Txikitatik futbolari lotuta bizi izan da Jaione, lehenengo jokalari bezala eta orain entrenatzaile lanetan. Nafarroako nesken futbola nola aldatu den ondo daki.
Nola irudikatzen duzu Jaione txikia ikastolako patioan?
Lehenengo eskerrik asko gonbidatzeagatik, ilusio handia egin dit. Futbolean aritzea asko gustatzen zitzaidan, baina egia esan, gutxitan jolasten nuen. Ikastolan nire lagunak ez ziren futbolean aritzen eta, haiekin egon nahi nuenez, jolasteari utzi egiten nion. Hala ere, zortzi urtetik aurrera, ikastolatik kanpo futbolean aritzeko beste leku batzuen bila hasi nintzen, barruan nuen gogoa asetzeko.
Garai hartan zailtasun asko izan zenituen talde bat aurkitzeko. Nolakoa izan zen prozesu hori?
Asko kostatu zitzaidan. Nire gurasoak ez ziren oso futbolzaleak eta ez zuten mundu hori ezagutzen. Tuteran hasi ginen bilatzen eta ez zegoen modurik; ez zegoen neska talderik. Saskibaloian aritzea eskaini zidaten, baina nik futbola nahi nuen. Azkenean, San Julian eskolako talde batean sartu nintzen, ni baino bi edo hiru urte gazteagoak ziren mutilekin.
Zer sentitu zenuen, azkenean, zu baino gazteagoak ziren mutilekin jokatzeko aukera iritsi zenean?
Hasieran ilusioa, jolastu ahal nuelako. Baina gero, arraro eta deseroso sentitzen nintzen: neska bakarra nintzen, eta, gainera, helduagoa. Oso ongi tratatu ninduten, baina ez nintzen erabat eroso sentitu egoera hartan.
CD San Javier taldean Tuterako nesken lehen Futbol 7 taldea sortu zenuten. Zer garrantzi izan zuen horrek zuretzat?
Esperientzia oso positiboa izan zen. Hiru neska ginen eta haietako baten aitak talde bat sortzea proposatu zigun, baina neska gehiago behar genituen. Bilatzen hasi eta lortu genuen. Tuterako lehen neska taldea izan zen eta harrotasun handia ematen dit horrek; orain, San Javierrez aparte, talde askoz gehiago daude orain aukeratzeko.
Hainbat taldetatik igaro zara: Ardoi, Castejon, Lourdes... Zer ikasi duzu etapa horietan guztietan?
Talde batetik bestera joateak jende berria ezagutzeko eta egoera berrietara moldatzeko aukera ematen dizu. Iru–era ikastera joan nintzenean Ardoien jokatu nuen. Tuterara itzultzean, San Javierreko taldea desegin zenez, Castejonera joan nintzen Futbol 11n aritzeko. Geroago, Lourdesen nesken lehen Futbol 11 taldea sortu zenean, hara mugitu nintzen berriro.
Futbol zelaian ez ezik, areto futbolean ere aritu zinen Union Tuteran. Zer alde nabarituko zenuke bi modalitateen artean?
Oso desberdinak dira. Areto futbola saskibaloiarekin edo eskubaloiarekin konparatzen dut nik: pista txikiagoa da eta oso azkar pentsatu behar duzu. Niri hori asko kostatu zitzaidan, baloiarekin pentsatzeko denbora gehiago behar nuen eta. Hala ere, mundu zoragarria iruditu zitzaidan.
Union Tuteran bizitakoa berezia izan dela diozu. Zergatik?
Esperientzia indartsua izan zen nire lagunekin nengoelako. Txikitan ez nuen hori bizi izan, nire lagun-minak ez baitziren futbolzaleak. Union Tuteran, taldekideak eta lagunak batzea lortu nuen, eta helduaroan horrelako giro bat sortzea asko eskertzen da.
Noiz eman zenuen jokalari izatetik entrenatzaile izaterako jauzia?
Konbentzitu ninduten! Hasieran ez nuen nire burua gai ikusten, ez nuelako futbola modu teorikoan ikasi, bizi bakarrik. Lourdesen laguntzaile gisa hasi nintzen talde txiki batekin, eta pixkanaka “engantxatu” egin nintzen.
Fundación Osasunan aniztasun funtzionala duten gazteekin lan egin duzu Torre Monreal eskolan. Zer eman dizu pertsonalki?
Asko ikasi dut. Aurreiritziengatik, pentsatzen dugu zailtasunak dituzten pertsonak ez direla gai izango gauzak egiteko. Baina beraiek ikustean, kristoren zailtasunekin jokatzen eta gozatzen, asko ikasten duzu bizitzaz.
Gaur egun Nafarroako azpiko 12 urteko nesken hautatzailea zara. Zein da zure erronka nagusia?
Ikasten eta hobetzen jarraitzea. Albistea jaso nuenean oso pozik jarri nintzen, baina badakit ardura handia dela. Nafarroan, ehunka neska ari dira jokatzen adin horretan, eta horietatik 73 deitu ditut entrenatzera, eta Espainiako txapelketara joateko 12 edo 14 bakarrik aukeratu ditzaket. Hori da zailena, maila oso altua baitago.
Nola ikusten duzu nesken futbolaren bilakaera gurean?
Asko aldatu da. Lehen talde bat “bilatu” egin behar zenuen; orain, neskek aukera asko dituzte Tuteran (Lourdes, San Javier, Tudelano...). Nafarroa mailan, lehen zegoenarekin konformatu behar zinen hautaketa egiteko; orain, neska guztiek dute gaitasun handia eta zaila da deialdia egitea.
Zer mezu bidaliko zenieke futbolean hasi nahi duten neskei?
Gozatzeko. Nesken futbola oso osasuntsua da gaur egun, eta giro polit hori mantendu behar dugu. Etorkizunari begira, uste dut aukerak handitzen joango direla eta bidea beti izango dela aurrerantz.