Síguenos en redes sociales:

Bilobak zaintzen dituzten aiton-amonek narriadura kognitibo txikiagoa jasaten dute

Ikerketa baten arabera, eskolako etxekolanetan laguntzea, bilobekin jolastea edo eskolatik jasotzea aldizkako memoria hobearekin eta hitz-jario handiagoarekin lotzen da

Bilobak zaintzen dituzten aiton-amonek narriadura kognitibo txikiagoa jasaten dute

Eskolako etxekolanetan laguntzeak, janariak prestatzeak, haurrak eskolatik jasotzeak edo, besterik gabe, haiekin jolasteak, adineko pertsonen garuna babesten du. Amerikako Estatu Batuetako Psikologia Elkartearen ‘PsychologyandAging’ aldizkarian argitaratu den ikerketa berri batek ondorioztatu duenez, bilobak aldizka zaintzea bezalako jarduera sinpleek adineko pertsonei lagun diezaiekete hitz egiterakoan jario hobea izaten edo iraganeko gertaera pertsonalak gogoratzeko memoriahobea izaten.

“Aiton-amona askok arreta eskaintzen diete bilobei eta horrek familiak eta gizartea babesten ditu modu zabalago batean”, azaldu du Herbehereetako Tilburg Unibertsitateko FlaviaChereches ikertzaile nagusiak. “Kontua da zaintza horrek aiton-amonei ere onura egiten dien ala ez. Ikerketa honetan, galdera hori erantzuten saiatu gara, besteak beste narriadura kognitiboa moteltzen laguntzen duen ala ez aztertuz” azaldu du Cherechesek.

Horretarako, ikertzaileek 2016 eta 2022 urteen artean batez beste 67 urte zituzten 2887 aiton-amonen informazioa biltzen duen zahartzeari buruzko Luzetarako Azterketa Ingelesaren datuak aztertu zituzten.Parte-hartzaile guztiek, hasieran, osasun mental ona zuten eta modu independentean bizi ziren. Prozesuan zehar hainbat galdetegi erantzun behar izan zituzten eta hirutan proba kognitiboak egitea eskatu zitzaien.

Adibidez, galdetegi batean, azken hamabi hilabetetan bilobaren bat zaindu ote zuten galdetu zitzaien, zein maiztasunez egin zuten eta zein jarduera mota egiten zituzten, hala nola, eguneroko zereginak, eskola-laguntza, jokoak, ikastetxerako joan-etorriak edo, gaixorik egotekotan, gaueko zaintzak.

Ikerketa taldearen lanak erakusten bilobak zaintzen dituzten horiek emaitza hobeak lortzen dituztela oroimen eta hitz-jario probetan. Onurak berdin irauten du jardueren maiztasuna edo mota edozein dela ere, baina amonek babes handiagoa izaten dute narriadura kognitiboaren aurke, denborak aurrera egin ahala.

Memoria eta hitz-jario hobea Lehen urrats batean, ikertzaileek zaintza lanak egiten zituzten eta egiten ez zituzten aiton-amonak alderatu dituzte. Ondoren, zaintza lanak egiten zituzten horiek zehaztasunez aztertu dituzte, zainketaren maiztasunak, jarduera zehatzek edo zeregin horien aniztasunak maila kognitiboetan eta narriaduran eraginik ba ote zuten ulertzeko.

Emaitzek erakutsi dutenez, zaintza lanak egiten dituzten aiton-amonek zaintza lanak egiten ez dituzten horiek baino emaitza hobeak lortzen dituzte iraganeko gertaera pertsonalak gogoratzea ahalbidetzen duen memoria episodikoan eta hitz-jarioan. Gainera, alde hori berean mantentzen zen adina, osasuna eta beste aldagai batzuk doitu ondoren ere.

Parte-hartzaileen % 56 inguruk bilobak urte osoan zehar zaintzen dituela adieraz zuen. Gaitasun hobeekin gehien erlazionatu ziren berariazko jarduerak honako hauek izan ziren: jolastea, eskolako etxeko lanekin laguntzea eta bilobekin denbora ematea. Haurrak ikastetxetik maiz jasotzen zituzten aiton-amonek ere hitz-jario handiagoa erakutsi dute.

