drastiko horrek espezieen arteko harremanak aldatu ditu eta eltxoak gizakia nagusi den ingurunera egokitzera behartu ditu.

Odolaren azterketa genetikoa

Intsektu horiek zer jaten zuten zehaztu ahal izateko, zientzialariek argi-tranpak erabili behar izan dituzte. Horiei esker, 52 espezie ezberdineko1.714 eltxo harrapatu zituzten. Horietatik, 145 odol berria zeramaten eltxo emeak ziren. Ikerketan eltxo arrak eta emeak bereiztu dituzte eta odoletik animalia horien DNA atera dute, barra-kode biologiko gisa funtzionatzen duen berariazko gene bat aztertzeko. Ornodun espezie bakoitzak markatzaile genetiko horren bertsio propioa du eta, horri esker, zehaztasunez identifikatu ahal izan zuten eltxoak zer animaliaren odolaz elikatu ziren.

Analisien arabera, 24 eltxo 18 gizakiren, anfibio baten, sei hegaztiren, txakur baten eta sagu baten odolaz elikatu ziren. Zenbait kasutan, dieta mistoak ere hauteman dira. Adibidez, Coquillettidia venezuelensis espezieko eltxo batean anfibio baten eta gizaki baten odola aurkitu zuten. Coquillettidia fasciolata espezieko zenbai eltxotan, berriz, karraskarien, hegaztien eta gizakien odol-arrastoak antzeman dituzte.

Faktore nagusia

“Eltxoen portaera konplexua da” azaldu du ikerketaren egile nagusia den Rio de Janeiro Institutuko biologo Jeronimo Alencarrek. “Espezie batzuek berezko gustuak izan ditzaketen arren, ostalarien eskuragarritasuna eta hurbiltasuna dira faktorerik eragingarrienak” azaldu du.

Deforestazioaren eraginez baso atlantikoa murrizten doan heinean eta gizakiak eremu basotsuetarantz zabaldu ahala, landare eta animalia asko desagertu egiten dira lurralde horietatik. Biodibertsitatearen galera horren ondorioz, eltxoek beren nutrizio-ohiturak aldatu dituzte eta gero et gehiago hurbiltzen dira gizakiengana.

“Baliabide natural gutxiago izanik, eltxoek odol-iturri berriak bilatu behar izan dituzte eta, beraz, komeni zaienez, gizakien odolaz ere elikatzen dira, eremu horietan anfitrioi ugarienetako bat direlako”, azaldu du Rio de Janeiroko Unibertsitate Federaleko zientzialari Sergio Machadok.

Osasun publikorako arriskua

Portaera-aldaketa horrek zuzeneko ondorioak ditu giza osasunean. Aztertutako eskualdeetan, eltxoek gaixotasun ugari transmititu dituzte: sukar horia, dengea, zika edo chikunguña sukarra, besteak beste. Infekzio horiek osasun-arazo larriak eragin ditzakete eta epe luzera ondorioak utz ditzakete.

“Baso atlantikoa bezalako ingurune batean, balizko ostalari ornodun aniztasun handi batekin, gizakiekiko lehentasun horrek nabarmen handitzen du patogenoen transmisiorako arriskua” azaldu du Machadok.

Datu gehiagoren beharra

Azterlanak datuetan zenbait muga daudela onartzen du. Adibidez, odola agerian zeramaten eltxoen tasa txikiegia izan zen, % 7tik behera. Horrez gain, odol-dieta identifikatu ahal izan zen kasuen kopurua % 28ra baino ez zen iritsi.

Kopuru horiek agerian uzten dute ikerketa zabalagoak eta zehatzagoak egin behar direla, odol-dieta mistoak hautemateko metodo hobetuak barne.

Muga horiek gora behera, eltxoen portaera ulertzea funtsezkoa dela deritzote ikertzaileek, transmititzen dituzten patogenoen dinamika ekologikoa eta epidemiologikoa ulertzea ahalbidetuko duelako.

Prebentziorako tresna

Ikerketa honen aurkikuntzek gaixotasunak dituzten eltxoak kontrolatzeko politika eta estrategia eraginkorragoak garatzen lagun dezakete, baita etorkizuneko agerraldiak aurreikusten eta prebenitzen ere. “Inguru bateko eltxoek gizakienganako lehentasun handia dutela jakiteak transmisio arriskuaren alerta gisa balioko luke” amaitu du Machadok.

“Honek zaintza eta berariazko prebentzio-ekintzak ahalbidetzen ditu” gehitu du Alencarrek. “Epe luzera, ekosistemen oreka kontuan hartzen duten kontrol-estrategiak ekar ditzake horrek”.

Funtsean, ikerketak egiaztatzen du habitat naturalen suntsiketak isilean birmolda dezakeela gaixotasunen dinamika. Ildo berean, biodibertsitatea zaintzaren garrantzia ere azpimarratzen du, ez bakarrik arrazoi ekologikoengatik, baita osasun publikoa babesteko neurri gisa ere.