Bilobentzat janaria prestatzea, behar denean prest egotea eta eguneroko beste zeregin batzuk ere hitz-jario hobearekin lotzen dira. Jarduera horiek sarriago egiten dituztenek solasaldi arinagoak izateko joera handiagoa dute.

Amonek babes handiagoa dute Aitona zein amona zaintzaileek, zaintzaile ez zirenek baino gaitasun kognitibo hobeekin ekin zioten azterketari, baina denbora aurrera egin ahala amonek bakarrik azaldu zuten narriadura motelago bat. Ostera, aitona zaintzaileek zainketa lanak egiten ez zituzten horien maila berean ‘jaitsi’ ziren.

Ikertzaileek azaldu dutenez, amonek modu ezberdinean elkarreragiten duten beren bilobekin. Amonek zaintza lanak egiteko joera handiagoa izan ohi dute eta gehiago inplikatzen dira zaintza fisiko zein emozionaletan; aitonak, berriz, aisialdiko jarduerez arduratzen dira gehienbat. Amona zaintzaileek oroimen garbiagoa eta hitz-jario hobeak zituzten ikerketaren hasieran eta denboran aurrera egin ahala gaitasun horiek motelago narriatzen ziren bilobak zaintzen ez zituzten horiekin alderatuta.

Zaintzaren garrantzia Ikerketaren beste aurkikuntza deigarrienetako bat da aiton-amona zaintzailea izatea erabakigarriagoa dela funtzionamendu kognitiborako zaintzak emateko maiztasuna edo bilobekin egiten ziren jarduera zehatzak baino.

“Deigarriena izan zen aiton-amona zaintzailea izateak funtzionamendu kognitiborako aitona-amonek zaintzen zuten maiztasuna edo bilobekin zehazki zer egiten zuten baino garrantzitsuagoa ematen zuela”, dio FlaviaCherechesek.

Zaintzaren maiztasunak ez zuen aurreikusi aitona-amona zaintzaileen funtzionamendu kognitiboa. Hala ere, hasieran maila kognitibo altuagoak zituzten aitona-amonek gehiago parte hartu zuten berariazko jardueretan, eta zeregin gehiagotan parte hartu zuten.

Hazkuntzan parte hartzearen esperientzia Biloben zaintzarekin lotura duten onurak ez lirateke maiztasunarekin edo egiten diren berariazko jardueren araberakoak izango, baizik eta haurren hazkuntzan parte hartzearen esperientzia zabalagoaren araberakoak. Hori da, hain zuzen ere ikerketaren egileek planteatzen duten ideia.

“Ikerketa gehiago egin beharko lirateke aurkikuntza hauek erreplikatzeko. Hala ere, aiton-amonek egiten duten zaintzarekin lotura duten onurak badaude, horiek egiten diren berariazko jardueren araberakoak baino, haurren hazkuntzan parte hartzearen esperientzia zabalagoaren araberakoak izango lirateke” azaldu du Cherechesek.

Ikertzaileek azpimarratzen dute garrantzitsua dela ikertzen jarraitzea familia-testuinguruaren eta beste aldagai batzuen ondorioak aztertzeko. Zaintza gertatzen den ingurunea ere aintzat hartu beharreko aldagaia izan daiteke. Izan ere, laguntza eskaintzen duen familia-giroan zainketak borondatez emateak eragin ezberdinak izan ditzake aiton-amonentzat ingurune estresagarriago batean egitearekin alderatuta. Babesgabe sentitzeak edo zaintza borondatezkoa ez dela edo zama bat dela pentsatzeak emaitzak alda litzake.

Gaur egungo gizartean, aiton-amonen zeregina funtsezkoa da biloben zaintzan, gurasoei lana eta familia uztartzen laguntzen dielako. Ikerketa honek iradokitzen duenez, gurasoei ez ezik, aiton-amonei ere onura egiten die, bereziki, garunaren osasunari, zahartzearekin izan ohi den narriadura kognitiboa moteltzen duelako.